Mungian margotutako muralak eragin du xextra. Lauaxeta, Txiki eta Otaegi batera ageri dira. Frankismoak hirurak fusilatu zituela adierazten da horman. EAJk berehala erantzun du, ia trumilka: ez konparatu Lauaxeta Txiki eta Otaegirekin; ez zuritu «talde terrorista bat»! Norbaitek pentsatuko du Bizkaiko herriko irudi hori lekuz kanpo dagoela, ez zela egin behar. Edo eztabaidagarria dela haren egokitasuna. Dena den, ez genuke testuingurua ahaztu behar: batetik, frankistek hildako lagunak azaltzen dira, borroka modu desberdinean egin zutenak, baina faxisten biktimak hirurak; bestetik, murala Laukizko poeta jaio zen eskualdean agertu da, oso maila lokalean.
Mungiako gertakariaren harira, Lauaxeta aipatu du Aitor Estebanek: «Gure erreferentzia ez dira Txiki eta Otaegi, Lauaxeta eta bere jokabidea baino». Poeta bizkaitarra 1937an fusilatu zuten frankistek. Zer esango zuketen jeltzaleek 1987an, hilketaren 50. urteurrenean, herri txiki batean EAJko bertso libre batek —bertso libreak nonahi baitira— Lauaxeta omendu eta, horrekin batera, Txiki eta Otaegi ere gogoratu ondoren, baten batek erantzun balu: «Gure erreferentzia ez da Lauaxeta, Txiki eta Otaegi eta beren jokabidea baino». Eta jarraian euskal literaturako beste izen handi batzuk aipatu balitu, ETArekin bat egin zuten pertsonenak —orduan bizirik zeudenak edo gaur oraindik ere gurekin ditugunak—.
Ez dute nahikoa erregimen juankarlistan izandako borroka armatua gaitzestea; diktaduraren denborakoa ere arbuiagarria da. Zergatik ote? Haien balioen aurkakoa delako? Hala bada, kontsekuenteak izatea komeniko litzaieke: aparatu frankistako torturatzaile sadiko baten kontra egitea bidegabea izan bazen, Pretoriako erregimen arrazistako torturatzaile higuingarri bat hiltzeak ere arras gaitzesgarria izan behar luke.
Diktaduran askatasunaren eta justizia sozialaren alde egitea eta borrokatzea negatiboa da? Zer egin behar zuten Txikik eta Otaegik?
Haiek munduko hainbat lekutan egindakoa egin ez zutelako —armak eskuan diktadura bati aurre egin— gurean bide hori hautatu zutenak kritikatzen dituzte. Mandelak Hegoafrikan eta Mujicak Uruguain segitutako borroka balioesten dute. Hemen, berriz, biolentziarik ez. Inolaz ez, diktaduran egurra goi eta behe jasota ere. Gu, lasai, Franco ohean usteldu arte. Euzkadik bear zaitu! Bai, baina zertarako behar zintuen Euzkadik garai haietan? Soilik kaikua jantzi eta txistua jotzeko? Mandela txalotzen dute —borroka armatuari ekitea erabaki, nahi gabe zibilak hil eta, hala ere, bide hori hartu izana inoiz damutu ez zitzaion gizona—. Berton, aldiz, frankismoak hildako azken euskal militanteei buruzko erakusketa udal aretoan jartzea galarazi dute. Non eta Zarautzen, Txikiren herrian.
«Lauaxeta balioen ozeano batek bereizten du Txiki eta Otaegirengandik», eman du aditzera BBBko buru Iñigo Ansolak. Diktaduran askatasunaren eta justizia sozialaren alde egitea eta borrokatzea negatiboa da? Zer egin behar zuten Txikik eta Otaegik? Etxean geratu Ikusi mendizaleak kantatzen, frankismoa gure herria zapaltzen eta euskaldunak torturatzen eta hiltzen ari zen bitartean? Eta bai, ezin jakin Txikik eta Otaegik zer ikuspegi politiko izango luketen egun bizirik baleude. Ados. Halaber, ez genuke pentsatu behar Lauaxeta gerra osteko frankismoan bizirik egon balitz, ezinbestean EAJrekin bat etorriko zatekeela. Pertsona bat baino gehiago urrundu ziren alderditik. Ez ahaztu.
Noiz da bidezkoa injustiziaren aurka altxatzea? Konrad Paul Liessman-ek, Vienako Unibertsitateko irakasleak, iritzi artikulu bat argitaratu zuen Neue ZĂ¼rcher Zeitung egunkari suitzarrean duela bi aste: Erresistentziaren krisia. Testuan azaldu zuenez, zenbait egoeratan zilegi da erresistentzia armatua. Hitlerren kontrako atentatuak aipatu zituen adibide gisa. Eta esaldi esanguratsu bat: «Zuzena oker, bidegabe bihurtzen denean, erresistentzia betebehar bihurtzen da». Liessmanen arabera, berba horiek ez dira Bertolt Brecht-enak, jende askok hori pentsa lezakeen arren: 1890. urtean hedatu zituen Leon XIII.ak Sapientiae christianae entziklikan.Â
Esan diezaiotela demokrata alemaniar bati edo munduko edozein demokratari Hitler hiltzea —aukera izanez gero— ez zela zilegi izango. Ohean hiltzen utzi behar zutela. Ea zer erantzuten dieten.