Buenos dĂas» izan daiteke lasai arraio nire «egun on» batek 07:30ean Donostia Ospitaleko igogailuan jasotzen duen erantzuna. Kezkatuta eta pentsakor jasotzen dut guardian gertatu denaren berri, «buenos dĂas» horren hizkuntza berean, eta abiatzen naiz gaixoak ikustera. Erizainarekin eta gaixoarekin euskaraz aritu ondoren, gaztelaniara itzuliko naiz historia klinikoan idazteko. Gaur guardian dagoena elebakarra da, eta, nik idatzitakoa ulertzen ez badu, gaixoari kalteren bat sortuko ote dion beldur, Osakidetzako euskara planak onartzen didan euskaraz lan egiteko eskubideari uko egin behar? Noiz arte? Galdera horiek buruan ditudan bitartean, Javier erizaina inguratu zait. Haren ingurua ez da euskalduna, eta 30 urterekin liberatu zuen Osakidetzak euskara ikas zezan. Lortu zuen zegokion hizkuntza eskakizuna, baina non erabili ez duenez, bere euskara maila galtzen ari da. Lanean euskara erabiltzeko aukera bilatzen duen arren, nekez topatzen du.
Asaldura honetan bizi gara aukeraz beteta dagoen Osakidetzan. Euskal Herriko osasun sistemen artean, dudarik gabe Osakidetza da arreta normalizatu bat, gaixo bakoitzari behar duen hizkuntzan, alegia, emateko aukera gehien duen osasun sistema. Euskara plana, hizkuntza eskakizun portzentajea, esperientzia pilotuak, euskara eskatzen duen biztanle eta profesional kopuru handia, profesional euskaldunak sortzen dituen unibertsitate bakarra... zeren zain gaude, beraz? Hiru osagai aktibatuz, urte gutxian arreta normalizatua eskaintzeko moduan egon gaitezkeela esango nuke.
Lidergoa da lehena. Lidergoa zuzendari nagusienetik hasi eta kargu ertaineneraino. Osakidetzan edozein ardura dugunok sinetsi behar dugu arretaren normalizaziorik gabe ez dagoela kalitaterik, eta gaixoen segurtasuna arriskuan jartzen dugula. Euskara plana bete eta betearaztea da minimo ez-nahikoa, eta gaztelania hutsez bidaltzen dugun jakinarazpen bakoitza, arretaren normalizazioari erasotzen dion birusa. Gripe garaia inguratzen ari den honetan, horrelako birusak eguneroko kontua dira, eta Osakidetzak ez ditu bere zuzendaritzak birus horren kontra txertatzen. Zerbitzuburu edo kargudun ertain orok, euskara plana goitik behera betetzeaz gain, unibertsitatetik iristen den profesional oro euskaraz aritzera animatu behar du, eta horretarako erraztasunak eman behar dizkio. Zein izan daiteke kargudun horrek euskara ikastea baino erraztasun eta lidergo erakustaldi handiagoa? Egun, oraindik ere, inongo lidergorik ez duten pertsona elebakarrak izendatzen ditu Osakidetzak ardura karguetarako.
Bigarrena, euskaraz lan egingo duten guneak sortzen hastea. Lana euskaraz egin ezean, ezinezkoa da asistentzia normaltasunez euskaraz ematea. Egungo egoerak aukera ematen du osasun zentro bat, anbulantzia base bat edo ospitale bateko gune bat euskaraz lanean jartzeko. Gune horietatik abiatuz, ibilbideak sor daitezke. Historia klinikoan euskaraz idazten hasiko diren profesionalak. Gaixoari txostena euskaraz eman ahal izango dioten profesionalak. Putzu hauetan, Javier bezalako langileek lortzea hainbeste kostatu zaien euskara maila hobetuko lukete. Putzu hauetatik abiatuz, euskararen itsasoa egitura daiteke epe ertainera.
Eta hirugarrena, erkidegoko bi hizkuntza ofizialak erabiltzeko gaitasunik ez duten profesionalekiko kontratazio politika aldatzea. Lehen euskara planaren ebaluazioak zioen gisan, zentzurik ez du pertsona elebakarrak kontratatu eta ondoren euskaldundu beharrak. Horretarako plangintzaz eta epeez hitz egin dezakegu, baina berandu baino lehen pausoa eman beharra dago. Euskal osasun sistemek profesional elebidunak behar dituzte.
Hau da momentua. Orain dugu aukera. Izan bedi Euskaraldia hori ahalbidetuko duen tranpolina.
Euskaraldia. IRITZIA
Arretaren asaldura
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu