Antoni Segura i Mas.
ETAren atentatua Hipercorren. 30. urteurrena. IRITZIA

Hipercor, hogeita hamar urte

2017ko ekainaren 20a
00:00
Entzun
Kataluniaren eta Euskadiren artean beti egon da konplizitatea eta elkarrekiko mirespena. Espainiako gerrarekin estutu egin ziren harremanak: Kataluniak ume euskaldunak hartu zituen, eta Eusko Jaurlaritzak Bartzelonako Gracia pasealekuko 60. zenbakian ezarri zuen bere egoitza matxinatuek Euzkadi okupatu zutenean. Jose Antonio Agirre lehendakariak erbesterako bidea hartu zuen Lluis Companys presidentearekin batera, La Vajoldik, 1939ko otsailaren 5ean. Erbestean, EAJren egoitzan —Parisen eta Baionan— gorde zuten Generalitatearen dokumentazioa, Kataluniatik atera ahal izan zuten zatia.

1987ko ekainaren 19ko ostiral hura gogoan iltzatuta geratu zitzaigun. Gaur egun ere zaila da ulertzea ETAk Hipercorrekoaren gisako atentatu bat egin izana: arratsaldeko laurak eta zortzi minutuan, 27 kilo amonal zeramatzan auto bat lehertu zen Bartzelonako auzo ezagunenetako batean zegoen zentro komertzial batean: 21 hildako eta dozenaka zauritu. Kataluniako gizarteak, bertan bederatzi egun lehenago Herri Batasunako eurodiputatu izateko hautagai Txema Monterok 39.693 boto irabazi eta gero, ezin zuen gertatua sinetsi. Sekulako astindua izan zen. Estatuko segurtasun zerbitzuek huts egin zuten —ez baitzuten lokala hustu—, baina ETAk aurrez abisatu izana ez da aitzakia; izan ere, bereizi gabeko sarraski bat eragin dezakeen lehergai bat jarri izanaren erantzule jarri duena bera bakarrik da. ETAren atentatu handienaren zauriak inoiz ez dira erabat sendatu Katalunian; basatiegia izan zen ahaztu ahal izateko, nahiz eta urteetan agintariek ahaztuak izan zituzten biktimak.

Baina badago beste egun beltz bat katalanon oroimenean iltzatua. 2000. urteko azaroaren 21ean, asteartez, gaueko hamarrak aurretxoan, ETAk Ernest Lluch erail zuen Bartzelonan. Urte hartan, Lluch ez zen joan Donostiara oporretan, ohi bezala, ETAren jomuga zelako. Harridura sortu zuen horrek ere; izan ere, ETAren 1998-1999ko su-etenaren ondorengo urte gogor haietan, elkarrizketaren eta gatazkari irtenbide politiko negoziatu bat ematearen alde egiten zuten gutxi horietako bat zen Lluch. ETAk gizon on bat hil zuen, elkarrizketaren aldekoa, eta Kataluniako gizartea astindu zuen berriz.

Hamabi urte geroago, topaketa bat egin zen Bartzelonan ETAren biktimen (Hipercorrekoak barne) eta ETAren kontrako gerra zikinaren biktimen artean. Batzuek eta besteek euren bizipenak kontatu zituzten; adiskidetzearen aldeko espiritua bizi izan zen han, eta ezker abertzalearen aldetik etorkizunerako apustua izan zen hura. Sendotu beharreko apustu bat, iraganeko hutsegiteak ahaztu gabe, biktimei ordaina emanez, inoiz hautsi behar ez zen harreman bat lehengoratzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.