Alokairu kontratua amaituta etxetik egotzi nahi dituzten hamahiru familiaren egoeraz ohartarazi du Kaleratzeak Stop plataformak

Elkarteak elkarretaratzea egin du Donostiako Bulebarrean. Alokairu sozialeko etxebizitza publiko gehiago eskatu dizkiete erakundeei.

Kaleratzeak Stop plataformak gaur Donostian egin duen elkarretaratzea. FOKU
Kaleratzeak Stop plataformak gaur Donostian egin duen elkarretaratzea. FOKU
Ion Orzaiz.
2026ko irailaren 5a
20:15
Entzun 00:00:00 00:00:00

Alokairu kontratua amaituta, kalera. Halako egoerak gero eta ohikoagoak dira Donostian, Kaleratzeak Stop plataformak salatu duenez. Kolektibo horrek elkarretaratzea egin du gaur Bulebarreko kioskoan, eta hamahiru familiaren kasuak azaldu. Protestan parte hartu dute EH Bildu, Elkarrekin Podemos, Ezker Anitza eta EPK alderdietako zenbait kidek ere.

Plataformak esplikatu duenez, Donostiako hamahiru familia horiei amaitu zaie jada alokairu kontratuaren iraunaldia, eta baita Etxebizitza Legeak tentsio handiko eremuetan aplikatzen duen ezohiko luzapena ere. Horiek horrela, etxejabeak hasiak dira kaleratze aginduak bidaltzen. «Kontratu amaierek eragindako etxegabetzeen tsunami bat datorkigu», ohartarazi dute gaurko agerraldian.

Are: plataformako ordezkarien ustez, egoerak okerrera eginen du «administrazioek premiaz eta ausardiaz jokatzen ez badute»: aurten 26.000 kontratu inguru amaituko dira Gipuzkoan, eta 90.000 inguru Euskal Autonomia Erkidegoan. 

Hori dela eta, alokairu sozialerako etxebizitza publikoen parkea handitzea galdegin diote Eusko Jaurlaritzari. Izan ere, plataformaren arabera, Araba, Bizkai eta Gipuzkoan oro har 100.000tik gora dira etxebizitza publikoen eskatzaileen erregistroan izena emanda daudenak: «Jaurlaritzak 25.000 etxebizitza publiko ditu eskari hori asetzeko. Ez da aski, inondik inora ere».

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA