Alfredo Remirez urtebetez espetxeratzea erabaki du Auzitegi Nazionalak

Amurrioko jaietan preso baten panpina ateratzeagatik 2009an jarritako zigorra betearazi nahi dio. Babes helegitea jarriko du haren abokatuak

Edurne Begiristain.
Gasteiz
2017ko irailaren 27a
00:00
Entzun
Alfredo Remirez amurrioarra—sare sozialetan @erreharria erabiltze izenarekin ezaguna— urtebete espetxeratzea erabaki du Espainiako Auzitegi Nazionalak, hark aurkeztutako helegitea atzera bota ostean. 2005ean Amurrioko jaietan (Araba) preso baten irudia erakusteagatik Auzitegi Nazionalak urtebeteko espetxera zigortu zuen Remirez 2009an. Orduan ezarritako zigorra betearazi behar duela erabaki du orain Auzitegiak. Epaia irmoa da, eta, beraz, bete beharrekoa.

Espainiako Auzitegi Nazionalak 2009an ezarri zion urtebeteko espetxe zigorra Remirezi, baina bi urtetik beherako zigorra zenez, ez zuen bete behar izan. Ordea, bost urte baino lehen beste delituren bat eginez gero, preso sartzeko aukera zuen. 2017ko otsailean Armiarma operazioan jarritako zigorra baliatu dute orain hura espetxeratzeko —urte eta erdira zigortu zuten otsailean, sare sozialetan «terrorismoa goratzea» egotzita—. Auzitegi Nazionaleko lehen Zigor sekzioaren arabera, 2012an, 2013an eta 2014an egin zuen delitua Remirezek, eta, lehen zigor epaia 2009koa denez, bost urteko epea pasatu gabe legoke.

Kepa Manzisidor abokatuak salatu du Auzitegi Nazionalak legearen «oso interpretazio zurruna» egin duela, Remirezen kasuan 2017ko maiatzean kaleratu zelako epaia, eta bost urteko zigor etenaldia gaindituta zegoelako ordurako. Abokatuak BERRIAri esan dio erabakiaren aurkako babes helegitea aurkeztuko duela Auzitegi Konstituzionalean. Hala ere, irmoa da Auzitegi Nazionalaren epaia, eta, beraz, helegiteak ez luke espetxealdi agindua bertan behera utziko. Hori hala, abokatuak ohartarazi du Auzitegi Nazionalak edozein unetan eman dezakeela Remirez espetxeratzeko agindua: «Ez dugu ezer baztertzen».

Nolanahi ere, Auzitegi Konstituzionalak babes helegitearen inguruko erabakia hartu bitartean, zigorra eteteko eskatu du Remirezen defentsak —sei urte baino gutxiagoko espetxe zigorretan aukera dago hori eskatzeko—. Izan ere, abokatuak uste du «pisuzko arrazoi juridikoak» daudela Remirezek kalean jarraitzeko.

Mobilizazioak

Espetxeratze erabakiaren aurrean, babes andana jaso du Alfredo Remirezek sare sozialetan. Kalean ere jaso du herritarren elkartasuna, mobilizazioekin. Atzo, Auzitegi Nazionalaren erabakiaren aurka elkarretaratzera deitu zuten Amurrioko Juan Urrutia plazan, 19:00etan. Ostiralean, berriz, manifestazioa egingo dute toki beretik abiatuta, 20:00etan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.