Ehunka lagunek manifestazioa egin dute gaur arratsaldean Bilbon, Jesusen Bihotzetik abiatuta, Borrokatzea zilegi delako, amnistia osoa lelopean. AEM Amnistiaren aldeko eta Errepresioaren kontrako Mugimenduak deitu du mobilizaziora. Martxan, elkartutakoek bandera ugari eta zenbait euskal presoren argazkiak eraman dituzte ikusgai, eta, besteak beste, oihukatu dute presoak "gudariak" direla, "ez terroristak".
Goizean, AEMk berak elkarretaratze bat egin du Bilbon, protesta egiteko La Bilbainan egitekoak ziren mahai inguru baten aurka. Parte hartzaileen artean zegoen Manuel Sanchez Corbi Guardia Zibileko koronelburu ohia; Kepa Urra torturatzeagatik zigortu zuen Bizkaiko Auzitegiak Sanchez Corbi, 1997an. Lau urteko espetxe zigorra eta sei urteko inhabilitazioa ezarri zizkion. Kondena, baina, ez zen eragozpen izan Sanchez Corbi Guardia Zibileko UCOko koronelburu izendatzeko, Jose Maria Aznarren gobernuak (PP) indultatu egin baitzuen 1999an. Aginte kargu horretan egon zen iazko abuztura arte.
Torturatzaileak alde hemendik lelopean, AEMk "benetako iraintzat" jo du hitzaldia: "Inork ez du herria babestuko herriak bere burua babesten ez badu. Zapalkuntzaren aurrean, gerra egitera etorri zirenen aurrean, borroka egitea zilegi da, borroka egitea beharra da".