Alarma egoera urtarrilaren 15era arte luzatu nahi du PSOEko gobernuak

Espainiako Kongresuan aurrera egingo du bihar proposamenak, CIU, EAJ eta CCren aldeko botoei esker

Agurtzane Solaberrieta Mesa.
2010eko abenduaren 15a
00:00
Entzun
Atzo arratsalde amaieran egindako ezohiko ministroen kontseiluan hartu zuen erabakia Espainiako Gobernuak: urtarrilaren 15era arte alarma egoera luzatzea erabaki zuen, «Eguberrietan aireko zirkulazioaren normaltasuna bermatzeko», eta hala egiteko eskatuko dio bihar bertan Espainiako Kongresuari. Proposamenak gehiengo sinplea aski du aurrera egiteko, eta dagoeneko PSOEko gobernuak ziurtatuta dauka CIUren, EAJren eta CCren babesa.

Abenduaren 4an hartu zuen Espainiako Gobernuak alarma egoera ezartzeko erabakia, aurreko egunean aireko kontrolatzaileek osasun arazoak argudiatuz lanari utzi ziotela-eta sortutako anabasari aurre egiteko. Franco diktadorea hil zenetik lehen aldia da alarma egoera ezartzen dena. Printzipioz, hamabost egunerako ezarri zuten, eta, horren arabera, larunbatean geratu beharko luke bertan behera. Gobernuak, ordea, beste iritzi bat du. «Gertaerak oso larriak izan ziren, eta gobernuaren obligazioa da aireko zirkulazioa normaltasunera itzularaztea. Abenduaren 3aren aurreko egoerara itzuli behar dugu, eta, horretarako, zorrotz jokatu behar dugu», esan zuen atzo Alfredo Perez Rubalcaba gobernuko bozeramaileak, bilera amaitzean egindako agerraldian. Espainiako Gobernuak «xantaia arriskua» ikusten du oraindik, eta ez du nahi Eguberrietan berriz «kaosik» gertatzerik.

Hain zuzen, aire kontrolatzaileak militarren aginduetara jarraitu behar ote duten erabakitzeko, Sustapen, Defentsa eta Justizia ministerioen txostenak izan zituzten mahai gainean atzoko bilkuran. Ministroen artean ez zela desadostasunik egon hitzeman zuen Rubalcabak. Jose Blancoren ministerioak urtarrilaren 15era arte luzatzeko eskatu zuen, baina iturri batzuen arabera, Defentsa eta Justizia ministerioak ez zeuden ados neurri horrekin.

Bihar bozketa Kongresuan

Ramon Jauregi Presidentzia ministroak aurkeztuko du alarma egoera luzatzeko proposamena bihar Kongresuan, eta ez Jose Luis Rodriguez Zapatero presidenteak, Zapaterok Bruselara joan behar baitu goi bilera batean parte hartzera. CIUk, EAJk eta CCk dagoeneko adierazi dute aldeko botoa emango dutela, eta, ondorioz, aurrera egingo du proposamenak. IU, ERC, ICV, BNG eta ERCk, ordea, aurka bozkatuko dute. PPk zer egingo duen ez dago argi, oraindik ez baitu bere jarrera argitu. Gaur goizean jasoko dute alderdi politiko guztiek gobernuaren proposamena, eta zehatz-mehatz aztertu eta gero jakinaraziko dute erabakia. Edonola ere, atzo Soraya Saenz de Santamaria PPk Kongresuan duen bozeramaileak oso kritiko hitz egin zuen proposamenaren inguruan, eta Zapateroren gestioaren «porrotaren» erakusletzat jo zuen. «Aire kontrolatzaileen gatazkaren inguruan gobernuak erakutsitako ezintasun eta autoritate falta erakusten du».

Josep Antoni Duran i Lleida CIUko bozeramaileak atzo eguerdian esan zuen CIUk «inolako konplexurik gabe» babestuko duela proposamena. Edonola ere, Eguberrien ostean «salbuespeneko egoera honi» konponbideren bat topatzeko eskatu zien gobernuari eta kontrolatzaileei, «egoera ezin baita gehiago luzatu adostasunik ez dagoelako».

Behin Kongresuak proposamena onartuta, ostiraleko ministroen kontseiluan dekretu berri bat onartu beharko dute, alarma egoeraren luzapena igandean bertan indarrean sartzeko. Rubalcabak adierazi zuenez, abenduaren 4an onartutako dekretuaren baldintza berak jasoko ditu.

Kaltetuen eskaerak

Kontrolatzaileen lanuzteak kaltetutakoen plataformak, bestalde, atzo goizean bilera egin zuen, eta Espainiako Fiskaltzari eskatuko diote erantzukizun zibilarengatik kontrolatzaileek ordaindu beharko lituzketen kalte-ordainak bermatzeko neurriak hartzeko. Besteak beste, kontrolatzaileen ondasunak bahitzeko eskatu dute. Plataformak ziurtatu duenez, Fiskaltzak bere egin ditu neurriok, eta prozesua «oso gertutik» jarraituko du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.