Berrikuntzak izango dira 2026ko Araba Euskaraz-en. Arabako ikastolen aldeko jaia «antolaketa tradizionalera» itzuli da; hots, azken lau jaiak, pandemia ostekoak, Arabako zortzi ikastolek antolatu dituzte, eta Gasteizen egin dituzte guztiak. Alta, 2026koaren antolaketaren «pisurik handiena» Amurrioko Aresketa ikastolak hartuko du, eta herrian bertan ospatuko dute festa, ekainaren 14an. Gaur aurkeztu dute.
Haur Hezkuntzako, Lehen Hezkuntza eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikastola da Aresketa, eta 600 ikaslek baino gehiagok, 400 familiak eta 70 profesionalek osatzen dute. Horiek guztiak arduratuko dira antolaketaz. Jada badute leloa: Taupadak berpiztu!. «Euskaldunok euskara daramagu bihotzean, eta taupadak behar ditugu euskara bihotzetik burura eta mihira eramateko». Baita logoa ere: «Bihotz baten erdira doan eta zeharkatzen duen txinparta bat aukeratu dugu logotipo bezala».
Helburuak ere aurkeztu dituzte: egunerokoan euskararen presentzia areagotzea, hezkuntza komunitate osoaren arteko elkarlana bultzatzea, «kolektibotasunaren eta kooperazioaren balioak» berriro indartzea eta Aresketa ikastolaren proiektua ezagutaraztea eta zabaltzea.
Urte osoko jaia
Ekainaren 14a izango bada ere egun nagusia, Araba Euskaraz urte osoko festa izango da aurten ere, eta, Amurriora ez ezik, Aiaraldera eta Gasteizera ere zabaldu asmo dute. Horretarako, hainbat egitasmo prest dituzte dagoeneko: abenduan, Gazte Talent lehiaketaren finala, Gasteizen; urtarrilaren 25ean, Go!azen-ekoen kontzertua, Gasteizen; otsailean, euskal pilota topaketak, Amurrion; apirilean, Araba Euskaraz jaiaren abestiaren aurkezpena...
Ekainaren 14ari erreparatuta, oraindik ez dute antolatu egitarau osoa, baina zertzelada batzuk aurreratu dituzte: «Haurrentzat eta familientzat pentsatutako jai eguna ari gara prestatzen, baina adin guztietarako askotariko kultur ekintzak eskainiko ditugu. Jaia parte hartzailea izatea nahi dugu, eta euskararen erabilera bultzatuko duena».