Udal eta foru hauteskundeak

Aldaketaren hitzak

Gipuzkoako hautagai Xabier Olanok, Markel Olanok, Denis Itxasok, Juan Carlos Canok eta Iosu del Moralek eztabaida egin dute.Aldaketaz ez dute iritzi bera

Juan Carlos Cano, Markel Olano, Xabier Riezu, Xabier Olano, Denis Itxaso eta Iosu del Moral, atzo, Donostian. JON URBE / ARGAZKI PRESS.
enekoitz esnaola
Donostia
2015eko maiatzaren 19a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Gipuzkoako ahaldun nagusi izateko bost hautagai garrantzitsuenen arteko eztabaida zegoen iragarrita Donostian, baina ezin izan dira bostak egon, Juantxo Iturria Ahal Dugu-ren zerrendaburuak ez duelako parte hartzerik izan; Iosu del Moral Donostialdeko zerrendako hirugarrenak ordezkatu du. Harekin batera izan dira Xabier Olano (EH Bildu), Markel Olano (EAJ), Denis Itxaso (PSE-EE) eta Juan Carlos Cano (PP). Hautagaiek «ondaretzat» jo dute euskara, baina saioa gazteleraz egin dute; Markel Olanori «tamalgarria» iruditu zaio saioa gaztelaniaz izatea. Moderatzailea Xabier Riezu Deustuko Unibertsitateko irakaslea izan da, eta ehunen bat ikus-entzule elkartu dira, Loiola zentroa aretoan.

Kanpaina hasi denetik hautagai nagusien arteko hamargarren saioa izan da. Ez dira beti zerrendaburu denak egon, eta ezta alderdi denak ere. Lau egun falta dira kanpaina amaitzeko, eta beste lau saio izango dituzte; azkeneko biak, kanpainako azken egunean. Xabier Olano izango da guztietan parte hartuko duena. Itxaso dago ondoren zerrendan; hamabitan parte hartuko du.

Ekonomia eta zergak

Eztabaidan «aldaketa» izan da hitz nagusia. Xabier Olanok uste du lau urteotan, Bildurekin, Gipuzkoan gauzak aldatu direla. EAJk, PSEk eta PPk oro har iritzi diote politika egiteko beste modu bat behar dela eta aldaketa behar duela Gipuzkoak. Markel Olanok aipatu du Bilduren gobernuak ez duela ekonomia sustatzeko nahikoa lan egin, eta berriro azpimarratu du EAJk, diputaziora helduz gero, urtero enpresa guztientzat beste 50 milioi euro jarriko dituela. Xabier Olanok erantzun dio beste herrialdeen aldean Gipuzkoa hobeto dagoela, eta hor direla langabeziaren datuak eta. EAJren hautagaiari egotzi dio ondarearen zerga kendu egin zutela aurreko legealdian eta, horrela, «elitearen» alde baino ez zirela aritu. Zerga mota hura berriro indarrean denez, eta beste neurri batzuengatik, Bilduren jokabidea orekatuagoa izan dela adierazi du Xabier Olanok.

Denis Itxasok zerga sistemari eman dio garrantzia, hasieratik: haren arabera, EAE mailako zerga politika bera behar da; hau da, «Harmonizazioa». Cano, berriz, prest azaldu da «Gipuzkoako 60.000 enpresekin» elkarlanean aritzeko. Del Moralen iritziz, egoera ekonomiko «larriaren» oinarrian «egiturazko arazoa» dago, eta hori konpontzera jo behar da.

Politika sozialak

Xabier Olanok nabarmendu du Gipuzkoa dela politika sozialetan murrizketarik egin ez duen euskal lurralde bakarra. «Bilduk ez du murrizketa sozialik egin. Izan ere, krisi garaian lehendabizi pertsonak defenditu behar dituzte erakunde publikoek». Beste alderdiek onartu dute Gipuzkoako aldundiak politika sozialean baliabide asko jarri izan dituela, bai orain, bai lehen. Markel Olanok esan du arloaren «kudeaketa aldundiak berak zuzenean» egitea nahi izan duela Bilduk, eta EAJren eredua defenditu du, «eredu hobea» delakoan «kudeaketa boluntarioen esku uztea».

Itxasok gauzak «exajeratzea» leporatu dio hari, «hor ere EAJren eta Bilduren arteko eredu talka bilatzen duelako». PSEko kideak azaldu du Gipuzkoa dela politika sozialen babesean Europako lurralderik aurreratuenetakoa. Ahal Dugu-koak «pertsonen erreskatea» aldarrikatu du eta, beraz, arlo sozialean ere gastuen lehentasunak horretara jartzea. PPren gobernuak urteotan murrizketa sozial handiak egin dituen arren, Canok esparrurako baliabide gehiago eskatu ditu.

Helburu nagusiak

Eztabaidan esandakoaz gainera, Xabier Olano datozen lau urteetako helburu nagusien artean aipatu ditu zerga sistema «orekatuagoa», garraio publikoa hobetzea eta euskararen normalizazioan urrats gehiago egitea.

Markel Olanok ETAren jarduera armaturik gabeko egoera politikoa baliatu beharra azpimarratu du. Aurrera egiteko, denen arteko elkarlana beharko dela uste du, baina eskatu du iraganean egindakoarekiko ikuspegi kritiko bat izan behar dela. Itxasok azaldu du «ingurumen aldetik erronka handia» duela Gipuzkoak ere, eta politika publikoak horretara bideratzea eskatu du. Besteak beste, «lurraldea kohesionatzeko garraio publikoaren alde» mintzatu da. Del Moralek herritarren parte hartzeari eman dio garrantzia, «herritarrek egunerokoan parte hartzeko tresnak izan ditzaten».

Canok helburu nagusien artean hondakinen kudeaketa hobetzea aipatu du, «lau urte hauetan zulo beltz bat izan delako. Beraz, itunaren balioa berreskuratu beharra dugu». EAJk eta PSEk ere kritikatu dute Bilduren politika hori.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.