Albsolbitu egin dituzte Arzuaga mehatxatzeaz akusatutako poliziak

Iazko apirilean, Poliziak eragindako biktimei aitortza emateko legearen inguruko eztabaidan, jasotako mehatxu eta irainengatik Jusapol, Jucil eta Sipe polizia sindikatuetako zortzi kideren aurkako salaketa jarri zuen EH Bilduko parlamentari Julen Arzuagak.

Julen Arzuaga, epaiketaren egunean. JON RODRIGUEZ BILBAO / EFE
2020ko apirilaren 30a
20:58
Entzun

Gasteizko 4. instrukzio epaitegiak absolbitu egin ditu EH Bilduko parlamentari Julen Arzuagak salatutako zortzi poliziak. Arzuagak mehatxuak eta irainak egitea leporatu zien Jusapol, Jucil eta Sipe polizia sindikatuetako kideei, Poliziak eragindako biktimei aitortza emateko legea eztabaidatzen ari ziren osoko bilkuran eginikoengatik.

Gertaerak iazko apirilaren 4an jazo ziren, Eusko Legebiltzarrean. 1976 eta 1999 artean Poliziak eragindako biktimei aitortza emateko legea moldatzen duen arauari buruzko behin betiko bozketa egin zuten osoko bilkuran. Bertan, ikusleen artean izan ziren polizia elkarteetako ordezkariak, eta keinuka aritu zitzaizkien EH Bildukoei. Besteak beste, polizia elkarteetako kide batek keinu bat egin zien, eskuarekin: J hizkiaren forma, pistola batena ere iradokitzen duena. Arzuagak «erabateko arbuioa» agertu zien Espainiako segurtasun indarrei, eta «lobby nazkagarria» egitea egotzi zien segurtasun indarren biktimek aitortzarik jaso ez dezaten. Gero, behin eztabaida amaituta eta legea onartuta, Jusapoleko bozeramaile batek indarkeria tresna politiko gisa erabiltzea egotzi zien Arzuagari eta, oro har, EH Bilduri, eta ETArekin lotu zituen.

Arzuagak polizia sindikatuetako kideen aurkako salaketa jarri zuen, maiatzaren 2an eta, duela hilabete eta erdi egin zen epaiketa. Akusatu bakoitzarentzat 900 eta 1.800 euro arteko zigorrak eskatu zituen akusazioak. Gaur, ordea, epaitegiak absoluzioaren alde egin du. Halere, epaiari errekurtsoa jartzeko aukera dago.

Gertakari berdinagatik, Dignidad y Justicia elkarteak Arzuaga bera salatu zuen, baina EAEko Auzitegi Nagusiak ez zuen izapidea onartu.

 

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.