Alfredo de Miguel Zaballako espetxean sartu da

Hamabi urte eta lau hilabeteko espetxe zigorra ezarri zioten iruzurragatik eta ustelkeriagatik, eta gaur goizean aurkeztu da kartzelan, kondena betetzeko. Atzo, Koldo Otxandiano bere kabuz sartu zen espetxe hartan bertan.

Afredo De Miguel, artxiboko irudi batean. ARITZ LOIOLA/ FOKU
Edurne Begiristain.
2023ko uztailaren 6a
10:27
Entzun

Arabako Probintzia Auzitegiak astelehenean egin zien ohartarazpena EAJren Araba Buru Batzarreko kide ohi Alfredo de Miguel eta Koldo Otxandianori: 72 orduko epea zuten kartzelan sartzeko, eta, bete ezean, Ā«beharrezko aginduakĀ» emango zizkien segurtasun indarrei bi kideak atxilotzeko eta espetxeratzeko. Bada, gaur goizean De Miguel Zaballako espetxean (Araba) sartu da, 09:25ean, auzitegiak kartzelan sartzeko emandako epemuga bete baino ordu batzuk lehenago. De Migueli hamabi urte eta lau hilabeteko zigorra ezarri zioten EAJk gobernatutako zenbait administrazioren kontratu publikoetan legez kanpoko komisioak kobratzeagatik eta prebarikazioa egiteagatik, baina, alegazioak tarteko, sei hilabete atzeratu du espetxeratzea.

De Miguel auzian zigortutako beste batek ere, Koldo Otxandianok, atzo aurkeztu zuen bere burua espetxean, auzitegiaren abisua jasota. Zazpi urteko zigorra ezarri zion Arabako Probintzia Auzitegiak, besteak beste, eroskeria, dirua zuritzea eta influentzia trafikoa leporatuta.

Zigorrak urte hasieran berretsi zituen Espainiako Auzitegi Gorenak, eta martxoan helarazi zion erabakia Arabako Probintzia Auzitegiari. Hark 24 orduan argitaratu zuen epaia irmo egiten zuen autoa, eta hamar eguneko epea ezarri zien De Migueli eta Otxandianori kartzelan sartzeko. Gauza bera agindu zien Aitor Telleria EAJko kide ohiari eta Xabier Sanchez Robles Eusko Jaurlaritzako Gazteriako zuzendari ohiari ere. Hala ere, Sanchez zen orain arte espetxean zegoen bakarra: maiatzaren 17an sartu zen espetxean, zazpi urte eta hilabete bateko zigorra betetzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.