Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak bideratutzat jo du txerto iraungien krisia

Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak jakinarazi du azkenean uste baino kaltetu gutxiago egon dela. 23 pertsona txertatu dituzte berriro, eta 29 daude kontrastatzeko zain.

Maria Ubarretxena Eusko Jaurlaritzaren bozeramailea eta Alberto Martinez Osasun sailburua, gaurko prentsaurrekoan. IREKIA
Maria Ubarretxena Eusko Jaurlaritzaren bozeramailea eta Alberto Martinez Osasun sailburua, gaurko prentsaurrekoan. IREKIA
kristina martin
2026ko otsailaren 3a
17:01
Entzun 00:00:00 00:00:00

«Gaur esan dezakegu osasun gorabehera bideratuta dagoela». Hala laburbildu du Alberto Martinez Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak txerto iraungien krisiaren egoera. Bideratuta bai, itxita ez. Txerto iraungiak zergatik banatu diren, zergatik jarri diren, etorkizunean halakorik ez gertatzeko zer egin behar den... hori dena aztertu beharko dute hurrengo aste eta hilabeteetan, eta horren araberako erabakiak hartu. Kargua hartu zuenetik izan duen krisirik gordinena da. Imanol Pradales Eusko Jaurlaritzako lehendakariak barkamena eskatu du publikoki.

«Egoera aldatu egin da, kasuen kopurua murriztu eta hasierako sakabanaketa mugatu egin da», azaldu du Martinezek, Gobernu Kontseiluaren osteko agerraldian. Ideia bat nabarmendu nahi izan du: «Hasiera-hasieratik esan dut, eta gaur berriro diot: gure premiak pertsonak eta haien familiak izan ditu ardatz. Haiek izan dira eta dira gure lehentasuna. Zorrotzak eta gardenak izan gara, eta pazienteen segurtasuna bermatu dugu». Izan ere, horren inguruko kexa zabaldu zen, Osasun Saila ez baitzen berehala familiekin harremanetan jarri arazoaren berri izan zuenean. 

Soka luzea ekarri du txerto iraungien auziak. Osakidetzan azken hiru hilabeteetan emandako txertoak dira, eta batez ere umetxoei jarritakoak. Urtarrilaren 27an atera zen argitara albistea, EH Bilduren salaketa baten haritik. Orduz geroztik, ia egunero berritu dira datuak: zenbat pazienteri eman zitzaien eta txerto iraungiak zer motatakoak ziren —hasieran hexabalentea izan zen, baina, ostean, beste bi txertotan ere akatsak aurkitu dituzte—. Krisialdi horren kudeaketa teknikoa eta mediatikoa korapilatsua eta nahasia izan da, eta, horregatik, pazienteen elkarteen eta oposizioko alderdien aldetik kritikak jaso ditu Martinezek: gardentasun falta egotzi diote familia kaltetuei eta gizarteari informazioa zabaltzeko orduan.

Martinezek gertakizunen kronologia egin du, urtarrilaren 15etik, hots, Osasun Sailak lehen kasuaren berri izan zuenetik gaur egun arte. Sailburuak egungo egoerari buruzko aipamenarekin hasi du hitzaldia. Esan duenez, txertoa berriro jarri behar duten paziente eta familia guztiak jakinaren gainean daude; batzuk txertatuta daude dagoeneko, eta falta direnek horretarako ordua dute jadanik. Gogorarazi du txerto iraungia jartzeak ez duela arriskurik, hau da, pertsonen osasuna ez dela inoiz arriskuan egon.

Bestalde, sailburuak azaldu duenez, osasun sistemaren akatsaren ondorioz kaltetuak izan litezkeen pertsonen kopurua nabarmen murriztu da. «Azkenean, 23 pertsona txertatu dira berriz: hemezortzi adingabe eta bost heldu», esan du Martinezek. Beste 29 kasu daude kontrastatzeko zain. Izan ere, auzia plazara irten zenean, Osasun Sailak jakinarazi zuen 253 pertsonak jaso zutela txerto hexabalente iraungia. Egunak igaro ahala, kaltetuen kopuruaren dantza izan da: 253, 103, 30... Azkenean, 23 izan dira, Osasun Sailaren arabera. 

Arazoak beste bi txertorekin

Horiek hasieran atzeman ziren txerto hexabalentearekin lotutako datuak dira. Txerto horien jarraipena egiten hasita, ohartu ziren beste txerto batzuekin ere gorabeherak egon zirela. Izan ere, urtarrilaren 29an jakinarazi zuten beste 78 kasu zeudela txerto tetrabalentearekin eta txerto hirukoitz birikoarekin lotuta. Martinezek argitu du, egiaztapenak egin eta gero, 75 kasu direla gaur egun. Horietako batzuei txertoa jarri diete berriz, eta besteek ordua dute berriz ere txertatzeko.

Halaber, Osasun sailburuak eguneratu egin du txerto iraungiak jarri zituzten Erakunde Sanitario Integratuen (ESI) inguruko informazioa —eskualdeetako osasun zentroak eta ospitaleak kudeatzen dituen erakundeak dira ESIak—. Zehaztu duenez, hasieran esan zuten hamabi ESIetan jarri zituztela txerto iraungiak, baina gaur esan du gorabeherak batez ere bost zentrotan gertatu direla: Gipuzkoan, Donostialdeko ESIko Iztietako (Errenteria), Ondarretako (Donostia) eta Usurbilgo osasun zentroetan, eta, Bizkaian, Barrualde Galdakaoko ESIko San Migeleko (Basauri) eta Landakoko (Durango) osasun zentroetan. 

Ikertzeko garaia 

Gertatutakoa ikertzeko eta berriro ez gertatzeko, Txertoen Ikerketa eta Trazabilitate Batzordea sortu du Osasun Sailak. Horrekin batera, Martinezek esan duenez, ESI guztiek sortu dituzte txerto baten trazabilitatean esku hartzen duten eta erantzukizuna duten profesionalez osatutako talde espezifikoak, 2025ean aplikatutako txerto guztien trazabilitatea berrikusteko —gripearen eta koronabirusaren txertoen kasuan izan ezik—. Farmaziako profesionalez, txertoen arduradunez, erizaintzako arduradunez eta kudeaketa sanitarioko unitateetako arduradunez osatuta daude talde horiek, eta Osasun sailburuak jakinarazi du «arreta berezia» jarriko dutela akats gehienak antzeman dituzten bost zentro horietan.

Kronologia

  • Urtarrilaren 15a. Iztietako (Errenteria) osasun zentroan iraungitze data amaitua zuen txerto hexabalente baten lehen kasua antzeman zuten. Erizain batek eman zuen kasuaren berri. Zentro horretako sortak arakatzen hasita, 33 azaldu ziren iraungiak. 
  • Urtarrilaren 16a. Osasun Sailak txertoak ekoitzi zituen laborategiari kontsulta egin zion, jarduteko irizpidea eskatzeko.
  • Urtarrilaren 19a: Osakidetzaren ESI guztietara zabaldu zuten txerto iraungien bilaketa.
  • Urtarrilaren 20a: Osasun Sailak Espainiako Botiken Agentziari eta EAEko Txertoen Aholku Batzordeari ere gomendioa eskatu zien.
  • Urtarrilaren 21a: Dosi iraungien 262 erregistro (253 pertsonarenak) identifikatu ziren Osakidetzako hamabi ESIetan eta zentro pribatu batean. Osasun Sailaren eskaerari erantzun zioten hiru entitateek, eta bakoitzak iritzi desberdin bat zuen. Batetik, laborategi fabrikatzaileak gomendatu zuen 101 kasutan berriz txertatzea. Espainiako Botiken Agentziak, berriz, mezu elektroniko batean helarazitako jakinarazpen batean gomendatu zuen ez txertatzea. EAEko Txertoen Aholku Batzordea, berriz, guztiak —253— berriro txertatzearen alde azaldu zen.
  • Urtarrilaren 26a: Ikusita hiru erakunde zientifikoen gomendio kontrajarriak zituztela, sakonago aztertzeko eskatu zien Osasun Sailak EAEko Txertoen Aholku Batzordeari eta Espainiako Agentziari.
  • Urtarrilaren 27a: Alberto Martinezek Rebeka Ubera EH Bilduko legebiltzarkidearen deia jaso zuen. Osasun sailburuak azaldu duenez, auziaren inguruko informazioa eman zion Uberari. Martinezen hitzetan, 15:30ean izan zen deia, eta «handik minutu batzuetara informazioa komunikabideei filtratu zitzaien». EH Bilduko zenbait ordezkarik, ostera, argitu dute informazioa bazutela Errenterian lehen kasua agertu zenetik, baina «informazio delikatua» izanik hura egiaztatzeari ekin ziotela. Osasun Sailak baieztatu zien txerto iraungiak jarri zirela, eta orduan erabaki zuten auziaren inguruko galdera parlamentarioak aurkeztea.
  • Urtarrilaren 28a. Espainiako Botiken Agentziak behin betiko txostena egin zuen. Horren arabera, azaroan jarritako txertoak baliagarriak dira, nahiz eta txertoen ontzian urriaren 30a ageri iraungitze data gisa. Beraz, kasu horietan berriz ez txertatzea gomendatzen zuen. Txosten hori EAEko Txertoen Aholku Batzordeari igorri zion Osasun Sailak. Arratsalde horretan bertan, aholku batzordeak bere behin betiko txostena bidali zuen, eta irizpidea ezarri zuen: abenduan eta urtarrilean txertatutako pertsonak soilik berriz txertatzea (103 pertsona guztira). Handik ordubetera, Osasun sailburua jendaurrean agertu zen Osasun Sailaren erabakia azaltzeko.
  • Urtarrilaren 29a. Berriz txertatzekoak ziren 103 pertsonen historia klinikoen azterketa egiten hasi zen Osakidetza. Erregistro akats ugari detektatu ziren, eta horrek baieztatu zuen kasu askotan txertoak data egokiarekin jarri zirela. Horren ondorioz, txertatu beharreko pertsona kopurua 30era murriztu zuen Osasun Sailak. Hala ere, beste txertoekin detektatutako hiru gorabehera berri azaldu ziren (Basurtun, txerto hexabalentea, tetrabalentea eta hirukoitz birikoa). Akats horiek guztiak aztertzeko eta argitzeko Ikerketa eta Trazabilitate Batzordea sortu zuen Osasun Sailak; horren helburua da 2025ean jarritako txerto guztiak berrikustea —175.000—. Bestalde, EAEko Fiskaltzak diligentziak hasi ditu osasun publikoaren kontrako delitu bat egon ote den zehazteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.