Alardearen barruan gizonen pare desfilatzeko eskaera, beste behin

Guztion Alardeko kideak dira Leire Mendizabal eta Aintzane Berrotaran. Hondarribiko konpainia baztertzaileetan soldadu gisa desfilatzeko eskaera ofiziala egin dute berriki. «Eskubide legitimo bat» dela eta, mezua konpainietara iristea espero dute.

Aintzane Berrotaran eta Leire Mendizabal, Hondarribian, Santa Maria arkuaren aurrean. JON URBE / FOKU
Aintzane Berrotaran eta Leire Mendizabal, Hondarribian, Santa Maria arkuaren aurrean. JON URBE / FOKU
Maite Asensio Lozano.
Hondarribia
2026ko maiatzaren 23a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

«Herriko eta kanpoko edozein gizonek dauzkan eskubide berberak nahi ditugu». Hondarribiko (Gipuzkoa) alardeko Kosta konpainian soldadu gisa desfilatzea du amets Leire Mendizabalek, eta Gora Arrantzale Gazteak Txangai-n Aintzane Berrotaranek. Hala eskatu dute, ofizialki, berriki udalbatzak onartutako mozio batean, beste 363 andrazkorekin batera: gizonen pare parte hartu nahi dutela herriko jai nagusian. Zentzuzkoa dena, ordea, «ia utopikoa» da oraindik Bidasoaldean, alardeen inguruko gatazka piztu zenetik 30 urte betetzear direla. Hiru hamarkadotan gauza asko aldatu dira, iritzi asko mugitu dira, eta gogo hori piztu zaie hainbat emakumeri, askok etxean kontrako jarrera jaso arren. Kontraesanak, zalantzak eta beldurrak zirrararekin eta grinarekin gurutzatu dira bidean, Mendizabalek eta Berrotaranek azaldu dutenez.

Alardeak oso gertutik bizi izan dituzte biek ume garaitik. Hondarribikoak dira, bertakoak eta Irungoak dituzte gurasoak, eta urteko egun kutuna dute irailaren 8a, Hondarribiko alardearen eguna. Zorion hitzak hartu dituzte ahotan haurtzaroko oroitzapenak islatzean. Berrotaran: «Txikitan kantinera janzten ninduten; beti esaten zidaten: ‘Aintzane, kantinera’. Niretzat oso egun garrantzitsua zen, polita». Mendizabal: «Amarekin ikusten genuen alardea, aita desfilatzen».

«Une oso gogorrak izan dira Kale Nagusian. Behin plastikoen atzetik atera nintzen Jaizkibel ikustera, eta emakume batek errieta egin zidan: ‘Ez zara kantinera izango zure bizi osoan’»

AINTZANE BERROTARAN Guztion Alardeko kidea

1994an jaioak dira: handik bi urtera lehertu zen auzia, eta, beraz, ez dute gatazkarik gabeko alarde egunen akordurik. Eta emakumeen parte hartzearen aurkako giroan gizarteratu dira: isiltasuna izan da nagusi gaiaren inguruan, baina tentsio horretan, berariaz ahoskatu gabeko hainbat jarrera eta agindu barneratu dituzte; adibidez, Jaizkibel konpainia parekidea ez ikustea. Hala, nerabezaroan hasi zaizkie oroitzapenak mikazten, Kale Nagusian, gatazkaren beroenean: emakumeek espaloiak hartu izan dituzte, gizonak ikusteko, eta Jaizkibeli bizkarra emateko; urte askotan, plastiko beltzak jarriz, zarata eginez, irainduz. Haietako asko neska adingabeak dira, konpainia baztertzaileetan kantinera izan nahi dutenak.

Kale Nagusiko espaloian

Biei egokitu zitzaien hor egotea, plastiko beltzak banatzen ziren garaian. Parekidearen aurka jarduteko presioa badela aitortu du Berrotaranek: «Une oso gogorrak izan dira Kale Nagusian. Nire kuadrillakoak Jaizkibelen ateratzen ziren, baina ez nituen ikusten. Behin plastikoen atzetik atera nintzen Jaizkibel ikustera, eta emakume batek errieta egin zidan: ‘Ez zara kantinera izango zure bizi osoan’». Behin aurkeztu zen kantinera izateko, baina ez zuten hautatu. Ez zen berriro aurkeztu: «Ez nuen nahi».

Mendizabalek, ordea, ez zuen Jaizkibeleko inor kuadrillan: denak egoten ziren espaloian. Zintzo mintzatu da: «Lotsa ematen dit aitortzeak plastiko beltzen atzean egon naizela eta Jaizkibel ez dudala ikusi zenbait urtetan. Baina hala da. Gero aldaketa prozesu bat izan da. Helduz zoazen heinean eta hau urruntasunetik ikusten hasten zarenean, ohartzen zara Kale Nagusian zer gauza ilogikoak bizi izan ditugun, debekatuak egon beharko luketenak. Adibidez: heldu batek adin txikiko bati —guk 15 urte baikenituen— plastiko beltz batzuk ematea ez al litzateke debekatu behar?».

«Lotsa ematen dit aitortzeak plastiko beltzen atzean egon naizela. Gero aldaketa prozesu bat izan da. Hau urruntasunetik ikusten hasten zarenean, ohartzen zara Kale Nagusian zer gauza ilogikoak bizi izan ditugun»

LEIRE MENDIZABAL Guztion Alardeko kidea

Biek nabarmendu dute beren ikuskeran bilakaera handia izan zela. Berrotaranentzat, ezinbestekoak izan ziren Jaizkibelen zituen adiskideak: «Lagunek errespetuz tratatu ninduten beti, bazekitelako gure familiek desberdin pentsatzen zutela. Baina nik ez nuen ulertzen Jaizkibelekiko gorrotoa: oso mingarria izan da jendea entzutea Jaizkibeli buruz gauza txarrak esaten, barruan nik maite ditudan pertsona asko egonda». Lagunen hautuak ere zer pentsatua eman zion: «Neure buruari galdetu nion zergatik ni ez. ‘Zergatik nago ni hemen eta haiek hor... nik hor egon nahi badut?’».

Mendizabalek bi klik aipatu ditu. Lehena, Kostan kantinera izan zenean, 2015ean: «Oso egun polita izan zen, pila bat disfrutatu nuen... Baina eguna bukatu zenean, negar batean hasi nintzen: ‘Kitto, amaitu da’. Ez nuen espero erreakzio hori: nik txikitatik nahi nuen kantinera izan, eta argi neukan behin izango zela. Kontraesanak agertu zitzaizkidan: oso barneratua neukan ezin nuela, baina nahi nuen. Zeren desfilatzea zoragarria baita, eta espaloian egotea, ez». Bigarrena, 2018ko alarde eguna: plastiko beltzez gain, zarata ere zabaldu zuten bozgorailuen bidez Jaizkibel Kale Nagusitik igaro zenean. «Nire kuadrillako hiru atera ziren kantinera, eta haiek ikustera iritsi nintzenean, ikaragarria iruditu zitzaidan. Nik ordurako Jaizkibel ikusten nuen, nire bikotekideak han desfilatzen zuen, eta ikustea maite duzun jendea barruan, ia negarrez... Hura ez zen normala. Urteko egunik politena izan behar zuena egunik okerrena bilakatu zen».

Leire Mendizabal eta Aintzane Berrotaran, Hondarribian. JON URBE / FOKU
Leire Mendizabal eta Aintzane Berrotaran, Hondarribian. JON URBE / FOKU

Garai hartan, Guztion Alardea taldea jaiotzen ari zen, desfile baztertzailearen inguruko gazte batzuen eskutik, baina emakumeak berdintasunez ateratzeko eskubidea defendatzeko prest. Urratsa egin zuen Mendizabalek: «Hasi nintzen ikusten bazegoela ni bezalako jendea. Izan ere, denok dakigu Jaizkibelen ateratzen direnek nola pentsatzen duten; baina suposatzen da Kale Nagusian gauden guztiok berdin pentsatzen dugula eta Jaizkibelen aurka gaudela. Eta hori ez da denen errealitatea. Hori ikusteak lasaitu ninduen». Berrotaranentzat ere babesgune bat izan zen: «Hain bakarrik ez sentitzen hasi nintzen: bazegoen nik bezala pentsatzen zuen jendea, familia betiko alardekoa izan arren. Horrek indarra eman zidan erabakiak hartzeko, publikoki adierazteko eta nire familiari aurre egiteko».

Hain justu, etxean urteetan izandako isiltasuna haustea izan da zailena, txikitatik eredutzat zeuzkaten senideen aurrean euren iritzia ematea. «Hori izan da gehien kostatu zaidana; pentsatzea nik desfilatzeak zer ondorio ekarriko dituen nire familiarentzat», aitortu du Berrotaranek; «Anaiari esan nionean Jaizkibelen aterako nintzela, ondo hartu zuen, eta nik arnasa hartu nuen; entseguetan eta alarde egunean etorri zen txalotzera, normaltasunez. Eta pentsatu nuen: zergatik hartu dut hain berandu erabaki hau?».

Jaizkibelen desfilatzeko pausoa

2022an irten zen Berrotaran lehen aldiz Jaizkibelen: «Zoragarria izan zen lagunekin arrada jotzen ateratzea. Askatzailea». Hurrengo urtean eman zuen pausoa Mendizabalek: «Lehen urtean, partxearekin; hurrengo bietan, txilibituarekin; nire ametsa litzateke arrada jotzen ateratzea: hori entzun diot etxean aitari». Esker onez mintzatu da Jaizkibelen inguruan: «Gaur egun, Guztion Alardean hasi ginen emakume guztiok —eta gizon asko— Jaizkibelen ateratzen gara, Jaizkibel baita aukera ematen digun bakarra, eta ateak eta besoak ireki dizkiguna. Horrek eragiten du Jaizkibel gure konpainia izatea, Jaizkibel maitatzea. Baina nik eskaera egin dut Kostan ateratzeko; nire etxeko konpainia da, eta harekiko sentimendu hori daukat».

Gogora ekarri dute konpainia parekidea «bitarteko bide moduan» sortu zela, eta aldarrikatu dute urteekin «nortasuna eta legitimitatea» irabazi duela. «Honezkero ez da bitarteko bat; beste konpainia bat da. Eta mantendu egin behar da; Jaizkibel ezin da desagertu. Ni Txangain jaio naiz, baina jende asko Jaizkibelen jaio da. Alardearen parte da», nabarmendu du Berrotaranek.

«Guztion Alardean hasi ginen emakume guztiok Jaizkibelen ateratzen gara, Jaizkibel baita aukera ematen digun bakarra, eta ateak eta besoak ireki dizkiguna. Horrek eragiten du Jaizkibel gure konpainia izatea; baina nik eskaera egin dut Kostan ateratzeko»

LEIRE MENDIZABAL Guztion Alardeko kidea

Etxean jaso duten konpainian desfilatu nahi lukete, eta bide horretan egin dute eskaera ofiziala. Izatez, mozioa sinatu duten 365 emakumeetatik 101ek galdegin dute Jaizkibelen desfilatzen jarraitzea, baina alardearen barruan; gainerakoek, berriz, gaur egun andrazkoak onartzen ez dituzten konpainietan sartu nahi dute: esate baterako, 37k hautatu dute Akartegi, 34k Beti Gazte, 27k Gora Arrantzale Gazteak, hogeik Kosta, hamahiruk Tanborrada, hamarrek Hatxeroak eta lauk Zalditeria.

Guztion Alardeak aurkeztutako mozioa apiril amaierako udalbatzan eztabaidatu eta onartu zen, Abotsanitzen eta EH Bilduren babesarekin. Orain, udala martxan jartzea espero du Mendizabalek: «Bere esku dagoen guztia egin behar luke 365 emakumeok egin dugun eskaera betetzeko. Ezin baitugu ahaztu eskubide legitimo batez ari garela». Eta itxaropenez hitz eginda, erantsi du espero duela konpainien bileretan gaia ateratzea: «Gustatuko litzaidake, udalak eskaera hori egin dien heinean, konpainiako buruek kideei helaraztea eskaera iritsi zaiela; eta sekulakoa litzateke egoera horretan kideren batek esatea ‘Ni horren alde nago; ez dut uste ezer gertatuko litzatekeenik emakumeek gure alboan desfilatuko balute’. Arazoa da hori egin dezaketen gizonak alardea uzten ari direla, nazkatu direlako».

Giltza, gizonen esku

Berrotaranek ere urrun ikusten du oraindik une hori. Berretsi du konpainia baztertzaileetan ateratzen diren gizonek dutela giltza, baina ez du uste «bustiko» direnik: «Haiek eroso daude; beraz, zertarako egingo diete aurre denei? Jaieguna izorratzeko? Guk bezala pentsatzen duen jende asko alde egiten ari da, eta barruan geratzen direnek jai moduan bizi dute; ez diote bestelako garrantzirik ematen».

Hori dela eta, ez dute ikusten epe laburrera komeni denik Hondarribiko Udalak alardea antolatzea: baztertzaileek euren desfile pribatua antolatzen jarraituko lukete, eta bi alarde egongo lirateke. «Ez dakit zer neurritan jendea mugituko litzatekeen alarde publikora; asko [baztertzailean] geratuko lirateke», ondorioztatu du Berrotaranek. «Nik uste dut jendeak orokorrean ez dituela nahi bi alarde. Nik ez dut bigarren Kosta batean desfilatu nahi; etxean ikusi dudan horretan sartu nahi dut», erantsi du Mendizabalek.

«Guk bezala pentsatzen duen jende asko alardetik alde egiten ari da, eta barruan geratzen direnek jai moduan bizi dute; ez diote bestelako garrantzirik ematen»

AINTZANE BERROTARAN Guztion Alardeko kidea

Hala ere, gogora ekarri dute ez dela emakumeek alardean ateratzea eskatzen duten lehen aldia, inolaz ere. Izatez, azken urteetan Jaizkibelek alardera sartzea galdegin du ofizialki, hasierako urteetan egin bezala. Baina, batez ere, 1996ko irailaren 8an desfilera sartzen saiatu ziren andreen zilegitasuna nabarmendu dute. Mendizabal: «[Alardearen antolatzaileek] beti esan izan dute: ‘Gure emakumeak, atera nahi dutenean, aterako dira’. Baina nortzuk dira horiek? Gu Hondarribiko emakumeak gara. Baina 96an desfilatzeko eskaera egin zutenak ere Hondarribikoak ziren». Berrotaran: «Eta alardea maite zuten». Mendizabal: «Eta haiei esker gaude hemen».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA