'Euskadiren eguna'

Amaitzear den jaieguna

Bilduk, Aralarrek, EAJk eta LABek salatu dute Euskadiren Egunean ez dagoela zer ospatu, eta jaiegun ez izateko eskatu duteEusko Jaurlaritzaren ustez, «tamalgarria» litzateke egun hori egutegitik kentzea

Bilduko ordezkariak lanean, atzo, Gipuzkoako Batzar Nagusietan. BERRIA.
edurne begiristain
Gasteiz
2012ko urriaren 26a
00:00
Entzun
Euskadiren Egunean zer ospatu ez dagoela iritzi diote hainbat alderdik eta sindikatuk. «Inposatutako ospakizun bat» dela uste dute, besteak beste, Bilduk, Aralarrek eta LAB sindikatuak, eta jaieguna kentzeko eskatu dute. EAJk, berriz, salatu du Patxi Lopezen gobernuaren «alde bakarreko erabakia» izan zela jaiegun izendatzea, eta, horregatik, eztabaida irekitzeko eskatu du.

Araba, Bizkai eta Gipuzkoan jaiegun ofiziala izan zen atzo, baina Gipuzkoako Batzar Nagusiak eta Donostiako Udala zabalik izan ziren, «lanera joan nahi» zuenarentzat. Bildukoordezkariek, esaterako, lan egin zuten. Koalizio abertzalearen arabera, Euskadiren Egunean ez dago ezer ospatzeko. Salatu zuenez, Euskadiren Eguna PSEk eta PPk«inposatu» zuten, «apartheid politikoaz» baliatuta; hurrengo legebiltzarrak jaiegun hori egutegitik kentzeko eskatu zuen Bilduk.

Carlos Urkijo Espainiako Gobernuak EAEn duen ordezkariak, berriz, bi erakundeei eskatu zien bertan behera uzteko langileei lanera joateko emandako aukera. Hori erabakitzeko eskumenik ez dutela ohartarazi zien Urkijok Juan Karlos Izagirre alkateari eta Lohitzune Txarola Batzar Nagusietako presidenteari.

Aralarren arabera, ez du zentzurik Gernikako Estatutua ospatzeak, «bukatuta eta zaharkituta» dagoelako eta euskal herritarren borondatea eta erabakitzeko eskubidea ordezkatzen ez duelako. Aralarren irudiko, «garaia iritsi da» Gernikako Estatutua albo batera utzi eta hura gainditzeko urratsak egiteko.

LAB sindikatuarentzat ere laneguna izan zen atzo. Sindikatuaren arabera, inposatutako jaiegunak dira Konstituzioaren, Hispanitatearen eta Gernikako Estatutuaren egunak, eta «erabakitzeko eskubidea oztopatzen dute».

EAJko diputatu Josu Erkorekak, berriz, Euskadiren Eguna ezartzearen egokitasunaz hausnartzeko eskatu du, PSEren «alde bakarreko» erabakia izan zelako. Eztabaida hori legebiltzarrera eramatearen aldekoa da EAJko diputatua. Harago jo du Jose Luis Bilbao Bizkaiko ahaldun nagusiak, urriaren 25a jaiegun izatea uzteko eskatuta. Haren ustez, PPk eta PSEk «iparraldeko tribuak normalizatu» nahian egindako «keinuetako bat» izan zen jaieguna ezartzea, baina horrek denak «porrot» egin du.

Bestalde, Jaurlaritzarentzat «tamalgarria» litzateke Euskadiren Eguna egutegitik kentzea, «euskaldunontzako bilgunea delako eta balio osoa duelako». Aberri Eguna, ordea, alderdi abertzaleek bakarrik ospatzen dutela dio Idoia Mendiaeledunak: «Zergatik jarraitzen dute kutsu erlijiosoa duen egun hori ospatzen?».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.