Oraindik duelurako bidean doan pistolariari jadanik hilkutxarako neurriak hartzen aritzen den Lucky Luke komiki sortako ehorzlea igaro da Bilbotik egunotan. Suntsipena heltzen denerako lanak aurreratuta argitu da goiza Kale Nagusian. Larunbat arratsalderako deialdi bat zabaldu zen sareetan, Blocus delakoaren izenpean. Alde batetik zein bestetik hartutako proposamen politikoen nahas-mahas aski lanbrotsu baten erdian, denari su emateko promesa zen karteleko punturik ziurrena. Mundu digitalean ziztuan mugitu da deia, eta atxilotu bat ere eragin du mundu analogikoan. Eta tabernen bueltan ere beste hizketagairik ez da izan azken orduotan. Egongo ote zen iskanbilarik, edo, azkenean, ezerezean geratuko ote zen dena.
Eta, edonola ere, badaezpada, euren burua gotortzea erabaki dute Kale Nagusiko denda gehien-gehienek, nahiz eta, Gau Beltza izanik —eta, beraz, salmenta egunari uko egiteko asmorik gabe—, aldi berean ongietorria egin nahi izan dieten erosleei. Oholek zeharo oskoldutako erakusleiho eta atarietan honako mezu paradoxiko hau zintzilikatu dute horregatik, azken unean dendetan bertan inprimatutako paper xumeetan: «Irekita gaude». Sasoi ziurgabe bezain azeleratuak dira hauek.
