Alokairuen mugatzeko neurria bi urterako luzatzearen alde egin du Frantziako Senatuak

Diputatuek datozen asteetan bozkatuko dute Senatuaren erabakia berresteko. Alda auzoetako mugimendua «lasaiturik» agertu da emaitzaren berri ukaitean, eta «Asanblea Nazionalak bozka baieztatzearen zain» egonen da orain.

Aldaren ekintza, atzo, Baiona Handiko etxebizitza baten alde gainean. NATHALIE GUIRONNET
Aldaren ekintza, atzo, Baiona Handiko etxebizitza baten alde gainean. NATHALIE GUIRONNET
Leire Casamajou Elkegarai
2026ko urriaren 21a
20:20
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ipar Euskal Herriko tentsiopeko 24 herrietan esperimentazio gisa ezarria dagoen alokairuen mugatzea luzatuko da, bi urterako. Senatuan bozkatu berri dute, eta neurriari aldekotasuna adierazi diote gehiengoan. Ez dute egiazki egonkortu, baina bi urterako luzatu dute. Alda auzoetako mugimendua «lasaiturik» agertu da bozen emaitzaren berri ukaitean, eta «Asanblea Nazionalak bozka baietatzearen zain» egonen da orain.

Zehazki, «alokatze harremanetan konfiantza eta orekaren berriz ezartzeko» legea da arratsalde honetan senatariek bozkatu dutena: neurrietarik bat, hain zuzen, alokairuen mugatzeari zegokion. Hala, esperimentazioa indarrean denetik alokairu kontratua oraindik berritu ez zaien eta bizitegia karioegi pagatzen duten alokatzaileek ere neurria baliatzen ahalko dute laster, horien eskubideen jabeei betearazteko.

Aldak nabarmendu duenez, halere, oinarrizko proposamena baino «ahulagoa» da gaur bozkatu dutena: egonkortzea baino, bi urteko luzapena «besterik» ez diote eman momentukotz. Gainera, neurria errespetatzen ez dutenentzako isunen emendatzea baztertu dute senatariek, adibidez.

Iñaki Etxaniz laugarren hautesbarrutiko diputatu sozialistak bultzatu zuen neurria, baina esperimentazioan dago momentukotz. Orduan, alokairua neurriak agintzen duen baino karioago ordaintzen dutenek neurria plantan eman aitzin izenpetua bazuten etxebizitza kontratua, kontratua berritzeko epea itxaron behar dute prezioaren jaitsiera galdegin ahal izateko; eta zenbaitena ez da oraino iritsi. 

Senatuak bi urtez luzatzeko hautua egin berri du, eta diputatuek datozen asteetan egin behar lukete azken bozka, neurria luzatu eta zer baldintzatan luzatu behin betiko erabakitzeko. Hori guzia, halere, bi urteren buruan bozkatu berri dutena iraungitzen den arte.

Aldaren ekintzak

Bi aste dira Alda auzoetako mugimenduak ekintzak berriz abiarazi zituela alokairuen mugatzeko neurriaren egonkortzea aldarrikatzeko. Hain zuzen ere, joan den astean Max Brisson Pirinio Atlantikoetako departamenduko senatari errepublikanoaren bulegora joan ziren aldeko boza eman zezan arratsalde honetan. Aldako militanteak joan zitzaizkiolarik, hura ez zen bulegoan, baina, biharamunean argitaratutako agiri batean, Brissonek adierazi zuen neurriaren egonkortzearen alde egiteko asmoa zuela.

Atzo, berriz ere, Aldak ekintza bat egin zuen Baionan, neurria errespetatzea jadanik egokitzen zaion eta hura betetzen ez duen jabe baten jokamoldea salatzeko. 

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA