Alarma egoera amaitu ondoren ere maskarak erabiltzea beharrezkoa izango da Hego Euskal Herrian

Ehun euro arteko isunak aurreikusten ditu Espainiako Gobernuak prestatu duen dekretuak, maskara erabiltzen ez dutenentzat. Urgentziazko kasuetan Osasun Ministerioak eskuduntzak bereganatzeko aukera izango du berriro.

Atzo Villabonan egin zuten bertso saiora sartzeko segurtasun neurriak. GORKA RUBIO, FOKU
jon ordonez garmendia
2020ko ekainaren 6a
09:37
Entzun

Hirugarren fasetik atera eta «normaltasun berria» arautuko duen dekretuaren zirriborroaren arabera, alarma egoeratik atera ondoren ere beharrezkoa izango da Hego Euskal Herrian maskarak erabiltzea toki itxietan eta garraio publikoan. Espainiako Gobernuak prest du zirriborro hori eta astearteko Ministroen Kontseiluan onartuko du.

Zirriborroaren arabera, autonomia erkidegoek erabakiko dute «osasun eta epidemiologia irizpideei jarraituz» hirugarren fasetik noiz aterako diren. Zirriborroan jaso du Espainiako Gobernuak hirugarren fasean autonomia erkidegoak izango direla fase horri dagozkion neurriak hartu, kendu, egokitu eta ezarriko dituztenak, joan den astean iragarri zuen bezala. Baina amaieran gehitu duen eranskin batean dio Osasun Ministerioak beretzat gordetzen du eskuduntzak berriro bereganatzeko aukera «urgentziazko kasuetan».

«Normaltasun berrian» maskarak erabiltzea derrigorrezkoa izango da 6 urtetik gorakoentzat toki itxietan bi metroko distantzia mantendu ezin denean. Garraio publikoan ere erabili beharko dira, hegazkinetan, itsasontzietan, autobusetan eta trenetan. Baita bederatzi bidaiari arteko garraio publikoan ere, alegia, taxietan. Tren eta autobus eskaintza egokitu egin beharko da jende pilaketak ez izateko. Maskara erabiltzen ez dutenentzat, ehun euro arteko isunak aurreikusten ditu zirriborroak.

Erantzuteko, bost egun

Zirriborroaren arabera, erakundeek derrigorrezkoa izango dute COVID-19aren sintomak dituztenei PCR proba egitea edo diagnostikatzeko beste teknikaren bat erabiltzea eta Espainiako Osasun Ministerioari jakinaraztea. Gainera, prest egon beharko dute larrialdi egoerei aurre egiteko: dekretuak zehazten du, orain arte ikusitakoa aintzat hartuta, bost egunean kasu hazkunde azkarrei erantzuteko beharrezkoak diren oheak izan beharko dituztela.

Lantokietan garbitasun neurriak mantendu beharko dira, eta langileen esku jarri beharko dituzte enpresek eskuak garbitzeko gela. Lanpostuek ere egokituta egon beharko dute, eta lan txandak orain bezala antolatu egin beharko dira bi metroko segurtasun distantzia mantendu ahal izateko. Ez bada posible, langileei babesteko tresneria eman beharko diete.

Ikastetxeetan ere garbitasuna eta prebentzioa bermatu beharko da, eta egokitu egin beharko dira. Gehiago zehaztu gabe, zirriborroak dio ikasle pilaketa eragotzi beharko dela eta segurtasun distantzia mantendu, eta, hori posible ez denean, higiene neurri batzuk ezarri. Zahar etxeetan, merkataritza guneetan eta hotel eta bestelako ostatuetan ere hala egin beharko da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.