Pastor
Darwin eta gu

Aitona azpeitiarra nuen

2025eko irailaren 20a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ez da euskalduna, ez daki euskaraz: agur, egun on, eskerrik asko eta antzeko esamolde batzuk baino ez. Intxaurrondoko txapeloker ilustratu samar batek Euskal Herrira iritsi eta astebete eskasean ikas litzakeen hitzak. Ez daki euskaraz, baina aitona azpeitiarra zuen. Batzuetan hori azaltzen du gai horretaz galdetzen diotenean: «Aitona azpeitiarra nuen». Hori du aterabidea. Kasu! Aitona azpeitiarra. Lehen abizena ere Urola aldekoa du. Besterik behar du? Badirudi aitaren aitaren azpeitiartasunaz baliatzen dela desenkusatzeko eta, bide batez, paparra apur bat ateratzeko. Erdalduna da, baina kontuz gero! ez edonolakoa: aitona azpeitiarra zuen, euskaldun peto-petoa, ez Meatzaldekoa. Aitona azpeitiarra du ezkutu. Eta lehenengo deitura, Golden Visa. Barra libre, beraz.

Aitona azpeitiarra duen gizonak ez du euskara behar izan hemen lan egiteko. Inoiz ez diote eskatu, ez enpresa pribatuan, ez administrazio publikoan. Kexu gara kanpotik datorren jendeak euskara ikasteko gogorik ez omen duelako. Nahiko lan dute haiek egoera prekarioan bizi eta behar egiteko. Hori ez da, inondik inora, hizkuntza ikasteko asmorik eza defendatzeko arrazoia. Alta, bertoko zenbait lagunen arduragabekeria larriagoa dugu. Nola jokatzen duten ikusi besterik ez dago. Aitona azpeitiarra izan arren. Edo amona azkoitiarra.

Zilegi da euskaraz jakin gabe edonon lan egitea. Funtzio publikoan ere bai. Horixe errepikatzen digute. Porru hori irentsiz gero, ez genuke zertan harritu enpresa pribatuek —telefonia arloko batek, adibidez— euskaraz ez dakiten langileak bidaltzen baditu herri euskaldun batera lan egitera. Zerbait erostera joan —hau da, enpresa horri dirua ematera— eta harexek ezarri hizkuntza-eskakizunak; harexek jarriko du arnasgune batean langile erdaldun bat dendan. Eta, horren ondorioz, zuk ere erdaraz egingo duzu. Zeraingo etxe batera azaldu edo deitu euskaraz jakin gabe Interneten eskaintza berria saltzeko. Euskaldunak besoak zabalik hartu eta haiek harritu euskal doinua duelako, oso nabarmena. Euskaraz egiteko esanez gero —my house, my rules; azken batean, zerbait saldu nahi dizu eta zure etxera deitu du—, orduan intolerantea deituko dizu saltzaile lotsagabe kolonizatzaileak. Hori marka!

Euskal Herriko autobus geltoki handiena trafikoari dagokionez, lagun bat informazio gunean lanean eta euskaraz jakin ez. Ingelesez, bai

Hizkuntza ezin da inposatu: euskara exijitzearen aurkako betiko argudio ustela. Izan ere, hori diotenek espainiera eta frantsesa inposatzen dizkigute etengabe hemen zein Espainian. Harantzago ere bai: uztailean zorrak kitatzera joan zen gizon bat Andorrako udaletxera. Berarekin gaztelaniaz hitz egiteko esan zion leihatilako emakumeari, bestela ez zion ordainduko eta. Neskak ezetz, Andorrako hizkuntza ofizial bakarra katalana baita. Espainieraz egin zion morroiak, baina funtzionarioak katalanari eutsi zion. Inoiz ikusiko dugu halakorik hemen?

Abuztua, Bilboko autobus geltokia. Informazio gunea / Punto de informaciĂ³n / Information Office. Bidaiaria barrura sartu da. Aireportura doan autobusa zer nasatatik irteten den galdetu dio hango andreari. Euskaraz. «Perdoonaa!?!?!?!», erantzun dio hark, begiak ia ñirñirka, aurrean estralurtar bat izango balu bezala. Harropuzkeria, begirunerik ez. Bera andre eta jabe bere txokoan. «Perdoonaa!?!?!?!». Hau da: «Nolaz bururatzen zaizu niri euskaraz egitea?». Halaxe. Tente-tente neska dotorea, hondartzako kolore ederra musuan.

Irten da bidaiaria eta atearen ondoan paratu. Non datorren bikote bat. Barrura sartu eta zerbait galdetu du ingelesez. Emakumearen boz atsegina entzun da orduan: «Yes, you have to go to...». Euskal Herriko autobus geltokirik handiena trafikoari dagokionez, lagun bat informazio gunean lanean eta euskaraz jakin ez. Ingelesez, bai. Euskaraz eginez gero, zakar erantzun, oldartuta, Madrilgo Avenida de América bus geltokian egongo bazina bezala. Baina ez, Bilbon zaude, euskararen hiriburuan (kar, kar, kar). Kanpotarrei euskara ikasteko eskatu, bai, baina gero erdaldun bat entxufatu. Hark ere azpeitiarra izango ote du aitona?

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.