Pastor
DARWIN ETA GU

Bermeon ere 'malumeraz'

2022ko azaroaren 5a
00:00
Entzun
Katalunian gaztelera katalana bezain etxekoa dela adierazi du unionista batek Twitterren bidez. Joel Joan aktore katalanak bi datu eman ditu iritzi hori oinarririk gabe uzteko. Lehena: gaztelera ez zen Katalunian sortu. Bigarrena: 1990. urtean Kataluniako herritarren % 5 baizik ez ziren espainieraz bizi.

Euskara ala espainiera: zein zen Bermeoko mintzaira 1900ean? Zein hizkuntzaz maitatu eta gorrotatzen zuten elkar orduko bermeotarrek? Nongo hizkeraz lotu zituzten azken pentsamenduak, azken berbak, azken oihuak 1912ko galernan hil ziren arrantzale bermeotarrek? Eta haiekin batera zihoazen Elantxobe, Lekeitio eta Ondarroako itsasgizonek?

Begi bistakoak dira galdera horiei dagozkien erantzunak. Gaztelera ez zen Matxitxako aurrean jaio; Gaztelako hizkuntza ez zen bertako herritar gehienek eguneroko bizitzan erabiltzen zutena.

Orain, mende luzetxo pasatu ondoren, bestelako egoera dugu Bizkaiko herrian. Soziolinguistika Klusterrak 2021ean Bermeon eginiko hizkuntzaren erabileraren datuak ez dira pozteko modukoak: euskararen kale erabilerak behera segitzen du bertan. Egun %29,4koa da. Duela sei urte, %33,6koa. Beherakadari lotutako datu negatiboena gazteei dagokie. 15 eta 24 urte bitarteko bermeotarren %8,4k baino ez dute kalean euskaraz egiten. 2016an %14,8koa zen portzentaje hori. Hala ere, gazte horien %84,3 gai dira euskaraz egiteko.

Bermeon gazte gehienek dakite euskaraz. Egin, gero eta gutxiagok egiten dute, baina. «Aldatz-behera eta freno barik goaz Bermeon», esan dit hango lagun batek. Ondorioz, Eustatek kaleratu berri dituen datuak ez dira gandorra ateratzeko modukoak: EAEn gora egin du euskara dakiten herritarren kopuruak. Zenbateko hori zortzi puntu handitu da 2011tik. Nola neurtzen da hori, baina? Autoebaluazioaren bidez eginez gero, noraino dira fidagarriak datu horiek?

Gero eta jende gehiagok daki euskaraz; gero eta gutxiago erabiltzen da hainbat lekutan. Eskualde euskaldunetaraino iritsi da fenomenoa. Txorierriko lagun bati entzun nion, aspaldi: «Francoren garaian erdaraz egiten genuen eskolan, baina kalean euskaraz egiten genuen olgetan». Orain ez dugu zuzeneko errepresiorik. Unibertsitateko tabernan erdaraz ari diren euskarazko ereduko hiru ikasleek ez dute guardia zibil edo polizia nazional baten pistola buruan, erdaraz egitera behartzen dituena. Ez. Oso gustura ari dira. Erdara nagusitu zaigu. Euskaraz gelan eta erdaraz patioan. Hori gutxi ez, eta geletan ere erdara hedatzen hasi da euskarazko ereduetan. Argi gorria Ipar Euskal Herriko ikastoletan ere piztu da. Lehen euskararen gotorlekua zen eremuan erdara hasi da hedatzen.

Prestigioa behar du euskarak. Nik ez dut uste egun unibertsitatean euskaraz ikasten duten eta erdaraz alai egiten duten gazte euskaldunek euskara txorimaloen hizkuntzatzat dutenik. Seguru nago euskararen defentsa sutsua egingo dutela... espainieraz. Orduan?

Hizkuntza gutxituek eta haien hiztunek erreferentziak behar omen dituzte. Ez da abiapuntu txarra. Hortik haratago? Katalunian pozik daude. Baliteke 2023ko Eurovision kanta lehiaketan bertako talde batek katalanez abestea. Benidorm Fest festibalean erabakiko dute Espainia zein taldek ordezkatuko duen. Siderland taldea Eurovisionera joango balitz, milioika eta milioika lagunek entzungo lukete hizkuntza katalana zuzenean. Ederto. Berdin gertatuko litzateke festibal horretan Euskal Herriko musika talde batek euskaraz abestuko balu. Pop, rock, trap-a? Berdin dio. Nahi duzuna.

Ordea, biharamunean, zer?Eurovisionek salbatuko al du euskara? Zertarako itsutu hango argiekin biharamunean errealitate ilunera itzuliko bagara? Geure burua apur bat kontsolatzeko, goratzeko? Espainia demokratikoari aurpegia garbitzeko bere legeek eta epaileek euskara normaltzea etengabe oztopatu eta debekatzen duten bitartean? Zertarako balio digu Eurovisionen euskaraz kantatzeak, gero Bermeoko gazteek Malumaren hizkuntza erabiltzen badute eguneroko bizitzan?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.