Bizikidetza

Alderdi guztiek oroitu dute Juan Mari Jauregi, ETAk hil zueneko hemeretzigarren urteurrenean

Ekitaldia egin dute Gipuzkoako Batzar Nagusietan, eta han izan dira Jauregi zenaren senideak ere.

Jauregiren aldeko ekitaldia, gaur, Gipuzkoako Batzar Nagusietan. GIPUZKOAKO BATZAR NAGUSIAK.
2019ko uztailaren 29a
10:35
Entzun

"Bakearen alde", Juan Mari Jauregiren hilketa gogoratzeko ekitaldia egin dute gaur Gipuzkoako Batzar Nagusietan. Han izan dira, Jauregiren senideak ez ezik, batzar nagusietan ordezkaritza duten alderdi guztiak ere: EAJ, EH Bildu, PSE-EE, Ahal Dugu eta PP. Xabier Ezeizabarrena (EAJ) batzar nagusietako presidenteak ezin izan du parte hartu, eta Ernesto Merino (EH Bildu) presidenteordeak zuzendu du ekitaldia. Alderdietako ordezkariak ez ezik, han izan dira Markel Olano ahaldun nagusia, Olatz Peon Tolosako alkatea, eta Laura Martin eta Maider Garcia ere —GALek hildako Juan Carlos Garcia Goenaren senideak—.

Lore eskaintza baten ondoren, bost minutuko isilunea egin dute ekitaldiko partaideek. 2014an hasi ziren gisa horretako ekitaldiak egiten batzar nagusietan; Jauregiren omenez ez ezik, Komando Autonomo Antikapitalistek 1980an hildako Jaime Arreseren (UCD) omenez ere egin izan dituzte ekitaldiak.

Juan Mari Jauregi uztailaren 29an hil zuen ETAk, duela hemeretzi urte. PSE-EEko kidea, Gipuzkoako Batzar Nagusietako kide izandakoa eta gobernadore zibil ohia zen.

Sorterrian ere bai

Batzar nagusietako ekitaldiaren ondoren, 13:30ean, Legorreta (Gipuzkoa) sorterrian ere egin diote omenaldia Jauregiri, senide, lagun eta alderdikideek antolatuta.


Legorretan Juan Mari Jauregi zenari egindako omenaldia, gaur. BERRIA

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.