Hego Euskal Herrian alargun pentsioa jaso dezakete ezkonduta dauden edo izatezko bikote gisa izena emanda dauden bikotekideek. Espainiako Gobernuak hedatu egin du eskubidea: alargun pentsioa jaso ahalko dute seme-alabaren bat duten bikotekideek, baita ezkondu gabe edo izatezko bikote gisa izena eman gabe badaude ere, egiaztatzen baldin badute eskaera egin baino bi urte lehenago etenik gabe elkarrekin bizi izan direla. Elkarbizitza «egonkorra eta nabarmena» izan dutela erakutsi beharko dute. Elkarbizitza egiaztatzeko errolda ziurtagiria aurkeztu beharko dute. Urtebeteko epea zabalduko dute neurria onartu aurretik alargun geratu, pentsioa eskatu eta ukatu zietenek orain eskatu ahal izateko.
Espainiako Ministroen Kontseiluak lege dekretu baten bidez onartu du, baina indarrean jartzeko Espainiako Kongresuak onartu behar du hilabete bat baino lehen. Kongresua, berez, deseginda dago, Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak hauteskundeak aurreratu zituelako, baina Kongresuko Diputazio Iraunkorrean bozkatuko dute. Espainiako Gobernua osatzen duten alderdientzat —PSOE eta Sumar— samurragoa da halako neurriak Diputazio Iraunkorrean onartzea, ez baitute behar, besteak beste, Junts per Catalunyaren babesik. Espainiako Gobernuak hauteskundeak aurreratzeagatik aurrera egin ezinik geratutako neurriak onartzeko asmoa du, astearteetako Ministroen Kontseiluen bidez.Â
Aldaketa eginda, Espainiako Gobernuak parekatu egin ditu seme-alabak dituzten bikoteak eta izatezko bikoteak. Izatezko bikoteen kasuan, alargun pentsioa jasotzeko egiaztatu behar dute bikote gisa izena eman eta bi urtez elkarrekin bizi izan zirela. Seme-alabarik ez duten izatezko bikoteek, alargun pentsioa jasotzeko, egiaztatu behar dute elkarrekin bizi izan direla bost urtean, etenik gabe, eta gutxienez bi urte egin dituztela izatezko bikote gisa izena emanda.
Beste pentsio batzuekin bateragarria
Alargun pentsioa jasotzeko eskubideak izango du beste aldaketarik. Orain arte, Hego Euskal Herrian, 2008 aurretik banatu ziren bikoteek ezin zuten alargun pentsioa eskuratu beste pentsio publikoren bat jasotzen bazuten. Ministroen Kontseiluak baldintza hori kendu die, eta, orain, bi pentsio jaso ahalko dituzte, alargun pentsioa eta beste bat aldi berean.
Aldi baterako ezintasun kasu bereziak onartu dituzte. Babes berezia emango diete emakumeen bi gaixoaldi motari: alde batetik, «menopausiagatik ezintasunen bat eragiten dien patologia bat» duten emakumeei; beste aldetik, lesioek lan egitea eragozten dieten genero indarkeriaren biktimei. Elma Saiz Espainiako Gizarte Segurantzako ministroak azaldu du ezintasun horiek behin-behineko ezintasun arruntek baino babes handiagoa izango dutela: gaixo agiria jaso eta hurrengo egunetik kobratuko dute. Oinarri arautzailearen %60 kobratzen hasiko dira eta %75 jasoko dute hogeigarren egunetik aurrera. Neurri horien helburua da «lan indarraren zati garrantzitsu bat» babestea, Saizen esanetan: «Erantzun egin diegu ikusezinak ziren egoerei eta emakumeek jasaten zituzten arrakalei».
Horrez gain, babes berezia izango dute hondamendi naturalek kalte egindako soldatapeko langileek eta autonomoek. Haien gaixoaldien sariak lan istripuen sariekin parekatuko dituzte. Ondorioz, diru gehiago jasoko dute, eta lehen egunetik hasiko dira kobratzen. Espainiako Gobernuak onartu izan ditu halako neurriak, baina orain arte salbuespenak izan dira. Aurrerantzean, betiere Diputazio Iraunkorrak onartzen badu, araututa egongo dira.
Gutxieneko soldata halako bi
Hilketa matxistengatik umezurtz geratzen diren seme-alabek orain arte baino pentsio handiagoa jasoko dute: zehazki, Espainiako lanbide arteko gutxieneko soldataren bikoitza gutxienez. 1.221 eurokoa da lanbide arteko gutxieneko soldata, eta 2.442 euro izango lirateke gutxienez. Hamalau paga urtean. «Ekintza terroristen» biktimek jasotzen dituzten ezohiko pentsioak ere neurri berean igoko dituzte: lanbide arteko gutxieneko soldata halako bi izango dira gutxienez —gaur egun jasotzen duten kopurua baino %36 gehiago—.
Guraso askok haien lanaldiak murrizten dituzte gaixotasun larriren bat edo minbizia duten seme-alabak zaintzeko. Guraso horiek orain artekoa baino diru laguntza handiagoa jasoko dute, eta bi gurasoek aldi berean edo txandaka jaso ahalko dute. Seme-alabak 26 urte bete eta gero ere jasotzeko aukera izango dute, betiere gaixotasunak seme-alabei eragindako desgaitasuna %65 baino handiagoa bada edo hirugarren mailako mendekotasuna eragin badie.
43,3 milioi euro tentsio handiko eremuetarako
Espainiako Gobernuak diru laguntza gehigarri bat onartu du tentsio handiko eremuetarako, lege dekretu baten bitartez. 30 milioi euro izango dira EAErako eta 13,3 milioi euro Nafarroarako. Zertarako? Alokairu eskuragarria edo soziala izango duten etxebizitzak sustatzeko edo zaharberritzeko; etxeak edo «premiazko etxebizitza konponbideak» eraikitzeko lurzorua erosteko; etxeak eraikitzeko lurzoruak garatzeko eta urbanizatzeko; administrazio publikoek etxeak erosteko eta etxe eskuragarri gisa eskaintzeko; eta ordaintzen ez diren errentei aurre egiteko.Â