Inigo Astiz

'Egunkaria kasua': horrore instituzionalari eta esperantza komunitarioari buruzko ikasgai bat

2026ko otsailaren 20a
14:18
Entzun 00:00:00 00:00:00

«Baina hori Europan gertatu zen?». Errusiak Ukrainan egindako erasoak kritikatzea gero eta zailago bilakatzen ari zela ikusirik, Georgiara jo zuen babes bila Anna Starobinets idazle errusiarrak, eta harrituta jaso zuen Egunkaria kasua-ri buruzko informazioa, BERRIA egunkarirako egindako elkarrizketa amaitu ostean izandako solasaldian. Baina ez da kasu puntuala. Gutxi gorabehera, antzerako harridura sentitu izan baitut aldiro Euskal Herritik kanpo literatur ekitaldiren baten harira egindako irteera bakoitzean. Nire kazetari lanbidearen aitzakian, edo Kontrola izeneko poemaren irakurketaren azalpen gisa, maiz izan dudalako kasu hori mintzagai, eta aldiro ikusi dudalako kasu bakar horrek, bere bidegabekeria guztiarekin, bere zigorgabetasun osoarekin, nola zartatzen duen bere burua giza eskubideen banderatzat aurkeztu nahi duen narratiba oso baten ispilua. Euskal Herriaren kasuan, maiz, ez baita babes oso handia suertatu Europaren aterki hori.

Ahots goraz indar betez defendatzen diren adierazpen askatasuna eta informaziorako eskubidea benetan zeinen hauskorrak diren gogorarazten du Egunkaria-ren itxierak. Akusazio faltsu batzuk nahikoa izan daitezkeelako teorian —hedabide bat den neurrian— demokrazia bermatzeko misioa aitortzen zaion egunkari bat itxiarazteko, eta, gero, erabateko zigorgabetasunez eta erantzukizunik hartu gabe esan daitekeelako oinarririk gabeko erabakia izan zela, hainbat urte iraundako prozesu judizial motel, eta, ondorioz, krudel baten ondoren. Inork ardura politikorik hartu beharrik gabe. Inork barkamen eskerik egin beharrik gabe. Besterik gabe, hedabide bat ixtea akats administratibo hutsal bat izango balitz bezala.

Baina ez da itxiera soilik. Torturaren gaia aipatzean ere isiltasuna sortzen da aldiro nazioarteko literatur irakurketa horietan. Europako erakundeen babesean egiten dira ekitaldi haietako asko. Diru publikoz babestuta. Denetan entzuten dute errespetuz hainbat urtez lankide eta proiektukide izandako lagunek jasandako bortizkeriaren kontakizuna. Samina adierazten dute. Nola ez. Baina kontakizun hori nazioartekotzeko aukera ematen duten erakunde horiek ez dute ezer egiten tortura kasu horiek ikertzeko. Eta antzera gertatzen da gertuagoko erakundeekin ere. Izan ere, Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak egin dituzte gaiari buruzko ikerketa akademikoak, baina azterlan horiek ez dute abiarazi tortura kasu horiek posible egin dituzten erakundeei eta jarduerei buruzko ikerketarik. Eta datuak ez dira, inolaz ere, hartxintxar solteak.

Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak eskatutako ikerketek 5.379 tortura kasu aipatzen dituzte. 4.113, zehazki, Araba, Bizkai eta Gipuzkoan denera, 1960tik eta 2014ra bitartean, eta 1.266 Nafarroan, 1976tik 2014ra.

Horregatik, errealitate hori ulertzeko ezin erabilgarriagoa da Olatz Dañobeitia ikerlariak bere azken liburuan baliatu duen kontzeptua ere: Torturagarritasuna. Garden azaldu zuen haren esanahia BERRIAn bertan, duela bi aste. «Torturagarritasuna zera da, komunitate bat torturatu daitekeela sinetsarazteko legitimazio prozesuak abiatzea, deshumanizazio prozesu bat abiatzea biolentzia batzuk gertatzeko, eta gizarteak, halere, beste alde batera begiratu eta aurrera jarraitzeko».

Fernando Grande Marlaska Espainiako Barne ministroa estutu du oposizioak egunotan Espainiako Kongresuan. Espainiako poliziaburu batek egindako bortxaketa kasu bat ezkutatzea leporatzen diote, eta ministroak erronka bota die erantzun gisa: «Biktimak bere burua babesgabe sentitu duela adieraziz gero, dimisioa emango dut, noski». Eta txaloz hartu dute duintasun beteko keinua hemizikloko haren kideek. Nahita ahaztuta, Giza Eskubideen Europako Auzitegiak bost aldiz kondenatu duela Espainia, Marlaska Auzitegi Nazionaleko epaile zen garaian salatutako tortura kasuak ez ikertzeagatik. Eta, noski, ez ikertzeagatik jarritako kondenek ez dute gerora ikerketarik abiarazi. Eta, beraz, ministroak egunotan bortizkeria matxistari buruz erakutsitako sentiberatasun adierazpena zeharo arrakalatzen da, duela aste pare bat Emaginek Donostian antolatutako Tortura feminismotik erreparatu izeneko jardunaldietan entzundakoekin. Izan ere, tartean behin erakundeek torturaren biktimentzat egiten dituzten aitortza instituzionalen garrantzia onartu arren, kasu gehienetan emakume torturatu horiek egiarik, erreparaziorik eta justiziarik gabe jarraitzen dute oraindik.

Eta hori da Martxelo Otamendi Egunkaria-ko zuzendariaren kasua ere. Giza Eskubideen Estrasburgoko Auzitegiak, kasu hartan ere, haren tortura salaketak ez ikertzeagatik zigortu zuen Espainiako Gobernua. 2012an izan zen hori, eta, halere, kondena horrek ez du ikerketarik abiarazi oraindik.

Ez da bakarra, noski, baina inguruko edozein erakundek bere buruaz egin nahi duen kontakizun onbera oro arrakalatzen duen ikasgai handi bat da Egunkaria kasua. Eta horregatik gogoratu behar da urtero. Eta horregatik aldarrikatu behar da aldiro aldarrikatu beharrekoa. Baina ez bakarrik erakusten dituen lotsa instituzional guztiengatik. Besteak beste, Egunero egunkariarekin lehenik, eta BERRIA egunkariarekin ondoren, Egunkaria kasuak argi erakusten duelako bestelako erakundeek huts egiten duten lekuan, maiz, komunitateak ematen duela babesik errealena. Eta horrore kontakizun bat ez ezik, esperantza kontakizun bat ere badelako horregatik.

KONTROLA*

Egun batean esan genuen

bonba bat izan da

eta gurekin daramagu

leherketa hura geroztik.

 

Zure izena aipatu zuten

polizia etxean beste behin

eta izen bera zenuten bik

egin zenuten ihes elkarrekin.

 

Nikola Madzirov poetak dio

segika dugula esan genuena,

eta egia da hemen ere.

 

Kontrolean galdetu didate

nondik zatoz

eta esan diet Ultzamatik

baina esan nahi nieke

beldurretik.

 

Sekula ez nago bakarrik han:

aberri zabala da izuarena.

 

Paul Muldoonek badu poema bat

B-Specials izeneko polizia indarraz:

kontatzen du nola joan zen familia

Ipar Irlandako beren herrixkan

errotonda egin berri bat ikustera

eta han entzun zuela lehenengoz

pistolarekin presio eginez

bere osabari nola utzi zioten

o baten marka idatzita kopetan.

 

Oin ohar bat dakar liburuak

datu horiek denak azaltzeko.

 

Ez dakit inoiz helduko garen horra.

 

Gure amonaren aita guardia zibilek

fusilatu zuten 1936an.

 

Gure amak metro gutxira ikusi zuen

polizia manifestarien aurka

balaz tiro egiten 1970ean.

 

Osaba atxilo hartu zuten

eta etxekoak mehatxatu

propagandako pegatina batzuengatik.

 

Senide bat hogei urteren bueltan hil zen

bonba auto bat prestatzen ari zela,

eta haren gertuko bat torturatu zuten gero,

gaia berriz sekula ez aipatzeraino.

 

Baditut lagun batzuk

kostata ikasi dutenak berriz ere

ateari bizkarra emanda esertzen.

 

90eko hamarkada betean

inor abisatu gabe eraman zuten bizilaguna,

eskuak beltz zituen aitzakian,

eta behin eta berriz galdetzen zioten

bonba non jarri ote zuen,

bera zurgin aritzen zelako orduan,

eta egun beteko lanaren ostean

itsatsita gelditzen zitzaiolako erretxina,

eta, poliziek hori jakin arren,

berdin jarraitu zuten bonbaz galdezka,

lagunaren ikaran mendekatzeko

ez dago argi zer abstrakzio.

 

Komisarietan biluzik jarri dituzte

nire egunkariko lankideak

duela hamarkada bat baino gutxiago

euskaraz idazte soilagatik

eta nik oraindik ez dakit

horri buruz zer esan.

 

Orain poesia izpien bila nabil

gertakari horien guztien artean,

baina ez dakit zer eraikitzeko.

 

Gainera, baliteke egiteko hori jada

poeta aproposagoen zain egotea.

 

Esaldi bat soilik datorkit niri:

badira gurekin amaitzen ez diren gauzak.

Eta ez dut uste nik asmatua denik.

 

Bestelako garai batzuen arrastoekin

zikinduta jaio nintzen sasoi honetara.

Akaso, aro guztietan delako horrela.

 

Gero galdetu didate nora zoaz

eta esan dut etxera

baina hori ere ez dakit seguru.

 

 

* Analfabetoa, Susa, 2019.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA