Alzheimerrean neuronak nola hiltzen diren azaldu du ikerketa batek

Nazioarteko ikerlari talde batek egin du aurkikuntza, eta proiektuan parte hartu duen kideetako bat da Amaia Arranz Ikerbasqueko ikerlaria

Science aldizkarian argitaratu dute lana, eta etorkizunerako garrantzitsua dela diote. MARTIN DIVISEK / EFE.
Isabel Jaurena.
2023ko irailaren 16a
00:00
Entzun
Alzheimerraren atzean dauden mekanismoak zein diren azaldu du nazioarteko ikerketa batek. Zehazki, gaixotasun horretan neuronak nola hiltzen diren ikasi dute. Amaia Arranzek, Achucarro Neurozientzia Zentroari atxikitako Ikerbasqueko ikertzaileak parte hartu zuen lanean, Belgikan egin zuen egonaldi batean. «Gure aurkikuntzak itxaropentsuak dira, eta ikuspegi berriak zabalduko dituzte Alzheimerren gaixotasunaren ikerketan», esan du ikerlariak.

Science aldizkarian argitaratu zuten lana, atzo; eta 2017an zabaldutako bertze ikerketa baten jarraipena da. Lana egiteko sagu ereduen garunak erabili dituztela azaldu dio Arranzek BERRIAri. Berez, animalia horiek ez dute alzheimerrik, gizakien gaitz bat da. Baina gisako iker-ketak egin ahal izateko gaixotasun horren zenbait ezaugarri gararazi ohi dizkiete saguei, eta hala egin zuten Arranzek eta haren taldeak. Gainera, aztergai zituzten burmuinek gizakiaren burmuinaren antzhandiagoa izan zezaten, giza jatorriko neuronen transplanteak egin zizkieten.

Alzheimerraren ezaugarriak zituen ingurunea prest zutela, bertan gertatzen zena aztertzen hasi ziren. Hala, Arranzek dio ikusi zutela giza jatorriko neuronak hil egiten zirela, baina saguenak ez. «Badago zerbait giza zeluletan alzheimerraren ezaugarriak dituen giro batean daudenean hilarazi egiten dituena», azaldu du ikerlariak.

Gizakien neuronak hiltzen direla ikasteaz gain, ikerketaren bidez jakin ahal izan dute prozesu hori nola gertatzen den: «Nekroptosia izeneko mekanismo batek eragiten du zelulak hiltzea».

Etorkizunerako bidea

Arazoa zerk eragiten duen jakitean, gaitza sendatzeko edo haren sintomak agertzea atzeratzeko aukerak bilatzen hasi ziren. «Animalia horiei sendagai batzuk eman dizkiegu, eta lortu dugu giza jatorriko neuronak ez hiltzea», biribildu du Arranzek.

Etorkizunari begira, emaitza hori «oso garrantzitsua» dela azpimarratu du. Izan ere, neuronen heriotza Alzheimerren gaitzaren ezaugarri nagusietako bat da, horrek eragiten baitu urritasun kognitiboa, dementzia. «Oso goiz da ezer esateko, baina pentsatzen dugu ikerketa honek Alzheimerren gaitzaren tratamenduak garatzen lagundu dezakeela», argitu du Arranzek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.