Amalur Mendizabal: "EAJ da kontuak eman behar dituena"

Guardia Zibilak atxilotuak Hernaniko egoitzatik eraman ahal izateko, Plaza Berrin elkartu ziren hainbat herritarren kontra jo dute ertzainek. Besteak beste, Amalur Mendizabal Amaiurreko senataria buruan zauritu zuen Ertzaintzak, eta hura elkarrizketatu du BERRIAk. Bilbon ere istiluak izan dira polizien eta herritarren artean. Bideoa: Ertzaintzaren oldarraldia Hernanin (Ateak Ireki). [Youtube]http://youtu.be/jL64lnOed-k[/Youtube]

Mendizabal, erietxean. BERRIA
jon olano
2013ko urriaren 1a
18:32
Entzun

Dozenaka herri eta hiritan egin zituzten atzo iluntzean mobilizazioak, Herrira mugimenduaren aurkako polizia operazioa salatzeko. Istiluak izan ziren, ordea, Hernanin eta Bilbon. Hernanin, luze jo zuen Herrira-ren egoitzaren miaketak, eta hainbat herritar elkartu ziren Plaza Berrin.

Guardia zibilek atxilotuak eraman zitzaten, Ertzaintza protestan ari ziren herritarrei oldartu zitzaien, borraz eta gomazko pilotez. Oldarraldiak eta korrikaldiak izan ziren, eta Amalur Mendizabal Amaiurreko senataria buruan zauritu zuten. Bizitakoa kontatu dio BERRIAri: emakume bat babesten ari zen, senatari kreditazioa eskuan zuela. Orduan, ertzain batek buruan jo zuen, eta buruan bost zentimetroko ebakia eragin zion. Salatu du ez zuela ertzaina identifikatzerik izan, eta salaketa jarriko duela jakinarazi du. Zortzi puntu eman dizkiote buruan, Mendizabalek berak Twitterren idatzi duenez.

Mendizabalek uste du EAJk azalpenak eman behar dituela, argudiatuta Ertzaintza izan zela oldartu eta zaurituak eragin zituena. Halaber, Euskal Herri osoaren kontrako erasotzat jo du Herrira-ren aurkako operazioa: "Guztiok desiratzen dugun konponbidearen eta bakearen aurkako operazioa da".

Eusko Jaurlaritzak barne diligentziak zabaldu ditu, Mendizabalen aurkako erasoaren nondik norakoak ezagutzeko. Hala jakinarazi du Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak. Azaldu duenez, "Ertzaintzaren jardunak zaurituak eragiten dituenean automatikoki" zabaltzen dira diligentzia horiek.

Jendetza mobilizazioetan

Bilbon, jendetza bildu zen egoitzaren aurreko Arriaga plazako elkarretaratzean. Ertzaintza protestariei oldartu, eta korrikaldi batzuk izan ziren. Orduantxe amaitu zuten miaketa guardia zibilek, 20:15 jota, eta patroletan alde egin zuten, Ertzaintzaren laguntzarekin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.