Hondarribiko alarde baztertzailea antolatzen duen elkarteak —HAOSE Hondarribiko Alardearen Ondarea Sustatzeko Elkartea— eta alarde horretako konpainiek udalaren eskutik jasoko dute herriko 365 emakumek egin duten eskaera: alarde baztertzailean parte hartu nahi dutela, soldadu gisa. Udalak, eskaera helarazteaz gain, «bideratu» ere egin beharko du, «konpainia horiekin lankidetzan».
Udalbatzak gaur arratsaldeko osoko bilkuran onartu du Guztion Alardea taldearen bidez 365 emakumek aurkeztutako mozioa, Abotsanitzen eta EH Bilduren bederatzi zinegotzien babesarekin; EAJk eta PSE-EEk, berriz, ez dute bozkatu. Gonzalo Carrion EAJko zinegotziak argudiatu du haien iritziz udala ez dela «horrelako eskaerak egiteko lekua»; PSE-EEko Josu Alvarezentzat erabakia ez dagokio udalbatzari. Carrionek nabarmendu du «elkarbizitza eta elkarrizketaren kultura» sustatzen jarraituko dutela. Alvarezek, berriz, «alardea ulertzeko modu guztiak» errespetatzen dituztela.
Erakundeen arteko lankidetza
Emakumeen mozioan jasotako bigarren eskaera da udalak «berehala sustatu eta zuzendu dezala» erakundeen arteko lankidetza eta koordinazio esparru egonkor bat. Gipuzkoako Foru Aldundiarekin, Eusko Jaurlaritzarekin eta «beharrezkoa izan daitekeen beste edozein administraziorekin». Izan ere, eskaeraren arabera, «gai horrek zuzenean eragiten die berdintasunari, sexuan oinarritutako diskriminazioaren debekuari eta oinarrizko eskubideen berme eraginkorrari».
«Guk ez dugu alardea aldatu nahi. Guk alardean egon nahi dugu. Ez gara iraganaren aurka ari; aitzitik, iragan hori errespetatuz, etorkizuna zabaldu nahi dugu»
GUZTION ALARDEA
365 emakume horiek neurri zehatzak eskatu dizkiete erakundeei: bide orri partekatu bat, egutegia, arduradunak eta neurri zehatzak, «emakumeek Hondarribiko alardean berdintasun osoz parte hartzeko duten eskubidea gauzatzeko». Bide horretan, emakumeen parte hartzea zailtzen edo eragozten duten oztopoak kendu beharko dituzte. Horretarako urratsak zehazteko eskatu diete erakundeei: juridikoak, instituzionalak, pedagogikoak...Â
Estitxu Urtizberea Abotsanitzeko zinegotziak aipatu du gaur egun badagoela erakundeen arteko mahai bat, eta udaleko ordezkariak biltzen direla Eusko Jaurlaritzarekin, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin, EAEko Arartekoarekin eta Emakunderekin.
Emakumeek hitza hartu dute
Guztion Alardeko hiru ordezkarik, Igor Enparan alkateak gonbidatuta, hitza hartu dute osoko bilkuren aretoan, haien eskaera azaltzeko. Argi eta garbi mintzatu zaizkie udal ordezkariei eta aretoan bildutako herritarrei: «Ez dugu ezer berririk eskatzen. Ez dugu inoren aurka ezer eskatzen. Gurea den horretan parte hartzeko eskubidea eskatzen dugu. Herriko zein kanpoko edozein gizonek egin dezakeena egin nahi dugu guk ere: alardean soldadu gisa desfilatu».
Haientzat ulertezina da XXI. mendearen lehen laurdena pasatuta emakumeek nola ezin duten oraindik parte hartu gizonen pare herriko ospakizun nagusian. Nabarmendu dute «benetako inposizioa» urteetan alardean parte hartzea ukatu dietenen aldetik eta soldadu gisa desfilatu ahal izateko beste konpainia bat sortzera —Jaizkibel konpainia parekidea— behartu dituztenen aldetik jasan dutela.Â
«Alardea sendia, adiskidetasuna, oroimena, auzoa, ondarea, tradizioa, ospakizuna, berdintasuna, kohesioa da. Alardea herria da, eta denok beharrezkoak gara alardeari etorkizun oparoa bermatzeko»
ESTITXU URTIZBEREA Abotsanitzeko zinegotzia
Alardearen ondarea errespetatzen dutela azaldu dute, eta alardearen etorkizuna bermatu nahi dutela: «Guk ez dugu alardea aldatu nahi. Guk alardean egon nahi dugu». Haientzat alardea arbasoek defendatu zuten memoria kolektiboa da, eta haien seme-alabek partekatuko duten ondarea izatea nahi dute. «Horregatik», azaldu dute, «ez gara iraganaren aurka ari; aitzitik, iragan hori errespetatuz, etorkizuna zabaldu nahi dugu». Etorkizun horretan, «lau mendez herriak egin duen bezala, alardeak aurrera jarraituko du».
Bi galdera egin dituzte: «Zein alarde utzi nahi diogu etorkizunari? Herritarrak elkartzen dituen alardea edo herritarrak bereizten dituena?». Erantzuna eman dute: «Alardea herriarena da, hondarribiar guztiona da. Eta lau mendeko historiaren ondoren, bada garaia historiaren hurrengo orria elkarrekin idazteko».
Aldaketak 30 urtean
Estitxu Urtizberea Abotsanitzeko zinegotziak eskertu egin du emakume horien «adorea». Batzuek esaten badute ere 30 urtean ez dela ezer aldatu, Urtizbereak nabarmendu du hiru emakumek beren ahotsa eta gorputza jarri dutela eskaera egiteko, eta beste 362, beren nortasuna. Onartu du alardeak herritarrengan eragin dituen «motxilak» astunak direla.
Abotsanitzentzat alardea «funtsezko zutabea» da «memoria kolektiboa, tradizioa eta gizarte kohesioa sustatzeko». «Horregatik babestu behar dugu», gehitu du Urtizbereak. Hala ere, gogoratu du kultura eta tradizioak babestea ez dagoela kontrajarria garai berrietara egokitzearekin, eta alardeak horregatik iraun duela, egokitzen jakin duelako. «Alardea ez da ideia bat edo pentsamolde bat, erritu bat da, garai bateko gizartea islatzen duen erritu bat», Urtizberearen arabera. Emakumeen parte hartzeak «aberastu» egingo luke.
«Alardea sendia, adiskidetasuna, oroimena, auzoa, ondarea, tradizioa, ospakizuna, berdintasuna, kohesioa da». «Alardea herria da», laburbildu du, «eta denok beharrezkoak gara alardeari etorkizun oparoa bermatzeko».
«Momentu honetan herria prest dago zuek egin duzuen eskaerari erantzuteko»
GAROA LEKUONA EH Bilduko zinegotzia
Estatutuen garrantzia
Garoa Lekuona EH Bilduko zinegotziak eskertu egin du Guztion Alardeko emakumeek egin duten urratsa. Urtizbereak bezala, nabarmendu nahi izan du 30 urtean gauzak aldatu direla: duela hamarkada batzuk emakumeek behin baino gehiagotan egin zuten parte hartzeko eskaera udalean, baina alkateek ez zieten erantzun. Gaur, ordea, osoko bilkuran eskaera onartu dute.
Lekuonaren ustez, 365 emakume horien eskaerak badu berrikuntza bat: «Konpainiei egiten diezue eskaera, normalean ez baita haiengana jo». EH Bilduko zinegotziaren iritziz, konpainia baztertzaileak dira «giltza». Zehazki, haien estatutuak, haiek zehazten baitute konpainietako —elkarteetako— kide izateko gizona izan behar dela: «Tristea da esango dudana, baina alardean parte hartzea ez digu tradizioak debekatzen: estatutu horiek debekatzen digute. Gure herriko gizonek ematen diote babesa estatutu horiei. Haiek dute giltza estatutu horiek aldatzeko. Zein ederra izango zen 365 gizonek eskatzea beren konpainietako estatutuak aldatzea».
Garai aldaketaren erakusle dira, Lekuonarentzat, herritarren artean egindako inkestaren emaitzak. Besteak beste, herritarren %56 alarde parekide baten aldekoak direla. Ondorioa: «Momentu honetan herria prest dago zuek [365 emakumeek] egin duzuen eskaerari erantzuteko».
Ikusi gehiago