Aldak etxebizitza eskubidea aldarrikatu du bigarren Auzolan egunean

Azken urteetako etxebizitza arloko lorpenak ospatu dituzte, eta datozen urteetako erronkei buru egiteko gogoa berretsi. Egun osoan erakusmahaiak, erakusketak, ikuskizunak eta tailerrak bisitatu ahal izan dituzte Auzolan egunean bertan izan direnek.

Aldak antolaturiko Auzolan eguna, gaur, Baionan. PATXI BELTZAIZ
Aldak antolaturiko Auzolan eguna, gaur, Baionan. PATXI BELTZAIZ
Leire Casamajou Elkegarai.
BAIONA
2025eko urriaren 11
19:15
Entzun 00:00:00 00:00:00

Baiona Ttipiko karrikak hartu ditu gaur Alda auzoetako mugimenduak. Auzolan egunaren bigarren aldiaren karietara, egitarau zabala prestatua zuen elkarteak, ospatu ahal izateko azken urteetako lorpenak, baita datozen urteetako erronkei buru egiteko gogoa berretsi ere. Jende andana bat ibili da egun osoan erakusmahaitik ikuskizunera, tailerretik mintzaldira.

Atzo arratserako, jadanik, konferentzia bat antolatua zuten Bruselako kanporaketen kontrako fronteko Sarah de Laetekin; alokatzaile guziei dei egin zieten batzeko eta etxebizitzen jabeen parean fermu egoteko. Hain zuzen, Aldak behin eta berriz salatu ditu jabeen gehiegikeriak horien ontasunak alokairuan jartzeko momentuan.

Gaurko, berriz, hiru konferentzia lotu zituzten: lehena Europa mailan etxebizitza eskubidearen alde eramanak diren borrokez, bestea 2026ko herriko bozetarako erronka nagusiez, eta azkena, alokairuen mugatzea arautzen duen legearen eraginkortasunaz eta iraunkortasunaz; hainbat militantek, profesionalek eta hautetsik parte hartu dute delako mahai inguruetan.

Erakusketa bat ere estreinatu dute, Aldak borrokatzen duenarekin hertsiki lotua: Auzolan asteburuaren karietara, etxebizitzetako hezetasun arazoak irudikatzen dituen argazki erakusketa bat prestatu dute bi argazkilarik, Camille Chopinek eta Guillaume Fauveauk; Baionako trinketetik Patxa plazarako karrikan izan da ikusgai.

Gaur gauean, ospakizunak ederki bukatzeko, kontzertuak izanen dira Patxa plazan, hala nola Zea Mays taldea, Tapia eta Leturia, Bacano Banda eta Elektruka.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.