Maialen Unanue Irureta.
Analisia

Guk egin ezean, nork?

2023ko ekainaren 26a
15:56
Entzun

Munduko bazter honetan sortu ginen, bada. Euskararen herria behar lukeen Euskal Herri honetan. Gure hizkuntzaren aurkako erasoak ez dira gaurko kontua, eta, hala ere, haietako bakoitza da mingarria, bere horretan. Halako baten ondorioz sortua da BERRIA, alajaina: zeinen urrun eta gertu, aldi berean, gelditzen den 2003a.

Batzuok ia dena eginda zegoela sortu ginen munduko bazter honetan. Euskaraz idatzi, irakurri eta ikasteko aukera izan genuen; baziren, ordurako, euskarazko telebista eta irratia ere; geroxeago, baita egunkari bat ere; euskaraz artatuak ginen anbulatorioan. Eta, ojo, halakorik ezin zezaketen imajinatu ere egin hamarkada gutxi lehenago: ez dira hain aspaldiko kontuak —gaur eta hemen, badira euskalduna izan eta parekoa euskalduna dela jakinda ere gaztelania batuan hitz egiten tematzen direnak—. Baina 1980ko hamarkadaren amaieran herri euskaldunean sortuak eta haziak, euskaraz bizi nahi genuela aldarrikatu beharko genuenik ere ez genuen espero.

Urteen poderioz, ikusitakoak ikusita, zenbateko arrazoia zuen Ruperrek: hori da suertea dutena nonahikoak diren horiek. Zeinen erraza genukeen geuk ere munduko hiritar izatea hautatu izan bagenu. Ez ezkertiar ez eskuindar, ez matxista ez feminista gisa definitzen diren horien tankeran, kasik. Inoren aldera edo inongo bandotara ez lerratzearen pribilegioa, edo beharrik eza. Sasi guztien gainetik hegan, edo indefinizioaren larrean eroso etzanda.

Halakoxe onddoak ari zaizkigu sortzen inguruan. Lanpostu publiko bat eskuratzea eskubidetzat daukaten elebakarrak; haurrak fabrikatu ezin eta besteren uteroak erosten dituztenak; bakarka edo taldean emakumeak bortxatzeko edota ezein norma hegemonikori men egiten ez diotenak jipoitzeko bezain fuerte direnak; norbere hondakinen ardurarik sentitzen ez dutenak.

Eta bai, berriz ere, arrazoi Ruperrek: batzuetan, benetan da nekeza euskaldun izatea. Txatxuak eta setatiak gu, non eta Euskal Herrian euskaraz bizi nahi dugula aldarrikatu behar horrekin. Txatxu eta setati izaten jarraitu beharko dugu, gainera, euskara biziko bada. Euskara behar dugu telebistan, eskoletan, anbulatorio eta ospitaleetan, Interneten, lagunartean, zineman, sare sozialetan, antzerkian, administrazio publikoan eta tabernetan. Noski, baita gure hedabideetan ere.

1980ko hamarkadaren amaieran jaiotakoon adin bertsukoa genukeen Euskaldunon Egunkaria, itxi izan ez balute. Izugarria izan zen kolpea, eta izugarria gizartearen erantzuna. Halaxe daukagu, orain, BERRIA esku artean, hogei urte beteta eta nerabezaroa pasa berritan. Gizartearen erantzun itzelari esker ez ezik, egunkari euskaldun eta nazionala ezinbesteko genuela konbentzituta zeuden langile haiei esker ere bagaude, orain, urteurrena ospatzen: baten faltan, bi egunkari sortu zituzten —Egunero lehenengo, BERRIA gero—. Eguneroko inurri lanari eutsita, nonahi gertatzen direnak euskaraz kontatzen, izana duenari izena jartzen jarraitu zuten. Eta eskerrak horri. Sorionekuak gu, munduko gure bazter hau aldarrikatzeko erakutsi zuten eta oraindik ere erakusten duten konpromisoagatik.

Zeren gauzak ez dira kasualitatez gertatzen. Egin egin behar izaten dira. Landu. Bultzatu. Baliabideak jarri. Defendatu. Dela eskubide bat, dela euskaraz bizi nahia bera ere. Izugarria baita (eta etsigarria) ikustea gure aurrekoek lortu zituztenak nola zapuztu diren, haize kolpe bakarrarekin. Hogei urte pasatu dira, eta oraindik ere mundua euskaraz kontatzen jarraitu nahi badugu, dela egunkari nazionalaren, dela tokiko aldizkarien bidez, den-denon babesak eta ekarpenek behar-beharrezko izaten jarraitzen dute. Ahal denean behintzat, nork bere modu edo neurrian.

BERRIA, lantoki ez ezik, eskola eta lagunarte ere izan dut zenbait urtez. Albiste faltsuen garaian, informazio iturri ez ezik, etxe ere sentitzen dut oraindik ere. Ezin ahaztu han ezagututakoak, ezta han ikasitakoak ere; gaur egun, oraindik, lagungarri zaizkit horiek guztiak. Talde lanaren garrantzia, ezer jakintzat ez ematearen eta aurrejuzguen hormatzarrak eraitsi beharraren lezioak; erlojuaren kontra lan egiteak gararazten dizkizun zentzumenak, tresnak eta abilezia. Hori beti zor izango diot BERRIAri. Eta, batez ere, bertako jendea: profesionalak, lankide onak, eta, batez ere, jende ona. Daudenak eta joan zaizkigunak.

Zorionak eta eskerrik asko lehenengo Euskaldunon Egunkaria eta gero BERRIA bultzatu, landu eta biziarazi duten eta duzuen guztioi. Hogei urte bete berritan, beste horrenbeste eta gehiago bete ditzala BERRIAk, maite dugun hori zaintzen jarraitzen dugun seinale. Zeren munduko bazter honetan ez bada, non? Eta guk egin ezean, nork?

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.