Alardeen inguruko gatazka zergatik ez den bukatu ikertuko du diputazioak

Gatazkaren jatorria eta bilakaera aztertuko dute, eta emaitzekin plan berria diseinatuko dute. «Giroa baretzeko» eskatu die alderdi politikoei

Hondarribiko Jaizkibel konpainia, iaz, plastiko beltz artean. JON URBE / ARGAZKI PRESS.
Erredakzioa
Donostia
2016ko maiatzaren 31
00:00
Entzun
Duela hogei urtetik Irun eta Hondarribiko (Gipuzkoa) alardeetan kantinera ez den beste postuetan andreen parte hartzeak sortzen duen gatazka aztertuko du Gipuzkoako Foru Aldundiak. «Plan bat diseinatu aurretik ezinbestekoa da ikerketa kualitatibo bat egitea, gatazka zerk sortu duen eta belaunaldiz belaunaldi zergatik transmititu den ezagutzeko». Maribel Bakero Giza Eskubideen zuzendariak iragarri zuen atzo, EH Bilduko batzarkide Ainhoa Beolak Gipuzkoako Batzar Nagusietako Berdintasun Batzordean eginiko galdera bati erantzutean.

Bakeroren esanetan, aztertu beharko dute orain arte egindakoak zergatik ez duen fruiturik eman. «Nahiz eta jarreretan ez dagoen garai bateko basakeriarik, oraindik ere oso enkistatuta daude». Iruditzen zaio alderdi politikoek badutela zer esanik horretan. Auzia «oso politizatua» dagoela ohartarazi du, eta «giroa baretzeko» deia egin die. Horregatik, «elkarrizketarako bideak zabaltzeko» eskatu die.

EH Bilduko kide Beolak uste du alardeen auzia Giza Eskubideen Zuzendaritzak hartu izanak «luzatu» egingo duela konponbidea lortzea. Bakerok ukatu egin du hori. «Bizikidetzari eragiten dion gizarte gatazka bat da, eta giza eskubideen ikuspegitik landu behar dela iruditzen zaigu», argudiatu du erabakia.

Giza Eskubideen zuzendariak iragarri du orain arte bezala antzeko gatazkak konpontzen aditu direnekin lanean jarraituko dutela. Jenny Pearce eta Geuz elkartea aipatu ditu. Era berean, bi herri horietako udalekin elkarlanean aritzeko borondatea agertu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.