Udal eta foru hauteskundeak. Araba

Alkate «zintzoa» Iruña Okan

Eneko Anduezak esan du udalerria «eredugarria» dela. Aurreko alkateak dimisioa eman zuen

Cristina Gonzalez lehen lerroan, eta atzean, besteak beste, Miguel Angel Montes eta Eneko Andueza, atzo, Iruña Okan. ENDIKA PORTILLO / FOKU.
Edurne Begiristain.
Iruña Oka
2023ko maiatzaren 20a
00:00
Entzun
Alkatetza bakarra du PSE-EEk Araban: Iruña Oka. Sozialisten gotorlekua da udalerria. Duela bi hamarkada eskuratu zuten aginte makila, eta, ordutik, beti egon da euren esku. Javier Martinez sozialista 2004. urtean iritsi zen agintera, eta 2020. urtera arte egon zen karguan. Urte horretan eman zuen dimisioa, EAEko Auzitegi Nagusiak udala zigortu zuelako, 840.000 euro ordaintzera huts egindako operazio urbanistiko bat zela medio.

Hura ez zen izan Martinezen agintaldiaren polemika bakarra. Dimisioa eman zuen hilabete berean, alkateak auto istripu bat izan zuen, beste ibilgailu bat jo eta alde egin zuen, eta handik bi ordura egindako alkoholemia proban positibo eman zuen. Talde politiko guztiek, PPk ezik, dimisioa eman zezan presio egin zuten, eta Martinezek kargua utzi zuen 2020ko urtarrilaren 17an. Miguel Angel Montes alkateordeak hartu zuen orduan aginte makila; PSE-EEkoa hura ere. Maiatzaren 28ko bozetarako alkategaia da Montes.

Atzo, Iruña Okan egin zuen PSE-EEk goizeko ekitaldi nagusia. Herriko plazan eman zuten mitina alderdiko idazkari nagusi Eneko Anduezak, Arabako ahaldungai Cristina Gonzalezek eta Iruña Okako alkategaiak. Hogei bat lagunen aurrean emandako diskurtsoan, PSE-EEk instituzioetan egiten duen kudeaketa goraipatu zuen Anduezak, eta Iruña Oka jarri zuen «kudeaketa onaren» adibidetzat. «Mitxel bezalako alkate bat izatea berme bat da. Berme bat eta zorte bat», esan zuen.

Anduezaren esanetan, Iruña Okako Udalaren gestioa «eredugarria» da beste herri askorentzat, eta hori hala da alkateak egin duen lan eskergari esker. «Iruña Okako alkatea zintzoa, prestua, ona eta langilea da, ez du bere burua inoren gainetik jartzen, eta bere onena ematen du herriak aurrera egin dezan».

PSE-EEko idazkari nagusiaren hitzetan, sozialistei esker Iruña Oka udalerri«handi» bat bilakatu da, eta etorkizun «itxaropentsua» dauka. Zerbitzuetan, enpleguan eta etxebizitzan «eredugarri» dela nabarmendu zuen, eta herritarrak pozik daudela: «Herritarrek ez dute beste toki batera bizitzera joan nahi; areago, kanpotik jendea etortzen da Iruña Okara bizitzera».

«EAJ berandu dator»

Montesek 2020ko otsailaren 7an hartu zuen Iruña Okako aginte makila. Egun hura «harrotasunez» gogoratzen duela aitortu zuen atzo alkateak: «Ohorea izan zen». Nabarmendu zuen legealdian «adostasuna» bilatu duela, eta, horri esker, udalerriak «aurrerapauso ugari» eman dituela.

Iruña Okako Udalan lau zinegotzi ditu PSE-EEk; EAJk, hiru; EH Bilduk, bi; eta PP eta Podemosek, bana. Montesek oposizioaren jarrerari egotzi zion hainbat proiektuk aurrera ez egitea, eta, besteak beste, jeltzaleei aurpegiratu zien hirigintza plana geldiaraztea. Plan horretan ehun etxebizitza sozial berri eraikitzea eta industriagune berriak egitea aurreikusia zegoela gogoratu zuen alkateak. Osasun zentro bat egiteko beharra ere badute herrian, eta EAJk hauteskunde programan darama anbulatori bat egitea. Haserre dago alkatea jeltzaleen jarrerarekin: «Berandu datoz, hamar urte berandu. EAJk hogei urte daramatza udalerria geldiunera eramaten saiatzen, eta orain agindu nahi du».

Gonzalezen esanetan, bestalde, bozetan bi aukera baino ez daude: «Garapena sendotzea, ala atzera egitea». Aurreneko hautua PSE-EEk baino ez duela bermatuko ziurtatu zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.