Alfredo de Miguel EAJren Araba Buru Batzarreko kide ohiak hirugarren gradua jaso du. De Migueli hamabi urteko espetxe zigorra ezarri zioten, EAJk gobernatutako zenbait administrazioren kontratu publikoetan legez kanpoko komisioak kobratzeagatik eta prebarikazio delituagatik, eta horietatik bi urte eta zazpi hilabete bete ditu. EFE albiste agentziak jakinarazi duenez, espetxe zaintzako epaileak egin du gradu progresioaren alde, Basauriko kartzelako tratamendu batzordearen eta, beraz, Eusko Jaurlaritzako Justizia Sailaren iritziari kontra eginda.
De Miguel Euskal Herriko ustelkeria kasurik handienetako batean kondenatu zuten, beste hamalau lagunekin batera. Eroskeria, dirua zuritzea, prebarikazioa, influentzia trafikoa eta dokumentuak faltsutzea egotzi zieten haren izena daraman auzian. Izan ere, epaitegiek frogatutzat jo zuten hiru akusatu nagusiak —De Miguel, Koldo Otxandiano eta Aitor Telleria— EAJren ABBko buruzagi gisa zuten «influentzia politikoaz» eta administrazioan zituzten «adiskidetasunez» baliatu zirela herri lanak enpresa jakin batzuei adjudikatzeko, komisioen truke. Komisio horiek horretarako sortutako sozietateetan ezkutatzen zituzten, dirua zurituta.
Haien kontrako lehen epaia 2019an eman zuen Arabako Probintzia Auzitegiak. Halere, helegite ugari aurkeztu zituzten, eta auzia Espainiako Auzitegi Gorenera iritsi zen. Hark zenbait zigor murriztu zituen, baina handienak berretsi. De Miguelen kasuan, haren zigorra hamahiru urtetik hamabira murriztu zuten, baina zehaztu zuten gehienez ere bederatzi urte egin beharko zituela kartzelan. Ordura arte, De Miguelek Eusko Jaurlaritzaren menpeko Hazi fundazioan zuen lanpostuari eutsi zion, baita mailaz igo ere. Jaurlaritzak argudiatu zuen ebazpen irmorik gabe ezin zutela kaleratu, baina kontrakoa adierazi zuen Haziren beraren txosten batek.
Azken unera arte espetxea saihesten saiatu zen De Miguel. Alegazioak aurkeztu zituzten, baita indultu eskaera bat egin ere, baina, azkenean, epaileak agindutako epea amaitzear zela, De Miguel 2023ko uztailaren 6an sartu zuten Zaballako kartzelara (Araba), auziari lotuta hura atxilotu zutenetik hamahiru urtera. Handik urtebetera, 2024ko abuztuan, espetxetik irteten hasi zen, lan baimen batekin. Horretarako, espetxe araudiko 100.2 artikulua baliatu zuen, orduan ere espetxeko tratamendu batzordea kontra bazegoen ere. Horri esker, posible da bigarren graduan dagoen preso batek hirugarrenari dagozkion zenbait onura izatea. Behin aldaketa hori eginda, Zaballatik Basaurira lekualdatu zuten, eta goizetan espetxetik ateratzen zen aholkularitza enpresa batean lan egiteko.
Orain, beste urrats bat egin du bide horretan, eta gradu progresioa onartu diote. EFEk, Eusko Jaurlaritzako Justizia Saileko iturriak aipatuz, adierazi du Basauriko tratamendu batzordea prest zegoela De Migueli 100.2 artikulua aplikatzen jarraitzeko, baina presoak kexa bat aurkeztu zuela. Epaileak bat egin du haren eskaerarekin. Hala, lo egitera soilik sartuko da espetxera, astelehenetik ostegunera.
De Miguel ez da auzi hari lotuta zigortutakoen artean hirugarren gradua lortzen lehena. Otxandianok eta Telleriak urtarrilean jaso zuten progresioa; lehena sei urte eta bederatzi hilabeteko espetxealdira kondenatu zuten, eta bigarrenari bost urte eta hilabete bateko zigorra ezarri zioten. Eusko Jaurlaritzako Kultura Saileko Gazteriarako eta Ekintza Komunitariorako zuzendari ohi Xabier Sanchezi, berriz, iazko irailean ezarri zioten hirugarren graduan. Hura 2023ko maiatzean sartu zen kartzelan, zazpi urteko zigorra betetzeko. Otxandiano, Telleria eta Sanchez etxean ari dira beren zigorrak betetzen, kontrol telematikoarekin.