Amarako Eguneko Ospitaleak bi mila paziente baino gehiago artatu ditu urtebetean

Zerbitzua duela urtebete jarri zuten abian, eta, han artatuta, pazienteek gehienetan ez dute larrialdi zerbitzuetara jo, eta ez dira ospitaleratuak izan.

Eusko Jaurlaritzako ordezkariak Amarako Eguneko Ospitaleko langileekin, gaur. IREKIA
Eusko Jaurlaritzako ordezkariak Amarako Eguneko Ospitaleko langileekin, gaur. IREKIA
jakes goikoetxea
2026ko maiatzaren 13a
16:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ospitalea da, baina ez da ohiko ospitalea. Lehen arretaren eta ohiko ospitalearen tarteko zerbait, nolabait esateko. Donostiako Amarako Eguneko Ospitaleak paziente kalteberak eta kronikoak artatzen ditu batez ere. Ospitaleko arreta behar duten baina beti ohiko ospitaleratzerik behar ez dutenei eskaintzen die zerbitzua. Duela urtebete jarri zuten abian. Urtebetean 2.209 paziente artatu ditu; hamarretik bederatzi paziente kroniko konplexuak dira, eta batez besteko adina 77 urtekoa da. Donostia ospitalearen ondoan dago.

Haietako askok zenbait gaixotasun dituzte aldi berean, eta maiztasun handiko jarraipena egin behar izaten diete. Donostia aldekoentzat Amarako Eguneko Ospitalea da haien erreferentzia. Ospitalearen urtebeteko jardueraren erdia baino gehiago presazkoa eta programatu gabea izan da. Ospitalearen helburuetako bat bada paziente horien larrialdiei ohiko ospitaleko larrialdi zerbitzura joan behar gabe erantzutea. Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailaren esanetan, paziente horiek larrialdietara jo edo ohiko ospitalean ospitaleratu behar izanez gero, «okerrera egiteko arrisku handia dute».

Mila egonaldi «gutxiago»

Etxean, telefonoz edo eguneko ospitalean aurrez aurre artatzen dituzte. «Aukera ematen du alferreko joan-etorririk egin behar ez izateko, eta tratamenduak, probak eta balorazioak ingurune erosoago eta seguruago batean jasotzeko», Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailaren arabera. Erakundeak zehaztu duenez, eguneko ospitaleak eskaintzen duen zerbitzuari esker, mila egonaldi pasatxo ez dira bideratu ohiko ospitaleetara urtebetean —iazko otsailetik aurtengo otsailera—.

Erizainak funtsezkoak dira eguneko ospitale horretan. Haiek kudeatutako premiazko deien %65etan ez zen medikuen esku hartzerik behar izan. Horrez gain, jardunbide aurreratuko erizainek 1.015 balorazio egin zituzten, eta horietatik 325 pazienteen etxean bertan erantzun. Kasu batzuetan eguneko ospitalea tarteko urrats bat da, pazientea ospitaleratzeko, baina larrialdi zerbitzuetatik pasatu gabe.

Amarako Eguneko Ospitalea bisitatu dute gaur Alberto Martinez Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak eta Lore Bilbao Osakidetzako zuzendari nagusiak. Osasun Sailaren esanetan, «baliabide berritzailea» da, eta paziente kalteberei eta kronikoei arta «hurbilagoa, humanoagoa eta efizienteagoa» ematen die.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarak badu egunkari bat, euskaltzaleon babesa ezinbestekoa duena. BABESTU EZAZU ZUK ERE