Amagoia Mujika Tolaretxipi.
Euskara. Oldarraldiaren aurkako manifestazioa. ANALISIA

Ideologia supremazista

2023ko azaroaren 05a
00:00
Entzun
«Justizia egiten dio nazionalismoaren inposizio linguistikoari». Carlos Iturgaiz EAEko PPko presidente ohiak ebazpen bat izaten den ia aldiro egiten ditu adierazpenok. Hitzok ez zaizkio berari okurritu, eta gutxi dute bat-batekotik. Euskara urrunegi joan dela uste zutenen eta uste dutenen mantra koralaren parte da, ongi pentsatutakoa, ideia bat baino gehiago jasotzen dituena. Horra hor euskararen kontrako oldarraldia esaldi bakar batean laburbildua.

Ikusi gehiago:«Akordio soziopolitiko berri bat» eskatu dute euskararentzat Bilbon

Batetik, auzitegietako ebazpenek «justizia» egiten diote justifikaezina deritzoten desorekari, alegia, gaztelaniak euskararen aurrean omen duen desorekari. Nazionalismoak —euskal nazionalismoak, esan nahi baita— sortu duen desoreka. Eta nazionalismo horrek inpunitate osoz hartzen ditu erabakiak, kontrol judizialetik kanpo, zeina onartezina den sistema demokratikoan. Onartezina da sistema demokratikoan joera politiko jakin bat duen epaile batek edo batzuek bertan behera uztea ariketa kontsentsuatuan hartutako erabakiak.

«Justizia» egiten dio euskal nazionalismoa itxia delako, atzerakoia eta baztertzailea, eta euskara, haustura tresna, diskriminatzailea. Espainiar nazionalismoa abertzalea da, positiboa, eta ez dago ismoei lotuta. Erdararen aldeko jarrera ez da nazionalista. Liberala, ordea, bai, hizkuntza aukeratzeko «askatasun osoa» ematen duelako, eta askatzaileentzat euskararen normalizazioa politika interesatu baten zerbitzura dago, txarra da, hizkuntza norbanakoen erabakia delako, eta ez «inposizio» bat. Ez dago eskubide kolektiborik, ez komunitariorik. Eskubideak soilik indibidualak dira.

Hamabost erabaki judizial urte eta erdian euskararen kontra, euskarak ustez merezi duen lekuan jartzeko, ez dadin harrotu euskaldun jendea. Banan-banan, horiek ere indibidualki hartu omen diren neurriak. Atzean estrategia politiko bat dagoela ukatuta.

PPren eta Voxen alboan jartzen dira PSE-EEkoak euskararen kontrako oldarraldia dagoela ukatzean, baina joera muturrekoenetatik aldendu nahian, erabaki judizialak errespetatu egin behar direlako esaldia erabiltzen dute, funtzionatzen baitu, eta kasu guztietarako balio du. Baina egia izango al da Luis Angel Garrido edota Juan Luis Ibarraren pareko justizia gizonek diotenak erabateko sinesgarritasuna ematen diela ebazpenei? Zapalduak zapaltzailea mendean hartzen duela sinetsarazteraino? Hizkuntza hegemonikoa goretsiz eta hizkuntza desplazatua gutxietsiz?

Eta nola egongo da ba estrategia politiko bat horien atzean? Gaztelania defendatu behar da eta euskara gerarazi, euskal instituzioak urrunegi joan direlako. Besterik ez. Modua eman baitute euskarak bide bat egin dezan. Hor ez dago tranparik, ez eta politikarik. Justizia soziala, gizarte kohesioa, bizikidetza eta halako kontzeptuek konstituzioarekin talka egiten dute, ez gehiago eta ez gutxiago; gure konstituzioarekin, alegia, Espainiakoarekin.

Espainiako 1978ko konstituzioa Espainiako nazioaren batasun zatiezinean oinarritzen baita, hura delako espainiar guztien aberri komun eta banaezina, eta gaztelania da Espainiako estatuaren hizkuntza ofiziala. Beraz, gaztelania ez den beste hizkuntza bat mehatxua izango da esparru guztietara zabaltzen saiatzen denean. Gainontzeko nazionalistek nazioa zatitzeko arriskua ikusten dute.

Eta koskak igoz doa EAEko Justizia Auzitegia bide horretan, hainbat kasutan Auzitegi Konstituzionalaren anparoan, euskararen normalizaziorako politika publikoen arauetako neurriak baliogabetuz. Idurre Eskisabel Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusiak dioenarekin bat eginez, «botere judiziala ari da hizkuntza politika egiten, legebiltzarren edo Jaurlaritzaren ordez».

Baina ezin da gertatzen utzi; ezin da permititu. Oso larria da gertatzen ari dena, baina aurrera egitea besterik ez dago, milaka herritarren hizkuntza eskubideak bermatzea baitago jokoan. Hizkuntza politikak indartzen jarraitu behar da, jauzi bat egin ahal izateko, beste tresna eta eredu batzuk landuz, euskal hiztunon etorkizuna bermatzeko, ez dezaten elebakartasuna inposatu.

Joan Mari Torrealdaik burua altxatuko balu, trilogia bat osatzeko material ugari izango zukeen oraingoan. El libro negro del euskera eta Asedio al euskera, más allá del libro negro-ren ostean beste kapitulu batzuk euskararen historiaren zapalkuntzari buruz, berriz ere erakusteko ez direla iritzi bakanak: «Ideologia linguistiko supremazista dago oinarrian».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.