Jaiotza tasa baxua duten herrialdeetako ugalkortasuna aztertzeaz arduratzen da Anna Barbuscia demografo sozial eta EHUko ikerlaria (Milan, Italia, 1987). Lau urte eta erdi daramatza Euskal Herrian OPIK ikerketa taldearekin lanean, eta Ikerbasque fundazioko ikerlaria ere bada. Guraso izateak emakume eta gizonen osasunean zer eragin duen aztertu du Barbusciak bere azken lanean. Azaldu du baieztatzea espero zutena baieztatu dutela ikerketaren bidez: «Amatasunak kalte egiten dio osasunari».
Zerk bultzatuta hasi zinen ikertzen amatasunak eta aitatasunak osasunean zer eragin duten?
Ama izateak eragin handia du emakumeengan; ez soilik arlo biologikoan edo fisiologikoan —haurdunaldia eta erdiondokoa oso bortitzak baitira—, baizik eta baita ondoren datorren guztiagatik ere: familia kontziliazioa, haurren zaintzak dakarren lana, zama mentala eta estresa; gainera, emakume askok lanaldi oso batekin uztartzen dute zaintza lana. Oso zama handia da hori. Ni ere ama naiz, eta horrek guztiak bultzatu ninduen amatasunak osasunean zenbateko eragina duen neurtzen saiatzera.
Ondorioztatu duzue zama horrek kalte egiten diola ama diren emakumeen osasunari. Zertan?
Seme-alabak izan edo ez izan, emakumeen osasun maila aldatu egiten da horren arabera, baita kopuruaren eta haien adinaren arabera ere. Osasun maila neurtzeko, zenbait aldagai aztertu ditugu: banakoek hautematen duten osasun orokorraren maila, sintoma depresiboak eta ohitura osasuntsuak, kirola bereziki. Emakumeak aztertuta, osasunean ezberdintasun nabariak daude ama direnen eta ez direnen artean. Alde hori nabariagoa da seme-alaba nerabeak dituztenen artean.
Zergatik eragiten du seme-alaben adinak amen osasunean?
Sintoma depresiboak izateko aukera gehiago dituzte, eta kirol askoz gutxiago egiten dute. Orokorrean, ama diren emakume guztiek, seme-alabak ez dituztenekin alderatuz, askoz kirol gutxiago egiten dute. Umeak txikiak direnean, nekea fisikoa izaten da; nerabezaroa, ordea, estres garaia da, eta zama handia ekartzen die amei. Gizonetan, aldiz, ez dago ezberdintasun nabaririk; hau da, seme-alabak edukitzeak edo ez edukitzeak ez du eraginik gizonen osasunean, ezta haur kopuruak eta horien adinak ere. Amatasunak eragin sakona du emakumeen osasunean, eta aitatasunak ez.
«Gizonetan ez dago ezberdintasun nabaririk; hau da, seme-alabak edukitzeak edo ez edukitzeak ez du eraginik gizonen osasunean»
2021. urtean berdindu zituzten amatasun eta aitatasun baimenak. Haurren zaintza era parekidean banatzeko modua ematen du horrek?
Ardura banaketa parekoa izan dadin lortzeko bidea da, baina baimenak parekoak izateak ez du esan nahi gizonen eta emakumeen artean zaintza berdin banatzen denik. Berdintasunera iristeko bidea luzea da oraindik.
Zein da egin beharreko hurrengo urratsa?
Neurriak hartu behar ditugu gizonek ardura handiagoa har dezaten beren gain. Adibidez, aitatasun eta amatasun baimenak aldi berean ez ematea, aitatasun bajaren zati bat behintzat aitek bakarrik hartu dezaten. Oraindik badaude lan eremu eta giro asko aitatasun baimena ondo ikusten edo onartzen ez dutenak. Hori aldatzeko, laguntzak edo pizgarri fiskalak eman ahal dizkiegu enpresei.
Ikerketan gurasoen tabakismoa eta alkohol kontsumoa ere aztertu dituzue.
Tabako eta alkohol kontsumoari dagokionez, ez dago alderik gizon eta emakumeen artean. Gainera, ikusi dugu gurasoek askoz gutxiago erretzen dutela eta askoz alkohol gutxiago edaten dutela; haurrak txikiak diren bitartean bai, behintzat.
«Neurriak hartu behar ditugu gizonek ardura handiagoa har dezaten beren gain»
Zama mentala ere aipatu duzu.
Azken hamarkadotan aldaketa asko egon dira, eta gizonak etxeko lanak egiten eta umeak zaintzen hasi dira, baina, oraindik ere, emakumeek askoz lan gehiago egiten dute. Eta badago arlo bat oso desorekatuta jarraitzen duena: etxearen eta haurren zaintzaren antolaketa eta kudeaketa. Zama mentala zera da, besteak beste: pentsatzea ea umeek arropa egokia duten, neurriz ondo daukaten, zer gosalduko duten, eskolaz kanpoko jarduerak noiz dituzten eta beste. Badago, horrekin lotuta, gizonek esan ohi duten esaldi famatu bat: «Esadazu zer egin behar dudan». Baina emakumearen esku uzten da egin beharrekoa zehaztea eta aginduak ematea.
Zama horrek emakumeengan zer eragin duen aztertu dute ikerlariek?
Zama mentala orain hasi dira aztertzen. Ikerketa gutxi daude gaiaren inguruan, zaila baita hori neurtzea. Izan ere, nahiz eta aztertu den zaintza lanetarako zenbat denbora baliatzen den orokorrean, antolaketarako denbora zaila da neurtzen, horren inguruan pentsatu bitartean beste gauza asko egiten baititugu. Lan handia dago oraindik egiteko.
Beste ikerketa batean aztergai izan zenuten haurdunaldi planifikatuek eta ez-planifikatuek emakumeen osasunean duten eragina.
Hori Frantzian egin genuen, eta ikertu genuen ea haurdunaldian eta erditze ostean ezberdintasunik ote zegoen planifikatuta haurdun gelditutako emakumeen eta planifikatu gabe haurdun gelditutakoen artean. Mendebaldeko herrialdeetan asko dira oraindik planifikatu gabeko haurdunaldiak, heren bat gutxi gorabehera. Ikerketaren hipotesia zen seme-alabak edukitzearen ondorioak larriagoak direla planifikatu gabeko haurdunaldiak dituzten emakumeengan.
Planifikatu gabeko haurdunaldiak dituzten emakumeen osasun maila apalagoa da erditu bezain laster, baina gero berdindu egiten da alde hori. Baina bazegoen espero ez genuen zerbait: sintoma depresiboei dagokienez, ez dago ezberdintasun nabaririk haurdunaldi planifikatuak eta planifikatu gabeak dituztenen artean.