Alternatibak Koordinadora Nazional berria izendatu du gaurko ezohiko batzarrean, Bilbon. Zuzendaritza berri horren kideak izango dira Jone Kastresana (Ekintza politikoa), Ayem Oskoz (Pentsamendu politikoa), Aylen Marinero (Mahai feminista), Jorge Carballo (Kudeaketa), Maria del Rio (Aliantza politikoak), Javier Zulaika (Mahai internazionalista) eta Claudia Venceslao (Antolaketa arduraduna).
Maria del Riok, Bilboko Udaleko EH Bilduko eledunak, gogoratu du hamazazpi urte bete direla Alternatiba sortu zenetik. «Hamaika bizipen izan ditugu urte hauetan, eta ez dira gutxi izan egin ditugun ekarpenak. Horiek guztiak ekarri gaituzte gaur hona, baina batez ere, honaino ekarri gaituena gure lan militantea izan da, herri honekiko dugun konpromisoa eta bizitza bizigarriak bizi izateko dugun hautu politikoa».
Jone Kastresana konpromisoaz aritu da: «Behetik, ezkerretik, borroka feministatik, gure planetaren defentsatik, eta herrien askatasunaren eta duintasunaren banderak altxatuz, konpromiso hau gure egiten dugu». Gertatzen ari denari «indiferentziaz erantzutea ez da izango Alternatibaren aukera», Kastresanareen hitzetan. «Hautatu egin behar da; hemen dago gure hautua».
Ezkerreko alderdiaren batzarrean, EH Bilduko diputatu eta Alternatibako kide Oskar Matutek ere hartu du hitza. «Beste urrats bat da gaurkoa, garai ilun hauetan itxaropenez eta alaitasunez ibiltzen jarraitzeko. Duintasunaren eta justizia sozialaren aldeko borroka errelebo lasterketa bat da, eta gaur, hori ospatzeko gaude hemen». Azaldu du hausnarketa eta lanketa kolektiborako prozesu baten ondoren, proiektu berritu bat dagoela, «oinarri eta printzipio berberekin baina eguneratuta, gaur egunean kokatuta».
Matutek gogoratu du aspaldian abiarazi zutela Alternatiba eta «oraindik zutik» dagoela. «Gure heriotza aurreikusi zuten asko harriturik daude. Ez zuten ulertu eta gaur egun ere ez dute ulertzen zer esan nahi duen gure kide Mariano Gomezek errepikatzen zuen esaldi hark: 'hiltzeko jaiotzen gara'».
Izan ere, Alternatiba jaio zen, Matuteren arabera, «ezkortasun, banaketa eta porrot fase batean» antolatzea beharrezkoa iruditu zitzaielako. Sistemaren krisi gordinean jaio zen ezkerreko alderdia; «ez zegoen batasun proiekturik ezkerrean», egungo EH Bilduren diputatuak gogoratu duenez. Horregatik, azaldu du Alternatiba «haizearen aurka» jaio zela.
Fronte zabal baten zerbitzura
«Hiltzeko jaio ginela esaten genuen, gu baino handiago den ideia baten zerbitzura gure indar militante osoa jartzea zelako helburua. Ez dugu siglen abertzaletasunean sinesten. Alderdiak agertu eta desagertu egiten dira, baina ideiek bere horretan diraute». Horregatik, Alternatibak «fronte zabal baten zerbitzura» jartzea erabaki zuen. «Eta horregatik jarraitzen dugu Alternatibaren izena jartzen gure herriko klase herrikoien zerbitzura».
Angela Davisi erreparatuz, Matutek ziurtatu du gizakia ez dagoela aldatu ezin dituen gauzak onartzeko, «baizik eta onartu ezin ditugun gauzak aldatzeko», Ohartarazi du «garai ilunak» direla egungoak; eskuin muturra ez da «bat-batean sortu den mamua», Alternatibako kidearen esanetan.
«Faxismoa da ahaltsuaren zerbitzura jartzen den mailua, baina gure bizitzek gehiago balio dute euren mozkinek baino»
OSKAR MATUTE Alternatibako kidea
Historiak erakutsi ei du «ahaltsuaren zerbitzura jartzen den mailua» dela faxismoa, jadanik eroso ez dagoenean. «Baina gure bizitzak gehiago balio dute euren mozkinek baino». Matutek helarazi du 2008an Alternatibak indarrean zuen mezu bat gaur egun ere indarrean dagoela oraindik: «Erokeria da kapitalismo bakezale baten ideia». Bertolt Brechtek esan zuen hori, «eta denborak arrazoia eman dio».