Energia enpresa baten gogobetetze galdetegia dirudi, baina ez, gai oso serioa jorratzen duen tresna bat da. Hain zuzen ere, energia efizientzia eskalen diseinuan inspiratu da Gasteiz Anitza elkartea alderdi politikoek beren diskurtsoetan xenofobiaren aurka erakusten duten konpromisoa neurtzeko autoebaluazio tresna sortzeko. Hamar aldagai ditu galdetegiak, eta horietako bakoitzean 1etik 4rako puntuazioa jar diezaiokete beren buruari alderdiek. Emaitzak, 1etik 4rako zenbaki bat, alderdiaren posizioaren adierazgarri: 1a «jarrera problematikoa» da, eta 4a, «lidergoa». Tartean, konpromiso maila handiak edo apalak.
Gaur egindako agerraldian aurkeztu dute tresna elkarteko ordezkariek, baina azaldu dute aurretik Gasteizko Udalean ordezkaritza duten alderdi guztiekin bildu direla, dinamikan parte hartzeko prest ote dauden jakiteko. «EH Bildurekin eta Elkarrekin Ahal Dugu-rekin badugu jada bilera hitzartua, eta PSE-EE eta EAJren erantzunen zain gaude. PPk jada esan digu ez daukala parte hartzeko interesik», azaldu du elkarteko kide Peio Salazarrek. «Guk alderdi guztiek parte hartzea nahi genuke, gasteiztar guztiak dinamikan ordezkaturik egoteko. Espero dugu Alderdi Popularrak bere jarrera aldatuko duela», gehitu du.
Aniztasunaren aldeko konpromisoa neurtzen
Salazarrek gogorarazi duenez, Gasteiz Anitza elkartea hainbat eragileren arteko elkarlanetik sortu zen. «Gasteizko hainbat auzotan jazotzen ziren bizikidetza arazoen harira sortu genuen elkartea. Etorritako migrante eta errefuxiatuek lonjak okupatzen zituzten, etxebizitzarik ez zutelako, eta hainbat eragile politikok egoera hori manipulatu zuten, diskurtso xenofobo eta arrazistak beren alde instrumentalizatuz. Jokaera horren aurka egiteko eta lerro gorriak berriz ezartzeko asmoarekin sortu dugu tresna hau».
«Bizikidetza arazoen manipulazio politikoa eragoztea da gure helburu nagusia», baieztatu du Rosabel Argotek, elkarteko bozeramaileak. «Energia etiketen antzerako sailkapen batean oinarritu garra, efizientzia politikoa neurtu nahi dugulako, hots, zenbateraino bultzatzen duten alderdiek hiri kohesionatu eta inklusibo bat beren diskurtsoekin». Funtsean, alderdiek «aniztasunarekin eta elkarbizitzarekin duten konpromisoa» neurtzeko tresna da, Argotek adierazi duenez. Alderdiek galdetegia bete behar dute, eta, ondoren, kanpainan, ikusiko da egindako diagnostikoa egia den edo ez.
Berez, Gasteizko testuingururako pentsaturiko tresna bat da, eta datorren urteko udal hauteskundeetarako erabiltzea zen elkartearen asmoa. Hortaz, galdetegiak tokiko gaiak biltzen ditu, Arabako hiriburuan sesio ugari sortu dituen Aranako errefuxiatuen harrera zentroa, esaterako. Hala ere, unibertsalak diren gaiak biltzen ditu, «migrazioari eta asiloari buruzko diskurtso arduratsua» edo «kriminalizaziorik eza», esaterako. Beraz, abiatu berri den Espainiako hauteskundeetako kanpainan ere tresna erabilgarria izan daitekeela uste du Argotek.Â
Hain zuzen ere, datorren kanpaina horretan diskurtso arrazista eta xenofoboek izan dezaketen gorakadak kezkatzen du elkartea. «Kanpainak hiru ardatz izatea espero da: ustelkeria, etxebizitza eta migrazioa. Azken horren kasuan, alderdiek diskurtso xenofoboak beren alde instrumentalizatzeko arriskua dago», deitoratu du Salazarrek. «Kanpainak gero eta bortitzagoak dira, eta, askotan, gure bizilagunei, gure haurren ikaskideei edo gure lankideei erasotzen dieten diskurtsoak erabiltzen dira, jatorri ezberdinekoak direlako soilik. Guztiok herritarrak eta gizarte bereko kideak garela aldarrikatzeko garaia da», laburtu du egoera Argotek.
Galdetegiak baloratzen dituen gaiak
Migrazioari eta asiloari buruzko diskurtso arduratsua.
Kriminalizaziorik eza.
Aranako harrera zentroaren instrumentalizaziorik eza.
Eskubideetan oinarrituriko ikuspegia.
Pertsona guztien errolda.
AIZ atzerritarren identifikazio zenbakiarekin enplegu publikorako sarbidea izatea.
Bizikidetza hauteskunde programan.
Polizia jardueretan egon daitezkeen joera arrazisten aurrean protokolo bat sustatzea.
Berdintasuna eskubideetan eta zerbitzu publikoetarako sarbidean.
Harrera, bide seguruak eta babes humanitarioa.Â