Altsasun ez dute aurten Ospa Eguna antolatuko

Antolatzaileek ohar batean adierazi dute desmilitarizazioaren aldeko aldarriari eutsiko diotela, «erabateko gaurkotasuna» duelakoan

Iazko Ospa Egunaren karira iaz eginiko manifestazioa. BERRIA
2023ko irailaren 4a
17:03
Entzun

Sare sozialetan iragarri dute: aurten ez dute Ospa Eguna antolatuko. Urteroko ohiturari jarraikiz, iraileko lehen astean egitekoa zen egitasmoa Altsasun (Nafarroa), baina antolatzaileek ohar batean adierazi dutenez, bertan behera utzi dute. Ez dute argitu erabakiak aurtengo aldiari soilik eraginen dion edo etena behin betikoa izanen den.

Hamar urte luze igaro dira Altsasun lehen Ospa Eguna egin zutenetik. «Umorea, kritika politika eta festa» uztartu nahi izan zituzten antolatzaieek, «desmilitarizazioaren aldarria lau haizetara zabaltzeko». Ordutik, baina, Espainiako Auzitegi Nazionalak eta indar polizialek jomugan izan dute egitasmoa: «Hamaika auzi eta polizia operazio abian jarri zituzten antolatzaileen auka, eta indar erakustaldi bortitzena, zalantzarik gabe, Altsasu auzia deiturikoa [izan zen]», azaldu dute oharrean.

Eginiko ibilbideaz harro azaldu dira Ospa Egunaren antolatzaileak. «Altsasun eta Euskal Herri osoan alde hemendik aldarria agendan kokatu duen eguna izan da Ospa Eguna, erreferentzia handikoa, alegia».

Hain zuzen, egitasmoa bertan behera utziagatik, antolatzaileek ez diete hasierako helburuei uko egin, desmilitarizazioarena «gaurkotasun osoa duen aldarria» dela sinetsita: «Euskal Herriaren erabakitzeko eskubidea ukatua eta zapaldua dirauen bitartean, indar okupatzaileak gure artean izanen ditugu, beraz, orain inoiz baino gehiago, gure herritik alde egitera gonbidatzen ditugu, herri bezala burujabetzara salto eginez».

Debeku hotsak, eskuinetik

Azken urteetan, ozendu egin dira Altsasuko Ospa Eguna debekatzeko eskatzen duten hotsak. Iaz, esate baterako, «mehatxuak, jazarpena eta ilegalizazio saioak» salatu zituzten antolatzaileek. Izan ere, Espainiako alderdi eskuindarrak polemika pizten saiatu ziren manifestazioaren aurreko egunetan. Ekitaldia debekatzeko eskatu zuten PPk eta VOXek. Ciudadanoseko 30 bat lagunek, bestalde, elkarretaratzea egin zuten Altsasuko kuartelaren atarian, Eskerrik asko mezua zuen pankarta eskutan.

UPNk ere gogor kritikatu du Ospa Eguna, eta hura debekatzeko xedez, legea aldatzeko eskatu du behin baino gehiagotan, horrelakoak «gorroto» eta «irain» ekitaldiak direlakoan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.