Statkraftek, energia berriztagarriak ekoizteko azpiegiturak eraikitzen dituen Norvegiako enpresa publikoak, 100 metroko haize neurgailu bat jarri nahi du Azpeitiko lurretan (Gipuzkoa). Enpresak Piaspe zentral eolikoa eraiki aurreko faseetako bat litzateke hori, eta haen helburua da jakitea inguru hartan zenbateko haizea izaten den. Bada, enpresak Gipuzkoako Foru Aldundiari eskatu zion neurgailuaren proiektu hori interes publikokoa izendatzeko, eta Sañu Bizirik-ek, Errezil Bizirik-ek eta Txillarramendi auzo elkarteak bultzatuta, hainbat alegazio aurkeztu dizkiote eskaera horri.
Esan dutenez, neurgailuaren proiektua hogei egunez egon da herritarren eskura, ostera alegazioak aurkezteko. Epe horretan, azaldu dutenez, «azken hiru urteetan Piaspe proiektuaren kontra irmo agertu diren auzotarrek eta beste zenbait eragilek» sinatu dituzte alegazio horiek.
Aipatutako hiru eragileek argudiatu dute «arrazoiak sobera» dituztela Statkraften eskaera horri alegazioak aurkezteko. Izan ere, «agerikoa» zaie neurgailu hori, interes publikokoa baino gehiago, «interes pribatukoa» dela: «Beharrezko pauso bat errazteko multinazional batek mendia txikitzearen kontura bere negozioa egitea».
Are gehiago, larria iruditzen zaie neurgailu hori jartzea jakinda oraindik ere ebatzi gabe daudela zentral eolikoaren ingurumen inpaktuari buruzkoak: «Interes publikokoa behar lukeena mendiaren eta landa eremuko auzoen defentsa da, naturaren eta biodibertsitatearen zaintza; finean, lurraldearen zaintza eta defentsa».