Iragarritako berote handien bigarren fasean sartu da Euskal Herria. Tokien arabera, halere, ez dira tenperatura berak, eta, beraz, neurriak lurraldeka hartzen ari dira instituzioak. Ipar Euskal Herria alerta laranjan ezarri dute eguerditik, batez ere barnealdean izanen den beroagatik; 36 gradu arte igan behar lukete tenperaturek Nafarroa Beherean eta Zuberoan. Arabarako, Bizkairako eta Gipuzkoarako neurri berezirik ez dute iragarri, baina Nafarroan oihan suteak pizteko «muturreko» arriskuaz ohartarazi du Aemet Espainiako meteorologia agentziak.
Alertan jartzeaz beste, zenbait neurri hartu dituzte Ipar Euskal Herrian, Euskal Hirigune Elkargoaren eskutik: hain zuzen ere, hondakindegiak itxiak egonen dira arratsalde honetan, eta igerilekuetara urririk sartzen ahalko da ohiko ordutegietan.
SOS Nafarroak, berriz, aholkuak eman ditu sute arriskuen begira: suterik izanez gero, 112 zenbakira lehenbailehen deitzea eta norbera babesteko neurriak hartzea gomendatzen dute; sute bat aurkituz gero, berehala ebakuatzea da aukera bakarra. Hortaz, zehaztasunak eman dituzte: haizearen kontrako norabidean ihes egin behar da, keak ez itotzeko, eta, maldan behera ere bai, sua azkar igotzen baita mendi hegaletan. Egokiena gune oskarbietara jaistea da, hala nola bide eta errepideetara, edo jadanik erreak izan diren guneetara.