Aldaketarekin «leial» aritzeko eskatu dio Ezkerrak laukoari

UPNk nabarmendu du «babes politiko diskretua» eman diola Nafarroako Gobernuari ekarpenaren negoziazioan

Marisa de Simon, artxiboko irudi batean. JESUS DIGES / EFE.
2018ko urtarrilaren 5a
00:00
Entzun
IRUÑEA. 2018rako erronkei eta une politikoari buruzko txostena onartu zuen abenduren 15ean Ezker Batuak, eta han jasotakoak aurkeztu zituen atzo Marisa de Simon alderdiko koordinatzaileak. Haren esanetan, «hautsezina» da EBren konpromisoa aldaketarekiko, eta berretsi du «ezberdinen arteko» akordio hori. De Simonen iritziz, itunak aukera eman du « aurrera egiteko aniztasunean, elkarbizitzan eta askatasunean. Hori indartu behar da, egungo legealdian manten dadin eta aldaketak 2019an jarraitzeko aukera izan dezan». Hala ere, mezua bidali zien bazkideei: «Ezinbestekoa da kide guztiak engaiatzea aldaketaren edukiekiko leial izatearekin». Desadostasunek «aldaketa ahuldu» dutela uste du, eta tirabira horiek «gainditu» behar direla: «Hobetu behar da akordioen kudeaketa. 2018an akordioaren edukietan jarri behar da arreta».

Laukoaren arteko «tentsioak» iragarri ditu, berriz, UPNk. Javier Esparza UPNko presidenteak atzo egin zuen 2017ko balantzea eta 2018ko asmoak xehatzeko agerraldia, eta hantxe adierazi zuen Geroa Bai, EH Bildu, Ahal Dugu eta Ezkerra «nor bere espazioaren bila» ariko direla urte osoan. Espainiako Gobernuarekin 2015-2019 eperako ekarpena berritu zuen Nafarroako Gobernuak abendu amaieran, eta itunean adostutakoak bere alderdiaren mesedetan erabili zituen Esparzak. Azaldu zuenez, UPNk «babes politiko diskretua» eman dio foru gobernuari Itun Ekonomikoaren negoziazioan».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.