Aurten beteko dira 30 urte Irunen eta Hondarribian andreak lehen aldiz alardeetan sartzen saiatu zirenetik. Sarri nabarmentzen da orduan hasi zela gatazka; desfileetako ilarak mugitu, eta emakumeek berentzat ere tokia egiteko ahalegina egin zuten bi egun haietan: 1996ko ekainaren 30ean Irunen, eta irailaren 8an Hondarribian. Baina aldarri parekidea aurretik zetorren. Eta kontrako erantzuna ere ehunduz joan zen, eta sendotuz, horma baten moduan. Irmo altxatu zen pareta bi herrietan, aurrejuzguz betetako zimendu sendoetan. Eta agerikoa da egun ere: gotortuta dago oraindik bi herrietan nagusi den jai ereduan.Â
Ikusi gehiago
Hondarribian, zehazki, 1993an hasi ziren gaia lantzen. Emeki elkarteak egin zuen lehen urratsa: Hondarribiko Alardeko Juntarekin bilera bat egiteko eskea egin zion Alfonso Oronoz alkateari. Konpainia guztietako kapitainei ere gutunak idatzi zizkieten, eskaria jakinarazteko: alardean parte hartu nahi zuten. 1995eko abenduan jaso zuten lehen erantzuna: esan zieten juntak aho batez ebatzi zuela «desegokia» zela andreek alardean soldadu moduan parte hartzea. Tartean, gaiaren gainean herritarrek zer pentsatzen zuten argitze aldera, inkesta bat egin zuten Emekiko kideek 1995eko udan. 382 erantzun jaso zituzten galdetegian, eta %36,6k egokitzat jo zuten andreen eskakizuna. Ordurako bi herrietan ezagunak ziren «bakanki», beren kabuz, erdi isilpean, nabarmendu gabe, gizonen parean desfilatu izan zuten andreei buruzko istorioak, baina urrats formalik ez zen egin inoiz.
1995ean BAE Bidasoaldeko Emakumeak plataforma eratu zen. Urte hartan Emakumeen Eguna elkarrekin ospatu zuten bi udalerrietako emakumeek. Han hasi ziren gaia zabalago lantzen. Izan ere, Emekik egina zuen bideaz aparte, Irunen ere mugitzen hasiak ziren; HB Herri Batasuneko emakumeek, zehazki, gogoeta bat egina zuten alarde parekidearen inguruan. Urte hartako Martxoaren 8an, gaiari buruzko informazioa zabaltzen haste aldera, karpa bat jarri zuten Irunen, eta inkesta antzeko bat prestatu zuten haiek ere.Â
BAEk 1996ko apirilean eraman zuen eskaria Irungo Udalera. Desfilearen ordenantzak moldatu behar zituzten osoko bilkura hartan, eta aukera baliatu nahi izan zuten ordenantzaren bigarren artikulua aldatzeko, han erantsi zedin ezin zela desfilean parte hartzea ukatu «arraza, sexu edo erlijio arrazoiengatik». Bilkura hartan, andreek gutun bat irakurri zuten eskariaren zergatiak azaltzeko. HBko, EB Ezker Batuko eta EA Eusko Alkartasunako ordezkariek bakarrik eman zuten aldeko botoa; EAJk, PSE-EEk eta PPk kontrako boza eman zuten, eta, beraz, ez zen onartu. Apurka-apurka, gaiak tokia hartu zuen eskualde osoan: eskariari buruzko hitzaldi eta solasaldiak egin ziren, eta oihartzuna hartzen hasi zen.
Ukazioa, batez ere, orduan hasi zen forma hartzen. Aldarriaren alde ari zirenen kontrako mezuak ere orduan hasi ziren ozentzen, gero eta oldarkorrago. Lehen aldiz parte hartzeko ahalegina egin zuten andreek eta gizonek maiz nabarmendu dute, hala ere, garai hartan irudikatu ere ezin zutela egin aldarriaren aurka eratu zen mugimendu haren gogortasuna. Ukazio irmoarekin batera, aldarri parekideari guztiz bizkarra emanda jarraitzeko bide moduan, orduan erabaki zuten alardeak udalek antolatu beharrean pribatu bihurtzea. Horrek areagotu egin du gotortzea.Â
Â