Akusazioak ukatu dituzte Bajok eta Gaztelu-Urrutiak

2018ko urriaren 23a
00:00
Entzun
GASTEIZ.De Miguel auziaren atzoko saioan, legez kanpoko komisioak kobratzeko sare bat gidatzeaz akusatutako Aitor Telleria eta Koldo Otxandiano EAJko kide oihen emazteek deklaratu zuten. Araceli Bajok eta Iratxe Gaztelu-Urrutiak, hain zuzen ere. Haien senarrek egin bezala, leporatzen zaizkien delituak ukatu zituzten biek.

Bajok eta Gaztelu-Urrutiak ziurtatu zutenez, ez zuten parte hartu Kataia Consulting enpresaren kudeaketan, eta beren senarrek hala eskatu zietelako onartu zuten enpresaren sortzaile izatea. Bi akusatuei Kataia enpresaren kudeaketan parte hartzea leporatzen zaie, eta enpresa hori kontratu publikoak komisioen truke esleitzeko sare baten ardatza dela dio akusazioak. 21 urte eta erdiko espetxe zigorra eskatzen dute haietako bakoitzarentzat.

Bajok adierazi zuen Kataiari eskaini zion denbora haren sortze dokumentua sinatzeko erabili zituen zazpi segundoak besterik ez zela izan. Gainontzean, bere lanean etxeko kontuetan eta haurren zaintzan jardun duela. «Ez dut merezi sinadura batengatik jasaten ari naizena», adierazi zuen.

Gaztelu-Urrutiak esan zuen Amurrioko notariotzara lau bidaia egin zituela Kataiarekin lotuta, eta enpresaren estatutuak eraman zituela merkataritza erregistrora. Horretara mugatu zuen bere parte hartzea. Dena den, aitortu zuen Ipar Kutxako kontu batetik 30.000 euro atera zituela behin, De Migueli eskura emateko. Haren esanetan, De Miguel «ETAren paperetan» agertzen zelako eman zion dirua eskura, transferentzia baten bidez eman beharrean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.