Alfredo Jaime Irujo Iruñeko alkate ohia hil da, 83 urterekin. Lehen udal hauteskundeen osteko udalean sartu zen, UCDko zinegotzi moduan. UCD alderdia desegin ostean, eskuineko beste alderdi nagusira egin zuen jauzi: UPNra. 1991n zerrendaburu aurkeztu, eta agintaldi hartan hartu zuen aginte makila.
Alkate zela, lehen ezkontza zibila gidatu zuen, 1995ean. Gainera, urte horietan erabaki zen hiriaren erdigunean lehen lurpeko aparkalekuak eraikitzea: zezen plazan, San Frantzisko plazan eta Nafarroako Blanca plazan. Horrek polemika handia eragin zuen hirian. Maiz hondeamakina batekin irudikatzen zuten iruindarrek.
1995eko udal hauteskundeetan, UPNk ez zuen zerrendaburu gisa aurkeztu. Santiago Cervera izan zen alkategaia. Dena den, alderdiaren zatiketaren ondorioz, udal gobernua galdu zuen UPNk. CDNk PSNrekin eta Ezker Batuarekin akordioa lortu, eta Javier Chorraut izan zen alkate.
Urte berean, Nafarroako Parlamenturako hauteskundeetara aurkeztu zen, eta Jaime parlamentari izan zen hiru legealditan. Gero, erretiratu, eta politikaren lehen lerroa utzi zuen betiko.