Alarde parekideak Irungo Udalari: «Absentzia ez da neutraltasuna, utzikeria baizik»

Andreak lehen aldiz Irungo alardean parte hartzen saiatu zirenetik 30 urte beteko dira aurten. Eskea udalera eraman zuten lehen udalbatzarra gogora ekarri dute alarde parekidearen antolatzaileek, eta udalari eskatu diote berak antolatu dezala alardea.

Irati Amantegi alarde parekideko kideek idatzitako testua irakurtzen, gaur, Irungo udaletxean. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
arantxa iraola
2026ko maiatzaren 29a
18:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

«Duela 30 urte, udalbatza areto honetan bertan, Bidasoaldeko Emakumeak taldeko kide batzuek udalari eskatu zioten ordenantza alda zezala, Irungo Alardean herrikide gizonezkoekin batera parekidetasunez parte hartu ahal izateko». Gaur goizean, Irunen (Gipuzkoa), alarde parekidearen alde orain dela 30 urte egin zuten mugarrietako bat gogora ekarri dute alarde parekidea antolatzen duten herritarrek: Irungo Udalean lehen aldiz parte hartzeko eskea egin zutenekoa. Ezezkoa izan zen orduan erantzuna, eta udalak oraindik ez die erantzun aldarri parekidearen aldekoek egiten dituzten eskariei. Baina eskakizuna gogora ekarri dute gaur berriz, udalbatzarrean hitza hartuta, eta, adierazi dutenez, alardea antolatzea udalaren erantzukizuna da, eta ezin du albo batera utzi: «Udalaren absentzia ez da neutraltasuna, utzikeria baizik». 

Ekitaldi hunkigarria izan da. Sentitua. Hitzaldi bat irakurtzeaz gain, 30 herritarrek zapi gorriak utzi dituzte batzar aretoko baranda batean, jaiaren sinbolo. Orain dela 30 urte keinu hori egin zuten aldarria lehenengoz egin zutenean, eta gauza bera egin nahi izan dute. Zapiak uztearekin batera, aldarri parekidearen aldeko mezuak esan dituzte, baita urteotan helburu horren alde jardun duten pertsonak gogora ekartzekoak ere. Askotarikoak izan dira mezuak. Hona hemen bilduma bat: «Indarkeriarik ankerrena da irundartasuna ukatu diguzuela, eta, hala eta guztiz ere, zalantzarik gabe, berriro egingo genuke». «Berdintasuna egunero defendatu behar da, baita jaietan ere». «Ez gaude prest beste 30 urte luzez zain egoteko».

Leporaino bete dute Irungo udalbatza aretoa, eta, eskea gogora ekartzeaz gain, gogor kritikatu dute udal gobernuaren jarrera. «Agirietan berdintasuna aldarrikatu arren bere herriko jaien muin bihurtutako ekitaldietan berdintasuna ukatzen duen instituzio batek erabat galdu du bere buruari zor dion ardura eta zintzotasuna, eta ez du batere sinesgarritasunik herritarren aurrean», adierazi dute. Aldarri parekidea plazara atera eta gero utzi zion Irungo Udalak alardea antolatzeari —Hondarribiko Udalak ere bai; antzekoa da han gatazka—, baina berriz ardura hori bere gain hartu behar duela nabarmendu dute alarde parekidea antolatzen duten gizon eta emakumeek. «Eskatzen dugu udalak beti berea izan duenari heldu diezaiola: alardea antolatzeari. Mendez mende, udala izan da alardearen bermatzailea».

(ID_16132824) (Jagoba Manterola/@FOKU) 2026-05-29, Irun.Alardean berdintasunean parte hartzeko lehen eskaeraren 30
Alarde parekideko kideak udalbatzarrera sartzeko zain, zapi gorriak eskuetan. JAGOBA MANTEROLA / FOKU

EH Bilduren aldeko mezua

Gogora ekarri dituzte, halaber, urrats hori ez egiteak agerian uzten dituen paradoxak. «Emakundek eta Gipuzkoako Foru Aldundiak diruz lagundu baina udalak berak muzin egindako alardea anomalia instituzional bat da, hiri honen lotsagarri», adierazi dute. EH Bilduko zinegotzi Oihana Briones izan da eskea aintzat hartuko dutela esateko hitza hartu duen bakarra. EAJko zinegotzi Gorka Alvarezek, PSE-EEko Nuria Alzagak eta PPko Iñigo Manriquek ere hitza hartu dute alarde parekideko kideen hitzaldiaren ostean, baina ez dute eskearekin bat egin. Alegia, ez da deus mugitu. Beste behin ere. Hautu parekideko kideek irakurri duten testuan gogora ekarri dute, hain justu, egun oraindik apalegia dela udal ordezkarien babesa: alardearen gaineko eskeak mahai gainean jartzen dituztenean EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek bakarrik «babesten» dituzte. Horregatik iraun du gatazkak 30 urte. «30 urtez geure eskuz eraiki dugu udalak berezko zuena eta bere egin behar duena. Bada tenorea ardurak berriro bere gain hartzeko, eta salbuespenik gabe herritar guztientzat izango den alarde bat aldarrikatu, antolatu eta babesteko». 

Orain dela 30 urte Txaro Arribasek irakurri zuen testua. Aldarri parekidearen alde irmo jardun du ordutik, eta hunkituta joan da gaur udaletxera. Kalkuluak egiten jardun du egunotan: «40 urte nituen hau hasi zenean; 70 ditut orain». Usu aipatzen dute borroka abiatu zutenek hasierako «xalotasuna». Horixe aipatu du gaur berriro Arribasek: «Imajinatu ere ezin genuen egin eskari hark halako zalaparta sortuko zuela. Orduko hartarako prestatu genuen testuan bertan esaten genuen bagenekiela ez zela auzi erraza izango, jaiak sentimenduekin eta emozioekin oso lotuta daudelako, eta ulerberatasun hori erakutsi nahi izan genuen idatzi hartan». Kontrako erantzun bortitz baten abiaburua izan zen, ordea, eskaria. 

«Jende oso gaztea dugu inguruan, gure alardearen aldeko urratsa egin duten gizon eta emakumeak: poz handia ematen dit horrek, hunkitu egiten nau»

TXARO ARRIBAS Eskaria orain dela 30 urte irakurri zuen alarde parekideko kidea

Egindako bideak eragindako «harrotasuna» ere nabarmendu behar dela uste du Arribasek. Udalaren atxikimendurik ez dute, baina gizartearen parte handi batena bai. «Jende oso gaztea dugu inguruan, gure alardearen aldeko urratsa egin duten gizon eta emakumeak: poz handia eragiten dit horrek, hunkitu egiten nau». Belaunaldi horietako ordezkariak dira gaur udalbatzaren aurrean testua irakurri duten bi kideak: Irati Amantegi eta Ion Martinez.

(ID_16133148) (Jagoba Manterola/@FOKU) 2026-05-29, Irun.Alardean berdintasunean parte hartzeko lehen eskaeraren 30
Alarde parekideko kideetako bat zapi gorria uzten. JAGOBA MANTEROLA / FOKU

Amantegik 5 urte zituen andreek alardean sartzeko lehen ahalegina egin zutenean. «Hunkidura eta haserrea», bi sentimenduak nahasi zaizkio gaur barruan. «Etsipen pixka bat eragiten du honek: 30 urteren ondoren, oraindik ere udaletxera etorri behar dugu esatera parte hartu nahi dugula eta udalak antolatutako alarde bat nahi dugula», azaldu du. 13 urte zituenetik parte hartzen du alardean. «Giroa asko aldatu da. Orain irundar gehienek ikusi egiten gaituzte. Lehen ez, lehen bizkarra ematen ziguten askok. Orain ez digute bizkarrik ematen, eta areago, askok gurekin parte hartzen dute, ikusi dutelako etorkizuna gurea dela». 

«30 urteren ondoren, oraindik ere udaletxera etorri behar dugu esatera parte hartu nahi dugula eta udalak antolatutako alarde bat nahi dugula» IRATI AMANTEGI 

Eskaria irakurri duen alarde parekideko kidea

Esker ona

Eskerrak emateko ere baliatu nahi izan dute ekitaldia. Aurren-aurrena, orain dela 30 urte alardean sartzeko «adorea eta kemena» izan zuten gizon eta emakumeei. Gogora ekarri dute «irain, mehatxu eta erasoen» artean egindako urratsa izan zela. «Haien duintasunari esker, orain 2.000 lagun baino gehiagok desfilatzen dugu elkarrekin». Gogoan izan dituzte 30 urteotan alboan izan dituzten herritar guztiak, baita urte horietan hil diren kideak ere. 

Sei sentimendutan bildu nahi izan dute hiru hamarraldiko historia. Tristura da lehena: «Geure hirian bertan emakume izate hutsagatik geure udalak eskubide bat ukatzen zigula ikusi genuelako». Beldurra bigarrena: «Herrikide askoren jazarpen, etsaigo eta ageriko herra pairatu behar izan genuelako». Ausardia hurrena: «Konpromisoak erakarri zizkigun ondorio latzak nozituagatik aurrera egin genuelako». Itxaropena laugarrena: «Belaunaldi berriek alardeaz gozatuko zutela bagenekielako». Erresilientzia azken-aurrena: «Azken bururaino eusteko adina indar izan dugulako». Eta eskuzabaltasuna azkena: «Etorkizunari begira lan egin dugulako». 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarak badu egunkari bat, euskaltzaleon babesa ezinbestekoa duena. BABESTU EZAZU ZUK ERE