Aldak salatu du Baionako etxe baten jabeak urtean behar baino 10.692 euro garestiago alokatzen duela apartamentua

Iaz ezarri zen alokairuen mugatzeko legea ez errespetatzea leporatu diote jabeari, «pisukideak izatera behartu» baititu maizterrak. Apartamentua alokatzen duen bikote batek jakinarazi zion egoera Aldari, eta ekintza bat egin dute goizean.

Aldaren ekintza bat gaur, Baionan. PATXI BELZAIZ
Aldaren ekintza bat gaur, Baionan. PATXI BELZAIZ
Leire Casamajou Elkegarai.
Baiona
2025eko irailaren 22a
18:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Denera 80 bat metro karratuko apartamentua, Baionako San izpiritu auzoan. Hilabetean 1.795 euroko alokairua orotara: egongela eta sukaldea biltzen dituen gela bat, logela bat 720 euroan, beste bat 545ean, eta hirugarrena 530ean. Bizizaleak ez dira familia berekoak, ezta lagunak edo ezagunak ere: «Pisukideak izatera behartu» ditu Lapurdiko kostako etxebizitzaren egoerak. Ez dute apartamentu bat alokatzen, ganbera bat baizik, baina coliving bizimodua saldu nahi izan die jabeak: bizikidetza. Zer preziotan? Aldak kalkulatu duenez, alokairuak mugatzen dituen legearen arabera, hiru alokatzaileen artean behar baino 10.692 euro gehiago ordainarazten die jabeak urtean.

Ekintza bat egin dute goizean Aldako militanteek San Izpiritu auzoko Jean Jaures hiribideko apartamentuan. «Juridikoki aski zehaztua ez den» coliving izenpean zenbait jabek alokairuan jartzen dituzten apartamentuen funtzionamendua salatu dute. Horrela eginez, jabeak logelak ezartzen ditu alokairuan, banaka, prezio biziki gora; hots, ez apartamentu baten parte bat balira bezala. Aldaren ustez, «pisukideak izatera behartu» ditu alokatzaileak, «nahiko etxebizitzarik ez» baita kostaldean eta azkenean gisa horretako proposamenak baizik ez baitzaizkie baratzen.

Hain zuzen ere, hori izan da Martinen kasua —ordezko izena da—, baina egoeraz ohartua zelako, Aldara jo zuen. Martin bikotekidearekin sartu zen apartamentu horretara, 2024ko abenduaren 3an, hots, alokairuen mugatzea ezarri zuen legea indarrean sartu eta zortzi egunera. Haiek dute etxebizitzako logelarik handiena; 720 euroan alokatzen dute hilabetean, karguak gabe. Aldak logela horren alokatzeak berez zenbat kostatu behar lukeen kalkulatu du, legearen arabera: 362,60 euro; hots, Martinek eta bere bikotekideak ordaintzen dutena baino 257 euro gutiago.

Gastu osagarriak

Martin eta bere bikotekideaz gain, Mathieuk eta Lisak ere alokatzen dute apartamentua; haiek okupatzen dituzte beste bi ganberak. Mathieu iazko abenduaren 16an sartu zen, eta 530 euro ordaintzen ditu hilabetean, betiere kargurik gabe; legeak arautzen duena baino 263 euro gehiago dira. Lisak, azkenik, 530 euroko alokairua ordaintzen du.

Aldak egin dituen kalkulu horiek, gainera, «ez dira zorrotzenak» haien ustez. Izan ere, alokairuak mugatzeko bi muga daude: erreferentziazko prezioa eta prezio emendatua, aplikatzen ahal dena etxebizitza baten ezaugarri bereziak baldin baditu. Aldak prezio emendatuaren arabera egin ditu konparaketak, eta halere tartea alimalekoa da.

Prezio horiek goratzeko zenbait taktika erabiltzen ditu apartamentuaren jabeak: alde batetik, coliving kontzeptuaz anitzez ere gehiegi baliatzen da, esperientzia hori ustez gauzatzen duen elementu bakoitzari prezio gehigarria jarrita. Adibidez, mahai jokoak, garagardoa zerbitzatzekoa eta surf oholak utzi ditu apartamentuan, baina bakoitzari zama bat eman dio, eta horiek ordainarazten dizkie alokatzaileei.

Bestalde, gastu osagarriak gehitu dizkio alokairuaren berezko prezioari: adibidez, Mathieu eta bere bikotekidearen logelan berina bat dago, eta gastu osagarri gisa ezarri die. Aldak gogorki salatu ditu jokamolde horiek, eta, delako ganberaren berinaren kasua adibidez harturik, oroitarazi dute derrigorrezkoa dela logela batean berina bat izatea, bestela ezin da alokatzera eman. Gainera, zehaztu dute gastu osagarrien gehitu ahal izateko zenbait baldintza bete behar dituela apartamentu batek, besteak beste, hezetasunik ez izatea. Ordea, apartamentu horren zenbait murru hezetasunagatik andeatuak dira.

Martinek Aldaren sostenguarekin deliberatu du jabeari buru egitea, eta apartamentua uzteko abisua eman dio, zenbait baldintzarekin: jabeak itzul diezazkiola alokairua izenpetu zuen egunean utzi zion bermea eta orain arte behar baino gehiago ordaindutako dirua; eta, horrez gain, alokairuak mugatzen dituen legea errespeta dezala etorkizunean. Aldak segurtatu du baldintza horiek betetzen ez badira auzitara joanen dela afera.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.