Pello Urzelai.
Analisia

Gezurtatze susmagarria

2012ko azaroaren 15a
00:00
Entzun
Manuel Valls Frantziako Barne ministroaren gezurtamenaren ondoren, François Hollande presidentearena ere etorri da. Gobernuak eta lehendakaritzak ziurtatu dute ez dutela esku hartzerik izan Aurore Martinen atxiloketan, «ustekabeko kontrol» baten ondorioa izan zela eta ezarritako prozedura «automatikoa» zela. Baina azalpen hori auzitan dago, ez du inork sinesten, ezta François Fillon lehen ministro ohiak ere. Aurore Martinen familiak bildu dituen datuak argigarriak dira: lau kontrol Aurore Martinek har zitzakeen ibilbide posibleetan, atxiloketa egindakoan kentzen direnak. Helburu bakarreko operazio izan zen, azaroaren 1ean Maule inguruan egindakoa. Zergatik ukatu egiten dute Barne ministroak eta presidenteak? Zerbait estali nahian ari direlako. Gertaeren sekuentzia aztertuta, bada posible hipotesi bat. Aurore Martin atxilotu baino lau egun lehenago, urriaren 28an, Frantziako Poliziak Izaskun Lesaka eta Joseba Iturbe ETAko ustezko kideak atxilotu zituen Lyonetik gertu. Egun berean, Manuel Valls Barne ministroari elkarrizketa bat egin zion El País egunkariak. Bi mezu nagusi eman zituen. Bata: «Espainiako Gobernuari jarraituko diogu erabakitzen duen guztian». Bigarrena: «Ez da egongo euskal administrazio egiturarik, ez dugu eztabaida hori ireki nahi». Ekintzek eta hitzek adierazten dute badutela ekintza batasun bat Espainiako eta Frantziako gobernuek, euskal aferari dagokionez. Bidasoaren bi aldeetan oztopoak eta galgak jartzeko nahi konpartitu bat antzematen da. Baina, sekuentziari so eginda, ondorioztatu ahal da atxiloketak gertatzeko unea Espainiako Gobernuaren hautua izan dela. Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetatik astebetera, emaitzen gainean ur hotza bota beharra sentitu duelako, era horretan agenda markatzeko saio bat eginda. Horixe liteke Frantziako agintariek ezkutatu nahi luketena: Espainiaren interesen eta beharren arabera jokatu izana, alegia.

Valls ministroaren elkarrizketak eta Aurore Martinen atxiloketak sorrarazi dituen erreakzioei begiratuta, trabatzeko ahalegina antzua izan dela ikusten da. Berandu iritsi dira. Dagoeneko nahiko heldurik dago Ipar Euskal Herrian mamitzen ari den gogoeta: Bake giroak ez dauka bueltarik, bakebidean urrats gehiago behar dira, eta euskal nortasuna onartzeko bidean erantzun zehatzak behar dira. Konpromiso maila handia erakusten ari dira kolore guztietako eragileek. Kalera atera dira, aurre egin diote Pariseko nagusikeriari, ez diete etsi euren asmoei, eta, esate baterako, Baionako Foroari eutsi diote. Foroa bertatik sortua da, baina Euskal Herri osoko dimentsioa izango du. Aieteko Konferentziaren arrastotik, bake bidean konpromiso eta urrats berriak bideratzeko tresna izan daiteke, fase berri baterako jauzi egiteko ohola.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.