Harrabotsa eragin du Balearretan (Herrialde Katalanak) erabaki batek: IB3 telebista publikoa film batzuk gazteleraz ematen hasi da. Obra Cultural Balearrek, Plataforma per la Llenguak, Aldatu Gidoia taldeak eta beste hainbat eragilek erabakia salatu dute; neurria katalanaren aurkako erasotzat jo dute, eta «berehala zuzentzeko» eskatu dute.
Hasteko, erabakiaren atzean nor dagoen argitu dute: Josep Codonyk apirilaren 16an hartu zuen Balearretako IB3 irrati-telebista publikoaren zuzendari nagusiaren kargua, PP eta Voxen aldeko botoekin. «Orain, Codonyk IB3 erakunde publikoko zuzendari nagusiaren kargua hartu eta hilabete gutxira, film batzuk gaztelaniaz ematen hasi dira, katalanez eman beharrean».
Katalanaren normalizazioaren alde diharduten eragileak ez daude ados, telebista publikoaren «gaztelaniatzea» begitantzen baitzaie. Esaterako, Plataforma per la Llenguak adierazi du «IB3k %100ean katalanez ematen badu eta gertukoa bada» soilik duela zentzua, horretan datzala IB3ren izatearen arrazoia: katalanaren normalizazioan. Eta «gaztelaniazko kate ugari» daudela bestela ere.
EITB «aitzindari»
Aldatu Gidoia taldeak katalanaren aldeko eragileen salaketekin bat egin du, eta zera nabarmendu: «Eusko Jaurlaritza eta EITB aitzindari izan dira nazioarteko filmak gaztelaniaz emateko erabakian». Galdera egin du: «Nola da posible ustez euskaltzalea den EAJ bezalako alderdi bat PPrekin eta Voxekin bat etortzea?».Taldearen irudiko, jarrera horrek kalteak eragin ditu: «Nazioarteko filmak euskaraz ez emateko eta euskarazko bikoizketa desegiteko erabakiak kalte sakona eragin du euskaldunongan eta hizkuntzan». Eta ohitura batzuk sortu ditu: «Ohitu gaituzte filmak erdaraz ikustera eta barneratu digute euskara ez dela gai kanpoan ekoitzitakoa gurera ekartzeko».
«Nazioarteko filmak euskaraz ez emateko eta euskarazko bikoizketa desegiteko erabakiak kalte sakona eragin du euskaldunongan eta hizkuntzan»
ALDATU GIDOIA
Are, uste dute hori ez dela EITBk euskarari eta euskal hiztun komunitateari eragindako kalte bakarra: «Erdarazko katea sortu eta lehenetsi du urteetan EITBk. Ondorioz, euskaldunok normalizatu egin dugu EITBk gazteleraz ematea. Ontzat hartu dugu berezko hizkuntzaren jabe diren Espainiako estatuko gainerako erkidegoetako irrati-telebista publikoetan pentsaezina eta onartezina dena».
Horiek horrela, bestelako jokamoldea galdetu du taldeak: «Euskara eta gaztelania desoreka argian daude, eta, desoreka iraultzeko, euskarak aldeko tratua izan behar du politika publikoetan. Erakundeek bi hizkuntzekin berdin jokatzeak esan nahi du gaztelaniaren nagusitasuna betikotzearen alde egitea, ordezkatze linguistikoan sakontzea». Horregatik, euskarari «gune hegemonikoak» eskaintzea nahi dute: «Eman ditzala filmak euskaraz, eta [Eusko Jaurlaritzak] desegin ditzala banan-banan EITBren erdalduntzean egindako urratsak».