Koronabirusa

Alemaniak Hego Euskal Herrira ez bidaiatzea aholkatu du

Hego Euskal Herritik Alemaniara joaten diren bidaiariek aurrez PCR proba egin beharko dute.

Donostian eginiko PCR proba bat. GORKA RUBIO, FOKU
2020ko abuztuaren 12a
08:41
Entzun

Berlinek uztailaren amaieran sartu zuen Nafarroa arrisku guneen zerrendan, eta Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa gehitu ditu orain. Hala, Alemaniako Gobernuak Hego Euskal Herrira ez bidaiatzeko gomendatzen die herrialde hartako herritarrei. COVID-19ak eragindako osasun egoera lau lurraldeetan izaten ari den bilakaera da erabaki horren arrazoia, Alemaniako Atzerri Ministerioaren arabera. Izan ere, atzo 324 kasu atzeman zituzten Hego Euskal Herrian, aurreko astean hainbat egunetan 400eko langa aise pasatu ostean.

Robert Koch institutua arduratzen da arrisku handia duten lurraldeak zerrendatzeaz, eta erakunde horrek mundu osoko 130 lurralde inguru ere bazituen zerrendatuak atzo. Arabaz, Bizkaiaz eta Gipuzkoaz gain, Madril, Anberes, Hungaria eta Errumaniako hainbat gune, eta Luxenburgo ere gehitu ditu zerrendara.

Aurreko larunbatetik, lurralde horietatik Alemaniara joaten diren bidaiari guztiek nahitaez egin beharko dute COVID-19aren proba. Herrialdera iritsi baino 48 ordu lehenago egin dezakete, edo hara bertara iristean. Emaitzen berri izan arte bakartuta egon behar dute. Hala egin ezean, 25.000 eurorainoko isunak ezarri ahalko dizkiete.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.