Altsasun ez dute aurten Ospa Eguna antolatuko, «aldarriari eutsita ere»

Antolatzaileek adierazi dute desmilitarizazioaren aldeko borrokak «erabateko gaurkotasuna» duela ekinaldia bertan behera utzi arren

Iazko Ospa Egunaren karira Altsasun eginiko manifestazioa. BERRIA.
Erredakzioa
2023ko irailaren 5a
00:00
Entzun
Sare sozialetan iragarri dute: aurten ez dute Ospa Eguna antolatuko. Urteroko ohiturari jarraikiz, iraileko lehen astean egitekoa zen ekinaldia Altsasun (Nafarroa), baina, antolatzaileek ohar batean adierazi dutenez, bertan behera utzi dute. Ez dute argitu erabakiak aurtengo aldiari soilik eraginen dion edo etena behin betikoa izanen den.

Hamar urte luze igaro dira Altsasun lehen Ospa Eguna egin zutenetik. «Umorea, kritika politikoa eta festa» uztartu nahi izan zituzten antolatzaileek, «desmilitarizazioaren aldarria lau haizeetara zabaltzeko». Ordutik, baina, Espainiako Auzitegi Nazionalak eta indar polizialek jomugan izan dute ekinaldia: «Hamaika auzi eta polizia operazio abian jarri zituzten antolatzaileen aurka, eta indar erakustaldi bortitzena, zalantzarik gabe, Altsasu auzia deiturikoa [izan zen]», azaldu dute oharrean.

Eginiko ibilbideaz harro azaldu dira Ospa Egunaren antolatzaileak. «Altsasun eta Euskal Herri osoan alde hemendik aldarria agendan kokatu duen eguna izan da Ospa Eguna, erreferentzia handikoa, alegia».

Hain zuzen, egitasmoa bertan behera utziagatik, antolatzaileek ez diete hasierako helburuei uko egin, desmilitarizazioa «gaurkotasun osoa duen aldarria» dela sinetsita: «Euskal Herriarenerabakitzeko eskubidea ukatua eta zapaldua dirauen bitartean, indar okupatzaileak gure artean izanen ditugu; beraz, orain inoiz baino gehiago, gure herritik alde egitera gonbidatzen ditugu, herri bezala burujabetzara salto eginez».

Debeku hotsak, eskuinetik

Azken urteetan, ozendu egin dira Altsasuko Ospa Eguna debekatzeko eskatzen duten hotsak. Iaz, esate baterako, «mehatxuak, jazarpena eta ilegalizazio saioak» salatu zituzten antolatzaileek. Izan ere, Espainiako alderdi eskuindarrak polemika pizten saiatu ziren manifestazioaren aurreko egunetan. Ekitaldia debekatzeko eskatu zuten PPk eta Voxek. Ciudadanoseko 30 bat lagunek, berriz, elkarretaratzea egin zuten Altsasuko kuartelaren atarian, Eskerrik asko mezua zuen pankarta eskutan.

UPNk ere gogor kritikatu du Ospa Eguna, eta hura debekatzeko xedez, legea aldatzeko eskatu du behin baino gehiagotan, horrelakoak «gorroto» eta «irain» ekitaldiak direlakoan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.