Alonsotegiko Aldana tabernaren jabe Jose Angel Gonzalez hil da, 1980an atentatu baten jomuga izan zen tabernarena

EAJko militanteen elkargunea zen leku hori, eta lau pertsona hil zituzten atentatuan. Jeltzaleek behin baino gehiagotan eskatu dute ordukoaren inguruko polizia espedientea, baina sekretupean dago oraindik.

xabier martin
2025eko abenduaren 3a
09:25
Entzun 00:00:00 00:00:00

Aurtengo San Sebastian egunean 45 urte bete ziren Alonsotegiko Aldana tabernan (Bizkaia) bonba bat zartarazi zutenetik. 1980ko urtarrilaren 20an bertan, GAE Talde Armatu Espainiarrak eskuin muturreko taldeak hartu zuen bere gain atentatu hura: lau lagun hil zituzten, eta beste hamar zauritu. Bada, urteurren horren harira, EAJren EBBko presidente Aitor Estebanek eskaera bat egin zuen Espainiako Kongresuan, artean jeltzaleen diputatu zela: Espainiako Gobernuak eman zitzala gertaera haren gaineko datuak. Polizia espedientea oraindik ere sekretupean dago, ordea. Azken orduotan jakin da Aldana tabernaren jabe Jose Angel Gonzalez Arrieta hil dela. 89 urte zituen.

1980tik zen tabenaren jabe. Orduan, Garbiren taberna esaten zioten, EAJko militante ezagun baten izenarengatik. «Familiari gure dolumina adierazten diogu. Haren tabernan izandako atentatua argitzeko ahaleginean jarraituko dugu. Goian bego», idatzi du Estebanek sare sozialetan.

Urte hasieran egindako eskaeran, Estebanek galdegin zuen poliziek egindako espedienteari sekretua kendu ziezaiotela. Zehazki, eskatu zuen azaltzeko zer datu dauden espediente horretan, zer pauso eman zituen Poliziak atentatu hura argitzeko, zer dakien Barne Ministerioak gaur egun gertaera haiei buruz, eta ea Madrilgo gobernuak asmorik ba al duen hori argitzeko. 

Liborio Arana, Manuel Santacoloma, Mari Paz Ariño eta Pacifico Fika hil ziren GAEren eraso hartan. Aldana taberna zegoen tokian lore eskaintza egin zieten 45 urteurrenaren harira. Aitor Estebanek salatu zuen 45 urteotan ez dela borondaterik izan atentatu haren egileak atzemateko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.