Aldak alokairuen mugatzeko neurria egonkortzeko eskatu die diputatuei

Bihar eta heldu den astean etxebizitza gaiak eztabaidatzekoak dituzte asanbleako batzordean. Horregatik, Aldak ekintza egin du goizean, neurria egonkortuko ez balitz hartaz sekula baliatu ahal izanen ez diren alokatzaileekin batera.

Aldaren ekintza, goizean, Baionako apartamentu batean. NAHIA GARAT
Aldaren ekintza, goizean, Baionako apartamentu batean. NAHIA GARAT
Leire Casamajou Elkegarai.
2025eko abenduaren 2a
12:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

Alda auzoetako mugimenduak apartamentu bat okupatu du beste behin, Baionan, baina haren alokatzailearen baimenarekin, honakoan. Alokatzaile horren aldarria aitzinera eramatea zen helburua, hain zuzen: Ipar Euskal Herriko tentsiopeko 24 herrietan esperimentazio gisa ezarria dagoen alokairuen mugatzea egonkortzen ez bada 2026ko azarotik goiti, sekula ezinen du galdegin mugatzea haren kasuan ere ezar dadin, bere kontratua esperimentazio neurriaren epea bukatu ondotik baizik ez baitu berritzen ahalko, eta horrekin alokairua jaistea galdegin. Hala, alokairuen mugatzea egonkortzea galdegin die Aldak diputatuei, bihar eta heldu den astean etxebizitza gaiak eztabaidatzeko batzordeetan lanean aritzekoak direlako.

Neurria Iñaki Etxaniz laugarren hautesbarrutiko diputatu sozialistak bultzatu zuen, eta Peio Dufau seigarren hautesbarrutikoak sustengatzen du, geroztik. Afera da esperimentazioan dagoela momentukoz neurria, 2026ko azarora arte, izan ere. Eta, honako hau da arazoa: alokairua karioegi ordaintzen duten alokatzaileen etxebizitza kontratua neurria plantan eman aitzin izenpetua bazuten, orduan kontratua berritzeko epea itxaron behar dute prezioa jaisteko, eta zenbaitena heldu den urteko azaroa baino berantago izanen da.

Gauzak horrela, alokatzaile anitzek karioegi pagatzen dute hilabetero, baina mugatze neurria erabiltzeko ezintasunean gertatu dira azken urte honetan. Erraterako, alokairuen mugatze neurria 2024ko azaroan sartu zen indarrean, orain dela urte bat; bigarren urtea egitekoa du orain, egonkortuko ote duten erabaki arte. Haatik, alokatze kontratu gehienek hiru urteko iraupena dute: 2024ko azaroan neurria indarrean sartu aitzin kontratua izenpetu zutenek, adibidez, aukerarik ez dute ukan ezta ukanen ere alokairuaren prezioa jaistea eskatzeko luketen eskubidea bermatzeko, neurria egonkortzen ez bada.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.